Etapa 11: Besancon > Oyonnax (187,5km). Profila eta aurre analisia.

etapa11

IBILBIDEA

Lehen deskantsu egunaren ostean, egun gorabeheratsua izango dute txirrindulariek. Guztira 187,5 km egin beharko dituzte, azken zatian 4 portu tartekatuko dutelarik; 3º mailako 3 portu eta 4º mailako bat. Profilean ikus daitekeenez azken jaitsierak bere garrantzia izan dezake, jaitsi eta gutxira helmuga harrapatuko baitute. Itxuraz ihesaldiak arrakasta lortu beharko luke.

FABORITOAK

Ustez, Astana taldeak etapa kontrolpean edukiko du eta ihesaldiari askatasuna utziko dio, beti ere sailkapen nagusiaren lehiatik kanpo dauden txirrindulariak sartzen badira. Etapa oso aproposa da ihesaldia helmugara heltzeko, beraz, lehen ordubetea su bizian egingo dute ihesaldia antolatu eta bermatu arte. Ihesaldi oso jendetsua espero dut, 10-20 txirrindularik osatua, beraz etapa garaipena aurren egongo dela uste dut. Ihesaldian sartu daitezkeen txirrindularien inguruan aipatu beharra dago Saxo-Tinkoffko txirrindulariak kontuan hartu beharko ditugula hemendik aurrera, bere liderra galdu ostean etaparen lehian murgilduko baitira bete-betean eta horretarako txirrindulari indartsuak dituzte,  Rogers (TCS, %21,5) edo Roche (TCS , %7,6) esaterako. Nere gaurko faborito nagusia aldiz Spilak (KAT, %14) izango da beste behin, Martinek (OPQ, %70,4) irabazi zuen egunean ihesaldian ibili arren ez zuen indarrik izan etapa lehiatzeko, Bosgoetako etapa erreginean ordea sentsazio hobeagoak eduki zituela dirudi Nibaligandik (AST) 1:26ra iritsita. Oso zaila izan arren, hona hemen nire ustez ihesaldian garaipena lortu dezaketen txirrindulariak;

*** Spilak (KAT, %14)

** Voeckler (EUC, %52,5) / Rogers (TCS, %21,5) / Roche (TCS, %7,6)

Bakelants (OPQ, %46,4) / Albasini (OGE, %8,5) / Slagter (GRS, %5,8)

8. etapa: Tomblaine > Gérardmer La Mauselaine (161 km). Profila eta aurre analisia.

8.etapa

IBILBIDEA

Astebete egingo dute txirrindulariek lehian gaurkoan eta lehen muino esanguratsuak agertuko zaizkigu. 2. mailako bi mendate igo behar dituzte 130 km lau xamarrean egin ondoren, eta 3. mailako bat, helmugakoa hain juxtu, Gérardmerren aurkituko dutena 161 km osatuz. Gaurko etapa da aurtengo edizioan lehena muino batean amaituko dena.

FABORITOAK

Ez da erraza asmatzen zein izan daitekeen gaurkoan etapa garailea. Izan ere bi aukera daude: ihesaldia iristea ala sailkapen nagusiko txirrindularien arteko lehia ikustea. Ni lehena gertatuko delakoan naiz. Izan ere sailkapen nagusiko txirrindulariek bihar eta astelehenean etapa gogorrak izango dituzte eta dagoeneko gainontzeko txirrindulariengandik dezenteko denbora errenta dute. Hirugarren aukera litzateke ihesaldian inor sartu ez duen taldeak tropelaren kontrola hartzea eta ihesaldia zapuzten saiatzea, baina taldeentzat hobe ihesaldian ordezkari egokiak izatea lortzen badute.

Ihesaldian ondorengo talde hauen ordezkariak izango direlakoan naiz: Europcar (seguruena Voeckler (%52,5)), Cofidis (Lemoine (%0,3), Edet (%1,9) ala Mate (%1,9)), Katusha (Purito (%8,4), zergatik ez?), Trek Factory Race (Voigt (%13,8)), Garmin (Slagter (%5,8) akaso?) eta Bretagnekoren bat gutxienez bai. Izenak esaten ausartu naiz izan ere aipatutakoak mendiko maillotaren lehian daude eta etapa garaipena lortzen saiatzeaz gain, mendiko sailkapenean sendotzeko puntuak biltzeko aukera izango baitute. Puritoren kasuan, aldiz, ez da bere helburua mendiko maillotaren lehian sartzea – ez dut uste behintzat! -, baizik etapa garaipena lortzea. Dagoeneko 47’35″ko atzerapena du sailkapenean, beraz, ez luke arazorik izan behar ihesaldian sartzeko. Hori bai, beharbada iheskideei ez die grazia handirik egingo.

Baldin eta tropel nagusia iritsiko balitz, Valverde (MOV, %47,5) edota Kwiatkowski (OPQ, %24,9) bezalako txirrindulariak saiatu daitezke etapa garaipenaren bila.

*** Voeckler / J.Rodriguez

** Slagter / Kwiatkowski / Edet

* Valverde / Contador (TCS, %62,3)

2. etapa: York > Sheffield (201 km). Profila eta aurre analisia

2014_Tour_2etapa_profila

IBILBIDEA

2. etapa honek oso bestelako ibilbidea du. Atzo esprintean amaitzeko aproposa zen etapa bagenuen ere, gaurkoan klasikomano bezala ezagutzen diren txirrindularientzako egokia den etapa izango da. Yorketik hegoalderantz egin beharko dute Sheffiledera iristeko. Etapa luzea, 201 km, eta gorabeheratsua, bistan den bezala: 9 mendate igo eta jaitsi beharko dituzte, 2. mailako bat, 3. mailako bost eta 4. mailako hiru. Amaieran ez dago aldaparik, beraz, aurreko tropeltxoan iristen den azkarrenak eramango du etapa eta, ez ahaztu, liderraren maillot horia.

Txirrindulariak 12:20etan ekingo diote lehiari eta gaurko etapa osorik ikusteko aukera izango da ETBK eta Teledeporte telebista kateetan eta EITB.eus webgunean streaming bidez.

FABORITOAK

Klasikomanoentzako etapa dela aurreratzen nuen eta zalantzarik gabe hala izango da. Izan ere etapa garaipenaz gain maillot horia dago jokoan gaurkoan. Horien artean faborito nagusia Sagan (CAN, %50,5) da. Atzokoan bigarren izan zen Kittelen (GIA., %33,1) atzetik eta gaur etapa irabazita lider jarriko litzateke. Wolverinek atzaparkada emango duelakoan naiz.

Ez diote, ordea, erraz jarriko gainontzeko arerioek. Horien artean Gerrans (OGE, %25,6), Kwiatkowski (OPQ, %24,9), Thomas (SKY, %6,7), Slagter (GRS, %5,8), Valverde (MOV, %47,5) edo Rui Costa (LAM, %58,9) izan daitezke. Multzo honetan norbait nabarmentzekotan australiarra nabarmenduko nuke. Ez dakit Gerransi atzoko erorikoak zenbat eragingo zion, baina zalantzarik gabe helburua jarrita zuen gaurko etapan.

*** Sagan (CAN, %25,6) / Gerrans (OGE, %25,6)

** Thomas (SKY, %6,7) / Slagter (GRS, %5,8) / Kwiatkowski (OPQ, %24,9)

* Valverde (MOV, %47,5) / Rui Costa (LAM, %58,9)