Tropela.net maillota laster salgai!

Aurtengo urtean Tropela.net maillota ateratzea erabaki dugu. Hemen gehitzen dizuegu izango denaren aurrerapen irudia. Espero dugu gustuko izango duzuela.

Maillotaren inguruko detaile eta prezioak aste honetan zehar emango ditugu ezagutzera. Baita ordainketa moduak ere.

Aurtengoan Tropela.net “errepidera irtengo” dela esan dezakegu!

Tropela.netek 6 urte betetzen ditu gaur!

Gaur 6 urte betetzen ditu Tropela.net webguneak. 6 urte daramatzagu 2005eko Tourreko lehiaketa martxan jartzeko hasi ginenetik proiektuarekin lanean eta gustura hasiera hartan ez baikenuen aurre ikusten 6 urtez daramagun ibilbidea egingo genuenik.

Atzo 2011ko Euskal Herriko Itzulia jarri genuen martxan eta jaso genezakeen oparirik onena jaso dugu. 24 ordu ere ez dira pasa kiniela egiteko epea ireki dugunetik eta epe honetan 2.563 kiniela egin dira. Sekulako marka!

Eskerrik asko guztioi gurekin euskaraz txirrindularitzaz gozatzeagatik eta zorionik beroenak zuei guztioi gurekin parte hartzen jarraitzen duzuelako! Ia urte askotan horrela jarraitzen dugun!

Tropelan tropeltxo bereziak: 3erregeenmahaia

Dakizuen bezala Tropelan era guztietako tropeltxoak daude: koadrilakoak, familiakoak, lantokikoak,… eta beste batzuk bereziagoak direnak. Berezi horien artean aurkitzen dira zenbait tabernek beraien porrak egiteko erabiltzen dituzten tropeltxoak (Zarauzko Joshemari kasu).  Orain komunikabideetako saioak ere bide hori hartzen ari dira.

Info7k bere tropeltxo propioa badu iaztik. Bide beretik dator orain Euskadi Irratiko “Hiru erregeen mahai” kirol saioa. Saio honetako arduradunek 3erregeenmahaia tropeltxoa sortu dute nahi duenak bertan parte hartzeko. Baina tropeltxo honen kasuan sariak banatuko dira laster jokatuko den Euskal Herriko Itzuliko lehiaketan. Hori da 3erregeenmahaia tropeltxo honek duen berezitasunik handiena.

Jakin arazi digutenez tropeltxoko lehen hiru sailkatuei sariak emango zaizkie (Olaizola sagardotegian otorduak edo Euskalteleko materiala moduko sariak) eta tropeltxo horretan parte hartzen duten guztien artean zozketa bidez beste zenbait sari.

Ez dago aitzakiarik Tropelan parte ez hartzeko sariak baitaude bai Tropelean baita tropeltxo berezietan ere.

Urte berri on! 2011ean Tropela gehiago!

Tropela.netUrte berri on guztioi!! 2010a urte oparoa izan da ba Tropelarentzat eta zuei eskerrak eman nahi dizkizuegu horretan lagundu izanagatik.

2010ean 9 lehiaketa antolatu genituen. 2010eko martxoaren 7an ekin genion lehen aldiz Paris-Niza lasterketarekin. Ondoren Euskal Herriko Itzulia, Ardenetako Hirukotea (hau ere berria), Italiako Giroa, Dauphine Libere (hau ere berria), Frantziako Tourra, Donostiako Klasikoa, Espainiako Vuelta eta Munduko Txapelketa izan ziren. Munduko txapelketan ere aldaketan izan genituen eta 2010ean erlojuaren kontrako saioa ere puntuagarria izan zen. Lehiaketa guzti hauekin Urteko Sailkapena osatu genuen.

Lehiaketa guztietan gutxienez 5.000 kiniela izan genituen 2010ean eta errekorra, orain arte izan den bezala, Frantziako Tourrean izan genuen 11.541 kinielarekin. Bataz beste lehiaketa bakoitzean izandako parte hartzaile kopurua 7.000 kinielatakoa izan zen. Urte guztian izandako kiniela kopurua, berriz, 63.102 kiniela izan dira.

Guztion artean sari ugari banatu genituen 2010ean ere: bizikletak, otorduak, maillotak, ekipamenduak,… eta guztia doako parte hartzea izan arren.

Blogari dagokionez, 143 berri idatzi ditugu 2010ean gure blogari taldeari esker eta hainbat iruzkin jaso ditugu. 2010eko berrikuntza Tourrean grabatutako podcast-ak izan ziren; ia 2011ean ere podcast-ekin jarraitzeko aukera izaten dugun.

Sare sozialetan ere aritu gara 2010ean. Facebook-en 1.307 lagun ditugu eta 1.425 lagunek gustuko dute Tropela. Twitterren, berriz, 234 jarraitzaile ditugu.

Google-etik ere datu batzuk atera nahi izan ditugu. 2010ean 982.000 bisitatik gora izan ditugu. Bisitari bakarrak 162.000tik gora izan dira eta 5.000.000tik gora izan dira deskargatutako orrialdeak. Datu bikainak direla iruditzen zaigu euskara hutseko webgunea izanda eta hau guztia zuen fideltasunagatik izan da. Eskerrik asko guztioi!

Dagoeneko 2011erako prestatzen

Sartu berri garen 2011ean berrikuntzak izango direla aurreratu nahi dizuegu. Webgunean bertan aldaketatxo batzuk egingo dira eta laster izango dituzue ikusgai. Sorpresaren bat edo beste ere izango da, beraz, adi izatea gomendatzen dizuegu.

Ia 2011a iazkoa bezain oparoa izaten den! Txirrindularitzaz elkarrekin gozatzeko prest izango gara 2011ean ere! Urte berri on!