Tropela.net 2010 sari banaketa ekitaldi arrakastatsua

Tropela.net 2010 sariak. Sarituekin argazkia

Arrakastatsutzat jotzen dugu pasa den ostiralean (urriak 8an) izan genuen sari banaketa ekitaldia izan ere jende andana bildu baikinen bertan. Gure kalkuluen arabera 70 lagunetik gora izan ginen bertan eta hori eskertzekoa da. Eskerrik asko etorri zineten guztioi; arratsalde on bat pasa izan zenutelakoan gaude.

Tropela.net 2010 sariak. Amets, Haimar eta ArritxuArritxu Iribarrek gidatu zuen 2010eko sari banaketa ekitaldia. 50 saritik gora genituen banatzeko eta horretarako laguntza ezin bestekoa genuen. Aurtengoan ere Haimar Zubeldia eta Amets Txurrukaren laguntza bikaina izan genuen sari guzti horiek banatzeko. Eta amaitzeko, pintxo eta edariez gozatu aurretik, Agin Rezola eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek zenbait bertso eskaini zizkien bertaratutako guztiei.

Bertsolarien aurretik Egoitz Lizasok Tropela Elkarteko ordezkari gisa amaitu berri den 6. denboraldi honen inguruan azalpenak ematen aritu zen: lehiaketa kopuruen gorakada, urteko sailkapenari emandako garrantzia, parte hartze igoera, euskararen presentzia altua … eta batez ere bai euskal txirrindulariei, bai laguntzaile eta babesleei eta, nola ez, parte hartzen duzuen guztioi eskerrak eman zituen.

Eskerrik asko guzti guztioi zuen laguntza eta babesagatik. Honek guztiak aurrera egiteko indar berritzen gaitu.