Amaitzear da 2016-2017 ziklokros denboraldia. Iritsi da urteko azken zita garrantzitsua eta asteburu honetan jakingo dugu nor diren munduko txapeldunak. Aurtengoan Luxenburgoko Bieles herrixkan ospatuko da munduko txapelketa, eta dirudienez, elurturiko zirkuitu azkar eta tekniko batean. Beheko irudietan ikus daiteke zirkuitua.

Elurrarekin ala elurrik gabe, ikuskizuna eta emozioa ziurtatuak egon ohi dira urtero munduko txapelketetan. Atzo ostiraleko entrenamendu ofizialen ondoren, gaur larunbatez eta bihar igandez izango dugu lehia. Gaur juniorrak eta emakumezkoak, elite zein 23 urtez azpikoak, igandean elite zein 23 urtez azpiko gizonezkoak. Programa osoa eta ordutegiak hemen irakur ditzakezue. Eta zuzenean jarraitzeko, ez ahaztu UCIren Youtube kanalak zuzenean ematen dituela proba guztiak.

Emakumezkoetan, Thalita de Jong iazko txapelduna ez da irteeran izango pasa den astean izan zuen erorikoaren ondorioz. Bere faltan, azken asteetan gora egin duen Marianne Vos handia joko nuke hautagai nagusitzat, diziplina guztietan duen esperientziari sasoi ona gehitzean aurkaririk ez baitu izaten. Ez alferrik, 7 aldiz!! izan dugu ziklokroseko munduko txapeldun eta azken 2 urteetan, lesioak ere tarteko, ziklokrosa alde batera utzi badu ere, azken hilabetean indartsu itzuli da eta besoak altxatzen ere ikusi dugu. Kontuz bada txakur zaharrarekin. Hirugarren izen bat aipatzekotan, hirugarren holandar bat aipatuko nuke, aurtengo Munduko Kopa irabazi duen Sophie de Boer gaztea. Dena den, ez ditzagun ahaztu Sanne Kant belgikarra edo Katerina Nash txekiarra ere.

Gizonezkoetan, guda Wout van Aert eta Mathieu van der Poel-en artean egongo da. Beste guztiak baino koska bat bielesgorago dauden bi gazteak, dudarik gabe azken bizpahiru urteetako dominatzaileak. Holandarrak sendoago hasi zuen denboraldia eta bazirudien aurtengoan bera izan zitekeela nagusi. Urte amaieran, baina, erorketa beldurgarria izan zuen Loenhout-eko lasterketan eta atsedenaldia hartu beste erremediorik ez du izan. Erorketa ikusita, asko ginen askoz larriagoa zela pentsatu genuenak eta berriro lehian ikuste hutsa pozgarria da.

Erorketa horren ondoren, van Aert izan da nagusi ondorengo ia proba guztietan eta bera izan da baita Munduko Kopako garaile. Sorpresa, baina, duela astebete iritsi zen. Hoogerheiden ospaturiko Munduko Koparen azken proban parte hartzeari uko egin zion pasa den igandean, belaunean bursitis bat zuela argudiatuta. Batzuk atseden taktiko bat izan zitekeela iradoki zuten eta bete betean iritsiko zela Luxenburgora. Berak baina, kezka agertu du eta zalantza asko dituela nola iristen den. Bitartean, van der Poel ere bere mailatik oso urrun ikusi genuen Hoogerheiden, bere etxean (bere aita da probaren antolatzaileetako bat). 24. postuan iritsi zen. Ziur hanka altxa zuela azken itzulian, baina lasterketa hasieran buruan ibili zela kontutan hartuta, kezkagarria hain atzean ikustea.

Hori zirkuituetako borroka. Zirkuituetatik kanpo ere, xextra baitago. Salaketak egon ziren Bielesgo zirkuitua holandarraren mesedetan diseinatua izan ote zen. Hori aipatu zuen van Aert-en entrenatzaile eta munduko txapeldun ohi Niels Albert-ek, van der Poel-en aitak antolatzaileentzat eginiko aholkulari lanak tarteko. Eta azken egunetan, Kevin Pauwelsek Twitterren bere antidopin kontrol agiri bat jarri ondoren, kazetarien presioa bere herrikide van Aert-engana iritsi da. Arrazoia? Van der Poel-ek Pauwelsek bezala bere antidopin kontrola argitaratu duela sare sozialetan eta van Aert-ek ez. Hori dela eta, zurrumurruak zabaltzen hasi dira ez ote duen van der Poel-ek hori egin, van Aert-ek bere belauneko mina dela eta TUE bat izan dezakeela iradokitzeko.

Elurrezko gizonaOndorioz, oso irekia beste behin ere lehia, teorian 2 indartsuenak ez baitira onenean iristen. Presio dena bikote
honengan eroriko den bitartean, Kevin Pauwels, van der Haar, Tom Meeusen edo Vanthorenhoutek ere beren aukerak izan ditzakete. Guda irekia beraz, irekia bezain zikina.

Euskaldunei dagokienez, Xabier Murias izango dugu juniorretan, Jokin Alberdi 23 urtez azpikoetan eta Aitor Hernandez eta Javier Ruiz de Larrinaga beteranoak eliteetan. Ez beraien sasoi puntuak, ez zirkuituak, ez dut uste aukera gehiegi emango dizkienik. Telebistan beraz, gureak ikusteko aukera gutxi izango ditugu.