
Nire ustez gaur Vinokourov, Garzelli, Basso, Nibali, Cunego, Scarponi eta Pinottik egin duten ihesaldi saiakera hori atzokoan egin zuten erridikuluaren ondorengo protestatxoa izan da. Evansek ere bere saiakeratxoa egin du, baina ez tropeletik irteteko gauza izan.
Gaurkoan Garmin saiatu da lasterketa kontrolatzen Farrar-i Giro honetako azken garaipena lortu asmotan. Helmugarako 11km falta zirela, Potenzako igoera probestuz, aipatutako oilarrez gain Pozzato, gaurko etapako irabazlea, Voeckler eta Pinau batu zaizkie. Batzuek etapa zuten helburu. Eta besteek? Sailkapen nagusian denbora ateratzea?
Esandakoa, atzokoak askori min ikaragarria eman zien. Vinokourov azken metrotan esprintatzen hasi da etapa irabazteko asmotan, segur aski atzoko amorrazioa agerian utzi nahian, baina gaurkoan ez zaio ondo atera. Liquigaseko bi liderrak ere ez dakit zertan zabiltzan; Bassok atzo egindako deklarazio batzuetan Kiserlovski eta Agnoli sailkapen nagusiko lehen postuan izatea ontzat ematen zuten. Hala bada, zergatik gaurkoa?
Tentsioa nabaria da tropelean. Vinokourov eta Evansen taldeak indar gutxikoak direla agerian geratu da. Astana dagoeneko 3 txirrindulari gutxiagorekin ari da, horietako bajarik nagusiena Tiralongo izanik. Evansen kasuan, berriz, 4 txirrindulari gutxiagorekin. Honek guztiak eta atzoko denbora galerak bi lider hauen artean behintzat egonezina eragin beharra du.
Ikusi beharko da Contador zein talderekin joaten den Tourra lehiatzera; etxetik jarraitzen ari den Giro hau ikusita, ni bere lekuan kezkatzen hasiko nintzateke (maiatzaren 15az geroztik twitterrean ere ez du Giroaren inguruko aipamenik egiten; esanguratsua).
Argazkia: Bettini (cyclingnews.com)

Web gune honetako zale gazteenek ez dute jakingo ziur asko zer den Folgaria. Zaharragoak direnentzat, agian, ezaguna izango da izena. Mendate baten izena da, eta bertan zerua ukitzetik gertu egon zen Cadel Evans 2001eko Giroan. Baina infernu bilakatu zitzaion igoera. Lehengo larunbatean lokatz artean igotakoarekin ez du zer ikusirik Folgariak. Errepidea dotorea da, batere zulorik gabekoa. Baina Folgariako aldapa amaiezina da. 20 kilometro dira guztira. 2001eko Giroko mendiko azken etapan igo zuten. Italiako itzulia gori-gorian zegoen, eta Cadel Evansek maglia arrosa zeraman soinean. Australiarrak baina, sekulako txakalaldia hartu zuen, Dario Frigorekin batera, eta biak ezinean ibili ziren malda madarikatu hartan. Savoldellik irabazi zuen Giroa.
Gaurkoan etapa ehiztarien lehia ikuste espero genuen, baina azkenean sailkapen nagusiko txirrindulari indartsuenek eman digute ikuskizuna. Bukaeran faboritoen artean sortu diren denbora tarteak itzelak izan dira; esate baterako, 