Montalcinoko lokatza

Evansen garaipena Giroko 7. etapanGaurkoan etapa ehiztarien lehia ikuste espero genuen, baina azkenean sailkapen nagusiko txirrindulari indartsuenek eman digute ikuskizuna. Bukaeran faboritoen artean sortu diren denbora tarteak itzelak izan dira; esate baterako, Sastre 5 minutu beranduago sartu da helmugara, Basso 2 minutu ingurura Nibalirekin batera eta lidergoa galdu du…

Eguraldia eta izan duten ibilbideak lasterketa apurtu du. Guztia baldintzatu duena Liquigas talde osoaren erorikoa izan da lokatz bidetatik sartu aurretik. Basso eta Nibali bete-betean harrapatu ditu erorketak, baita Sastre bera ere. Gainontzeko faboritoek egoera ederki probestu dute eta aurrera egin dute tarteak irekiaz. Eguraldiak zailtasuna gehitu die atzetik aurrera egiteko eta gainera gaurko etapako hainbat kilometro  lokatz bidea izanik, gogortasuna areagotu da.

Evans, Vinokourov, Cunego, Gadret, Pinotti eta Arroyo aurrean izan dira eraso baten ostean. Tropel nagusian Gerdemann, Millar eta Porte ziren besteak beste. Atzean, denbora tartea txikitu nahirik Nibali eta Basso. Azkenean Aurreko boskotea iritsi da helmugara eta Evansek eraso bikain bat jo ostean, etapa garaipena eta 20 segundoko gain saria eskuratu ditu.

Atzeko taldean Scarponi izan da aurrena helmugaratzen. Aipatzekoa italiarraren lana Liquigasekoekin batera baitzen eta atzetik aurrera sendo joan ondoren tropel nagusiarekin bat egitea lortu baitu. Esan bezala, Nibali eta Basso 2 minutu ingurura. Gainontzeko txirrindulariak ere banaka iritsi dira helmugara eta 5 minututara Sastre eta Tondo.

Montalcionoko etapan galtzaile Nibali izan da maglia galdu duelako, baina bera baino gehiago Basso esango nuke. Nire iritzian Basso da taldeko liderra eta gaur ezinean aritu da. Beharbada azken asterako prestaketa egin duelako? Ez dakit. Beste galtzaile nabarmena Sastre izan da. Leganesekoa buru altsa ezinda dabil aste honetan; Holandako erorikoen ondorioz 2 minututik gora galduak zituen. Gaur 5 minutura helmugaratu da. Oker ez banaiz 7 minutuko atzerapena izango du gaurko etaparen ondoren. Sailkapen nagusiari agur esango al dio Cervelokoak? Errekuperatzeko aukerarik ba al du?

Evans indartsu dabil eta gaurkoan argi erakutsi du. Talde kaxkar xamarrarekin ari da Italian, baina garbi dago australiarra indartsuena dela eta Giroa irabazteko hautagai nagusia dela. Tropelako erabiltzaile gehienak ez geunden oker; %83,7ak aukeratu dugu eta asmatu dugulakoan naiz. Vinokourov ere bikain lehen aste honetan, baina ez dut uste azken asteraino sasoi honekin iristeko gauza izango den. Ikusiko dugu.

Esan bezala, gaurko etapak sailkapen nagusian aldaketa ikaragarriak eragin ditu. Zenbaitek kritikatu egin du hiru asteko lasterketa batean horrelako ibilbiderik ezin dela jarri esanez. Nik, txirrindulari zale moduan, gustura ikusi dut ba. Aspaldian gainera horrelako denbora tarteak ikusi gabe nintzen 3 astetako lasterketa batean eta guztia posible dela gogora arazi dit honek. Nik txalo egiten diet lasterketa antolatzaileei. Beharbada txirrindulari eta taldeak haserre izan daitezke, baina ikuskizuna saritu nahi bada, horrelako etapak jartzearen aldekoa naiz.

Aurtengo Giroa aspergarria eta monotonoa izatetik oso urruti dagoela iruditzen zait, eta oraindik beste bi aste falta dira!