Atzoko erridikuluaren ondoren, gaur amorrualdia

2010eko Giroko 12. etapan oilarren ihesaldia

Nire ustez gaur Vinokourov, Garzelli, Basso, Nibali, Cunego, Scarponi eta Pinottik egin duten ihesaldi saiakera hori atzokoan egin zuten erridikuluaren ondorengo protestatxoa izan da. Evansek ere bere saiakeratxoa egin du, baina ez tropeletik irteteko gauza izan.

Gaurkoan Garmin saiatu da lasterketa kontrolatzen Farrar-i Giro honetako azken garaipena lortu asmotan. Helmugarako 11km falta zirela, Potenzako igoera probestuz, aipatutako oilarrez gain Pozzato, gaurko etapako irabazlea, Voeckler eta Pinau batu zaizkie. Batzuek etapa zuten helburu. Eta besteek? Sailkapen nagusian denbora ateratzea?

Esandakoa, atzokoak askori min ikaragarria eman zien. Vinokourov azken metrotan esprintatzen hasi da etapa irabazteko asmotan, segur aski atzoko amorrazioa agerian utzi nahian, baina gaurkoan ez zaio ondo atera. Liquigaseko bi liderrak ere ez dakit zertan zabiltzan; Bassok atzo egindako deklarazio batzuetan Kiserlovski eta Agnoli sailkapen nagusiko lehen postuan izatea ontzat ematen zuten. Hala bada, zergatik gaurkoa?

Tentsioa nabaria da tropelean. Vinokourov eta Evansen taldeak indar gutxikoak direla agerian geratu da. Astana dagoeneko 3 txirrindulari gutxiagorekin ari da, horietako bajarik nagusiena Tiralongo izanik. Evansen kasuan, berriz, 4 txirrindulari gutxiagorekin. Honek guztiak eta atzoko denbora galerak bi lider hauen artean behintzat egonezina eragin beharra du.

Ikusi beharko da Contador zein talderekin joaten den Tourra lehiatzera; etxetik jarraitzen ari den Giro hau ikusita, ni bere lekuan kezkatzen hasiko nintzateke (maiatzaren 15az geroztik twitterrean ere ez du Giroaren inguruko aipamenik egiten; esanguratsua).

Argazkia: Bettini (cyclingnews.com)

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.