Tourreko multzoen azterketa: beste azkarrak

Multzo honek ere denetik du. Eta ona. Gazte ausartak, sasoian ez dauden beteranoak, esprint bideratzaile oso onak, bigarren eta hirugarren mailetako esprinterrak, eta bizpahiru izar. Guztien gainetik, izen bat.

Gilbert (Lotto) da multzo honetako izarra, dudarik gabe. Eta hori, kinieletan ikusten denez, oso ondo dakite Tropelazaleek. 12 garaipen batu ditu aurten, udaberriko hiru klasikoak tartean. Tourrean hainbat etapa ditu oso aproposak, lehenengotik hasita. Sekulakoa egiten ari da azkeneko urteetan. Eta egiten segituko du.

Boasson (Sky). 24 urteko norvegiar gazteak Dauphinen erakutsi berri du mendate luzeetan oso ondo doala, erlojupekoetan ona da eta esprintetan sartzen da. Ez da gutxi. Etorkizunean Tourra lehiatzen ere egon daitekeela esaten da. Osasun arazoekin dabil orain, eta ez dakigu Tourrean egongo den edo ez. Baldin badago, puntu asko batu ditzake norvegiarrak.

Rojas (Movistar). Espainiako txapelketa irabazi berri, sasoiko dago murtziarra. Katalunian eta Mallorcan ere irabazi du aurten. Hainbat etapa datozkio ondo Tourrean, eta garaipenetik gertu egongo da baten baino gehiagotan.

Boonen (Quick Step) da beste izarretako bat multzo honetan, baina ez dabil fin. Gent-Wegelgem eta Qatarko Tourreko etapa bat irabazita da aurten. Esan du ez dela Tourreko esprintetan sartuko –hori ikusi egin beharko da–, baina ez badu hori egiten, ez dakit non irabaz dezakeen: aldapan bukatzen diren etapetan Gilbert da faborito, eta erlojupekoak eta mendiko etapak ez dira Boonenentzat. Tira, ezta esprintak ere, gaur egun.

Feillu (Vacansoleil) frantziarrak zortzi garaipen lortu ditu aurten, eta postu asko ditu lehenengo hamarren artean. Bozic esloveniarrarekin batera bikote polita egin dezake. Nire ustez, nor bere kasa sartuko da esprintetan.

Ventoso (Movistar). Giroan ibili da kantabriarra, eta etapa bat irabazi zuen. Agian, ez dauka handirik Cavendishen eta konpainiaren kontra, baina bukaera zailetan egoten badaki. Hala ere, Rojasendako lan egin lezake. Movistarrek oraindik ez du bederatzikoa eman Tourrerako eta ez da segurua Ventoso izango den edo ez.

Ciolek (Quick Step) ere Giroan ibili da. Ez du garaipen askorik azken bi urteetan, baina hiru asteko itzulietan egoten badaki, eta hori oso garrnatzitsua da. Ez da esprint guztietan sartuko eta gogoratu beharra dago Steegmans eta Boonen direla haren taldekideak.

Bestalde, gazte bi nabarmenduko nituzke multzo honetan, Boassonekin batera: Galimzyanov (Katusha) errusiar gaztearendako –24 urte– lehenengo Tourra izango da. Gaztea eta etorkizun handikoa. Aurten bi garaipen ditu eta postu asko eta asko lehenengo hamarren artean. Oso iaioa da, konplexurik gabekoa, nahiz eta esprinter handien aurka lehiatu. Eta Swift (Sky) ere estreinakoz arituko da Tourrean –23 urte–. Argi, aurten Kalifornian, Romandian, Tour Down Underren eta Gaztela eta Leonen irabazi baitu.

Beste maila batean leudeke Bonnet (FDJ), Duque (Cofidis), Sabatini (Liquigas) eta Steegmans (Quick Step)

Eta, azkenik, esprint bideratzaileak edo euren esprinter liderrentzat lan egin beharko dutenak ere badira multzo honetan; aukera handirik izango ez dutenak, beste lan batzuk dituzte-eta: Farraren (Garmin) mesedetan Dean ibiliko da (baita Millar eta beste batzuk ere), Petacchik (Lampre) alboan izango du Bole (baita Hondo ere), Greipelek (Lotto) ondoan izango du Roelandts (baita Sieberg ere), eta izugarria izango da Cavendishen (HTC) trenoa: Goss, Eisel eta Renshaw. Hala ere, Goss libreago ibiliko da eta bukaera bihurria duten etapetan aukera handiak izan ditzake. Hala ere, argi dagoenez, horiek guztiek puntuak pilatzeko, euren liderrek huts egin beharko dute, edo erretiratu.

(Argazkiak: Sirotti, Mark Johnson eta Mike Rick)