Tourreko multzoen azterketa: azkarrak

Frantziako Tourrean sailkapen nagusi bat azken egunean erabakitzen dena maillot berdearena izaten da, hots, erregulartasunarena. Normalean, eta ezuste handirik ez dugu bizi azken urteetan, esprinter batek eraman izan du sailkapen hau eta esan bezala oso interesgarria egiten zaio ikustea azken egunean ere lehia egongo dela (kontuan izanda Pariseko helmugan irabaztea nolabaiteko distira izaten duela esprintean amaitutako beste etapekin alderatuz gero).

Tropelako kinielan azkarren multzoan sei txirrindulari ditugu eta bi aukeratu behar dira. Faborito nagusia dudarik gabe eta jendea gehien aukeratuko duen esprinterra Cavendish britainiarra izango da. 2008an 4 etapa irabazi zituen, 2009an 6 eta iaz 5. Britainiarrak puntu ugari ziurtatzen dituen txirrindulari bat da. Aurten gainera taldea berari begira sortu dute, etapa amaiera horietan erabat laguntzeko helburuarekin.

Britainiarrari azken Giroan esprintetan nolabaiteko itzala egin zion txirrindularia Petacchi italiarra dugu. Urte asko izan arren oraindik esprintetan gerra emateko gogoak badituela ikusi zen Italian etapa garaipen bat lortuz esprintean amaitutako lehen etapan. Gainera iaz erregulartasun maillot berde hori irabazteak nolabaiteko motibazio faktore bezala jokatu dezake garaipen hura defendatu nahi badu. Tourrera lau garaipenekin joango da.

Esprint etapetako bigarren faboritoa aldiz ez da aipatutako italiarra izango. Tropelako jarraitzaileek gehien aukeratutako bigarren txirrindularia Farrar izango da. Giroan ez zen asko lehiatu Weylandt zendu ostean itzulia uztea erabaki zuelako, oso lagun zuelako belgikarra.

Multzo honetan geratzen diren beste hiru hautagaiak Greipel alemaniarra, Benatti italiarra eta Hushovd norvegiarra. Alemaniarrak aurten bost garaipen ditu. Italiarrak 2007an irabazi zituen Tourrean bi etapa eta harrezkero ezin izan ditu besorik altxatu helmugetan. Norvegiarra aldiz egungo munduko txapelduna dugu eta aurrekoak baino faborito maila txikiagoa izan etapa garaipenak lortzeko iaz etapa bat lortu zuen eta 2009ko edizioan etapa garaipena gehi erregulartasunaren sailkapena.

Tourrak entzute handia izaten du mundu mailan, esprintean amaituko diren etapa aspertuetako azken metroek ere. Esprinterren taldeek oso kontrolatuak izaten dituzte ihesaldiak interes handi dagoelako garaipen hauek poltsikoratzeaz (hala ere, egia da etaparen Tourraren historian zehar etapa hauetan sorpresak egon direla).

Kontutan hartuta kirolean ez dagoela ezer aurretik idatzita eta bi gehi bi ez direla beti lau, esprintetan sorpresa ugari ikus dezakegu (faboritoren bat lehiatik kanpo etapa amaitzeko kilometro gutxiren faltan edozein istripu edo matxura mekanikogatik, bigarren mailako esprinter baten ezustekoa…). Hori guztia esanda, nire bi aukerak Cavendish eta Greipel izango dira.

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.