Eneko Garate (@egarate), Raul Perez (@raulperezmartin) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) Tropelaren podcast berri honetan 2011ko Giroaren ibilbidearen inguruan aritu dira. Aurtengo Giroa bere gogortasunagatik egin da erakargarri eta horren inguruan aritzen dira hiru solaskideak podcast honetan.
Kategoria Artxiboak:Italiako Giroa
Italiako Giroa: gogortasuna muturrera eramanda?
Giroko antolatzaileek Italian zehar dauden mendateak dituzte alde ibilbide gogorrak prestatzeko orduan. Urteak joan urteak etorri oso etapa aldapatsuak izaten dira Italiako itzulian, eta aurten bide beretik joango da hiru asteko lehenbiziko itzulia.Taldekako erlojupekoarekin hasiko da lasterketa. Aldea egongo da, noski, batzuen eta besteen artean, baina ikusita zer nolako etapatzarrei egin beharko dieten aurre, lehen erlojupeko horrek utziko dituen aldeak sinbolikoak izango dira, ziur. Continue reading “Italiako Giroa: gogortasuna muturrera eramanda?”
2010ari errepasoa (X) Ivan Basso: bizitzak arrosa kolorea hartzen duenean
Giroan, Tourrean ez bezala , ustekabean edozein txokotan izan ohi dira. Aurten ezustekoak lasterketa hasi aurretik iritsi ziren; Pellizotti jokoz kanpo utzi zuten, bere pasaporte biologikoaren emaitzak ez ohikoak zirelakoan. Hori ikusirik, Liquigaseko nagusiek Vincenzo Nibali eraman zuten Girora, nahiz eta italiar gaztea oporretan zegoen –edo hori esan zuten behintzat bere taldekoek-.
Bradley Wigginsek jantzi zuen aurreneko maglia arrosa, baina nabarmendu behar da Alexander Vinokourovek oso gogotsu ekin ziola Giroari, eta amorru biziz ikusi genuen taldekako erlojupekoan maglia arrosak ihes egingo ziola jakitun. Lehen astea bukatu aurretik, itzuliko etapa ikusgarrienaren txanda izan zen. Strada Bianchen etapa alegia. Hau da, asfaltatu gabeko errepideetan aritu ziren txirrindulariak. Hori bakarrik ez; euria egin zuen, eta horrek are gehiago gaiztotu zuen etapa; Basso eta Nibali erori egin ziren eta lokatzez betetako errepideetara iritsi zirenerako Evans, Vinokourov eta Arroyo, besteak beste, aurretik zituzten. Borroka ikusgarria izan zen –aldapa tenterik ere bazegoen bide haietan-, eta azkenean, Evansek etapa eraman zuen eta Vinokourovek jantzi zuen ostera ere maglia arrosa.
Handik etapa gutxira, beste ezusteko galanta. L`Aquila bidean, tropelaren erdiak egin zuen aurrera eta faborito guztiak atzean geratu ziren. Emaitza? Richie Porte Saxobank taldeko australiar gazteak maglia arrosa jantzi zuen. David Arroyo espainiarra ere aurreko taldean helmugaratu zen. Bi txirrindulari horiek protagonista bilakatuko ziren probaren azken txanpara arte. Giroa gaizki hasitako Carlos Sastre espainiarrak lehen postuetara jauzi egin zuen etapa harrigarri hartan. Evans, Basso, Scarponi eta abar ia hamar minutura zeuden sailkapen nagusian etapa hura eta gero.
Horiek horrela, Liquigas taldeak lasterketaren lema hartu eta Monte Grappa eta Zoncolaneko etapetan erakutsi zuen talde indartsuena zela. Lehenengo etapan, Nibalik irabazi zuen –bakarrik helmugaratu zen-, eta hurrengo egunean, Zoncolan itogarrian, Bassok. Richie Portek maglia arrosa galdu zuen, baina haren oinordekoak, David Arroyok kuraia sobera erakutsi zuen handik Giroaren bukaera bitartean.
Ivan Bassok eta Nibalik gogotik egin behar izan zuten lan Apricara bidean, itzuliko etapa gogorrenean; Mortirolon atzean utzi zuten Arroyo, baina jaitsieran espainiarrak ia-ia bat egin zuen Liquigaseko bi txirrindulariekin eta haiekin zihoan Scarponirekin. Ia-ia, baina ez ziren elkartu eta Apricarako bidean lortu zuen Bassok Arroyoren abantaila ezer ezean uztea.
Hortaz, Vareseko igotzaileak bigarrenez irabazi zuen Giroa –lehena 2006an- eta Nibalik erakutsi zuen txirrindulari puska dela, lehen aldiz hiru asteko itzuli bateko podiumera igo baitzen. Arroyo espainiarra bi italiarren ondoan izan zen Veronako Coliseum ikusgarrian jarritako podiumean. Ezin laburpentxo hau amaitu Richie Porte aipatu gabe. Julenek Peter Sagan Paris Nizako ustekabeko nagusia izan zela gogora ekarri zigun duela aste gutxi. Bada Giroan, 25 urteko Richie Portek zur eta lur utzi zituen zale guztiak, egiazki. 2011n berretsi beharko du aurten erakutsitakoa.
Euskaltel-Euskadik 2011ko Giroan parte hartuko du
Hiru urte eta gero, Euskaltel-Euskadi Italiako Giroan izango da. UCI Pro Tourrean onartua izanarekin batera, hauxe da talde laranjaren inguruan azken asteetako albiste nagusia. Igor González de Galdeanoren esanetan, gaur egungo taldeak ez dauka zerikusirik 2007an azken Giro hartan parte hartu zuenarekin. Taldea askoz helduago ikusten du, bere aukeretaz konfiantza gehiagorekin, Giroan zeresana emateko moduan, azken finean.
Eta albiste honen barr
uan beste albistea, titular handiagoa akaso, Igor Antonek Giroan parte hartuko duela da. 2005ean, bere debut urtean, joan zen Igor Girora lehenengoz, eta azkenekoz. Urte hartan Giroa ez zegoen bere planetan, baina Alberto López de Munainek lepauztaia hautsi zuen lasterketa baino egun batzuk lehenago, eta arabarraren lekua Antonek bete zuen. Eta nola bete gainera. Lehen astean etapa amaieran zegoen malda labur baina tente baten Paolo Bettini, Damiano Cunego eta Davide Rebellin bezalako txirrindularie gangortu egin zitzaien, eraso kolpe bikain bat jota. Gero atzetik atrapatu egin zuten, baina han gelditu zen txirrindulari txiki eta ezezagun baten agerraldi hura. Gero, normala den moduan, lasterketa luzea eta gogorra egin zitzaion, baina azken astean, etapa erregina ahaztezin hartan, Finestre beldurgarrian lehen 10 kilometroak taldeko buruan egin zituen, Savoldelli, Simoni, Di Luca, Rujano, etabarrekin. Azkenean sailkapena 83º postuan bukatu zuen, eta leher eginda. Taldetik bigarren astean lasterketa uztea proposatu zioten, hain gaztea izanik luzea egingo zitzaiola argudiatuz, baina galdakoztarrak burugogor amaiera arte jarraitu zuen.
Datorren urtean, ordea, beste helburu batekin joango da Girora Igor. Azken Vueltan erakutsi du zenbat hasi den, tropeleko igotzailerik onenetariko bat izatera iristeraino gaur egun. Eta Giroan faboritoa izango da, ezinbestean. Gainera datorren urteko Giroa, antolatzaileen estiloari jarraiki, oso gogorra izango da. Akaso aurtengoa baino gogorragoa. Bada zerbait. Guzti hori gutxi balitz, Mikel Nieve galdakoztarrarekin izango da Torinoko irteeran. Ikusteke dago zein txirrindularirekin osatuko duen taldea Galdeanok, baina bi izen horiekin nire ilusioa piztuta dago dagoeneko. Koldo Fernández eta Urtasun ziurrenik Giroan izango dira. Nire ustez Daniel Sesma edo Miguel Mínguez, Cazaux, Alan Pérez eta Aramendiak irteeran izateko aukera asko dituzte. Oroz nora joango den ikusteke dago, joko asko ematen baitio taldeari parte hartzen duen lasterketa guztietan. Izan ere, Samuel Tourrera joanda, honekin batera Amets, Egoi Martínez, Ruben Pérez eta Gorka Verdugo ziur joango dira Frantziar errepideetara. Romain Sicardi ere ordua iritsi zaiola deritzot. Girora itzulita, Igor Antonen aurkari nagusiei gainbegirada bat emanda, Ivan Basso aipatzea ezinbestekoa da. Azken Giroko irabazlea Liquigas talde indartsu bat atzetik duela joango da. Sylvester Szmyd, Robert Kiserlovski, Valerio Agnoli… talde gizon onak dira duda gabe. Dena den, Nibali ziurrenik ez da joango, aurtengo Vuelta irabazita ziurrenik Tourrean konzentratuko baita, bere txirrindulari karreran beste pausu bat emateko. Dena den, Scarponi, Evans, Vinokourov edo Cunego bezalako txirrindulariak ere irteeran izango dira, ondo bidean.
Euskaltel-Euskadiren datorren urteko denboraldiari gainbegiratu orokor bat emanda, ilusioa izateko arrazoiak badauzkagu. Laburpen azkar bat eginda: Giroan Igor Anton eta Mikel Nieve. Tourrean Samuel Sánchez, Romain Sicard eta Amets Txurruka. Vueltan Igor Antón, Mikel Nieve eta Amets Txurruka. Aurtengo denboraldi aparta hobetuko al du Euskaltel-Euskadik? Igor Antonek Giroan podiuma zapalduko al du? Hala bada, irabazteko moduan ikusten al duzue? Galdera guzti hauen erantzuna, datorren urteko Maiatzean.
2011ko Itzuli Handien ibilbideak (II). Italiako Giroa
Tourraren ibilbidea aurkeztu eta egun gutxira, Italiako Giroaren ordua izan da. Larunbatean aurkeztu dute italiarrentzat hain maitatua den txirrindularitza proba. 
Beti gertatzen den moduan, aurkeztu aurretik baziren ibilbideari buruzko zurrumurru batzuk kalean baina egia esateko, gehiegizkoa iruditzen zitzaidan esaten ari zen guztia edizio bakarrean izatea eta zailtasunean “mozketak” espero nituen. Baina iritsi zen larunbata, eta zurrumurru guztiak goitik behera bete dira, hau da, beldurgarrizko gogortasuna izango duen edizio baten aurrean gaude. Agian, nik itzuli handiak jarraitzen ditudanetik ezagutu dudan gogorrena.
Azken urteetan Italiako Giroaren ibilbideak ikusgarritzat jo daitezke. Egia da Italiako orografiak asko laguntzen diola lan horretan baina egia da baita ere, bere zuzendaria den Angelo Zomegnan-ek izaera gogorra eta ausardia erakutsi duela, iazko Montalcinoko etaparen ondoren jaso zituen kritiken ondoren, aurten ere “sterrato”ko kilometro mordoxka bat ipini baititu eta orokorrean etapen luzera mozteko ohitura orokortzen ari den garai honetan, sekulako kilometrotze pila izango dituztelako.
Tourrean bezala, hemen ere erlojupeko kilometro gehiago botatzen ditut faltan baina, egia esateko, ez dakit zenbat kilometro beharko liratekeen ibilbidea orekatua dela esateko. Izan ere, hain da beldurgarria datorren urterako prestatu duten mendiko anoa!!! bestalde, nire esku egon balitz, mendateetan bukatzen diren hainbeste etapa izan beharrean, behean bukatu edo mendate errazago batean bukatzen direnen alde egingo nukeen. Bi puntu hauetxek ikusten ditut ibilbide ikusgarri hau hobetzeko modukoak.
Aurreneko aste zoragarri batekin hasiko da Giroa. Taldekako erlojupekoak emango dio hasiera eta ondoren sprinterrentzat eta amaieran tranpak izango dituzten etapak nahastuko dira. Ez dugu Cavendish 5 etapetan eskuak igota ikusteko arrisku handirik. Izan ere, aurreneko asteko Rapallo, Orvieto, Fiuggi Terme, Montevergine eta Etnako amaierak ikusi ondoren, hasiera ikusgarri baten aurrean gaudela esan daiteke.
Eta hortik aurrera zer? zailtasuna gutxitu beharrean goraka joango da. Sekulako “astakeria” da 13, 14 eta 15 etapetako profiletan ikusten dena, ikaragarria!!! 15. etapa hori istorian paper gainean prestatu den 5 etaparik gogorrenetakoa izan daiteke.
Horren ondoren atseden eguna izango dute eta hobe dute ondo aprobetxatzea, hortik Milanera bidean ez baitute askoz aukera gehiagorik izango. Nevegal-go kronoigoera, Sondriora Tonale eta Aprica igota, San Pellegrinora Passo Ganda igota, Mottarone eta Macugnagako etapa eta Finestre eta Sestriereko etapa izango baitituzte Milango 32,8 kmko erlojupekoaren aurretik. Amaiera beldurgarria benetan!!
Ez nuen uste ni hau esatera iritsiko nintzenik baina “gehiegizkoa” dela iruditzen zait. Dena dela, gauza bat garbi dago, jendeak mugitzeko asmorik agertzen ez badu ere, ibilbidea bera arduratuko da helmugan txirrindulari multzo txikiak ikustearekin. Biziraupen proba bat bihurtu daiteke datorren urteko Giroa. Dudarik gabe, datorren urtean ere atentzio gehiena emango diodan itzuli handia hauxe izango da, Italiako Giroa. W il Giro!!!