Nibali: faborito nagusia?

Nibali maglia arrosa janzten

Ikuskizuna eman zuen Liquigasek atzo taldekako erlojupekoan. Gazzetta-koek zuzenean behin eta berriz esan zuten moduan, “incredible la prestazione de la Liguigas”.  Eta Nibali eta Basso lehen eta bigarren dira sailkapen nagusian.

2008a datorkit burura: orduan, Astana taldea gonbidatu zuen Giroak, lasterketa hasi baino hamar bat egun lehenago. Contadorrek berak  esan zuen “hondartzan” zegoela taldearen deia jaso zuenean Girora joateko -gutxik sinetsi zioten-. Girora joan, eta baita irabazi ere egin zuen.

Bada, aurtengo Giroan, Pellizottiren lekua betetzen ari da Nibali. Guk bost egun lehenago jakin genuen albistea: Pellizottik gorabeherak izan zituen pasaporte biologikoarekin, 2009ko Tourrean. Ia hamar hilabete pasa dira iazko Tourretik.

Iaz, Tourrean, 7. izan zen Nibali, eta onenekin batera ibili zen mendiko etapetan.

Hau guztia esanda…

1) Guk bezala,  Liquigas taldeak Giroa hasi baino bost egun lehenago jakin zuen Pellizottiren aferaren kontua?

2) Ala Liquigas taldeak aspalditik zekien Pellizotti ez zela Giroan izango eta Nibali buru-belarri ibili da Italiako lasterketa gertatzen?

Duela astebete, Evans, Vinokourov, Sastre, Basso, Pellizotti, Pozzovivo, Garzelli, Scarponi… izen horiek zeuden guztion ahotan.

Eta orain? Zuek zer uste duzue? Orain momentuan, Giroa irabazteko hautagai nagusia da Nibali?


Oh.: Nibalik, etaparen ostean, esan zuen Basso dela taldeko liderra -zer esango du ba…-, eta arazoa beste taldeek daukatela; azken hori egia handia da.

Argazkia: Roberto Bettini (cyclingnews.com)