Hilabete baino gehiago da ziklo-kros denboraldia martxan dela eta aurreko urteetako lehia faltan botatzen da. Oraindik luzea da denboraldia baina oraingoz, Mathieu van der Poel holandarrak ez du areriorik izan. Irailean Estatu Batuetan, uda giroan ospatu ziren bi Munduko Kopako probak erraz irabazi zituen eta berdin Koksijdeko (Belgika) zirkuito hondartsu eta mitikoan ere.

Eta denboraldiaren lehen zati hau borobiltzeko, pasa den igandeko Europako txapelketan, Tabor, Txekian, erraz nagusitu zen. Tartean beste hainbat proba ere poltsikoratu ditu, eta batzuetan zerbait estuago ere hartu dute Poulidorren biloba, Koppenbergcross-en adibidez, Flandriako Itzuliko muino ezagunaren inguruan egiten den lasterketan.

Ez gara, beraz, azken urteetako lehia ikusten ari munduko txapeldun den Wout van Aert belgikarraren eta van der Poelen artean. Denboraldia, baina, hasi besterik ez da egin eta bikote honetaz gain Sven Nys handiak zuzentzen duen Fidea taldeko van der Haar edo Aerts ere ez dira urruti ibiliko.

Hurbilago aldiz, Espainiako Kopakoak izan ez diren probetan, non Felipe Orts Laudion eta Baestaens belgikarra Karrantzan izan diren garaile , Aitor Hernandez ari da izaten dominatzaile nagusia. Dena den, bai berak bai Ruiz de Larrinagak etsai gogorra dute aurten estatu mailako probetan. Iaz 23 urtez azpiko munduko txapelketan zilarrezko domina lortu zuen Felipe Orts valentziarra oso indartsu agertu da eta nagusitasun osoz hartu die aurrea orain arte elkar ikusi duten guztietan. Ikusiko dugu bihar Elorrion aldaketarik dagoen.

Nazioartean, aldiz, Superprestige zirkuituko beste lasterketa bat dute bihar Gaveren (Belgika). Ondoren etorriko dira geratzen diren hainbat Munduko Kopako proba, tartean, bitxikeria bezala, Danimarkan ospatuko den bat. Eta denboraldia bukatzeko, otsailean Valkenburg, Holandan, ospatuko den Munduko Txapelketa. Nahiko du bai, Mathieu van der Poelek berriro ere ortzadar maillota jantzi, zurrumurruek dioten bezala (eta baita berak konfirmatu ere, eperik jarri ez arren) errepidera salto eman aurretik.