#109 Tropela podcastak: 2016ko Euskal Herriko Itzulia

Henao eta Joaquim Rodriguez 2015eko ItzulianPost honetan Iban Perezek (@piban), Eneko Garatek (@egarate) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) grabatutako podcasta aurki dezakezue. Podcast honetan 2016ko Euskal Herriko Itzulia lehiaketaren kinielari errepasoa egiten diote. Hona hemen jorratu diren gai nagusiak:

– Ez ahaztu, Tropelak 11 urte!!
– Ibilbidea, beti bezalakoa ala gogorragoa?
– Faborito nagusiak, pentsatu baino gutxiago
– Euskaldunak sorpresa emateko prest
– Azkarrak gutxi, oso gutxi
– Eta bai, Laboral Kutxa Saria babestutako sailkapeneko Orbea bizikleta eramateko klabeak podcast honetan aurkituko dituzue ;-)

Ate-joka dugu II. Gabiria Kopa

Astebete besterik ez, bizikletak martxan jar daitezen euskal errepideetan. Apirilaren 2an hasiko da festa, Lizarran, eta egun horretantxe ekingo dio bere bigarren denboraldiari Gabiria Kopak ere, gizonezkoen zein emakumezkoen lasterketa profesional guztien sailkapena osatu arte. Nortzuk izango dira ziklistarik onenak aurten? Hori “erabakitzera” gatoz, ba!

Gabiria Kopa logoa Continue reading “Ate-joka dugu II. Gabiria Kopa”

Larunbat honetan, denok Gabiriara

Heldu da Gabiria Koparen egun handia.

Txirrindularitzaren jaia izango da larunbatean (azaroak 14) Gabirian biziko duguna. Denboraldi-amaierako festa handia, hainbat ekintza izango dituena.

kartela 2

2015ean Euskal Herrian korritu diren lasterketa profesional guztiak kontuan hartuta (mutilenak eta neskenak), badakigu nortzuk izan diren gure irabazleak, eta orain txirrindulariei sariak banatzeko unea heldu da. Mutiletan, Purito Rodríguez, Ion Izagirre eta Michal Kwiatkowski; nesketan, Kasia Niewiadoma eta Eider Merino.

Baina ez hori bakarrik: urtero egingo dugun ekitaldi honetan, Euskal Herriko txirrindularirik handienak ere omendu nahi ditugu, eta aurten Txomin Perurenaren txanda izango da.

Zenbat garaipen ez ote dauden “Peru”-ren hanketan! 12 etapa Vueltan, 2 etapa Giroan, 9 etapa Euskal Herriko Itzulian, 5. postua Munduko Txapelketan… Baina ez soilik etapak eta egun bakarreko lasterketak: Espainiako Vueltan bigarren geratu zen 1975ean, Tourreko mendiko sailkapena irabazi zuen 1974an… galantak egin ditu oiartzuarrak. Talde-zuzendari gisa ere, ez da makala izan; eta orain, Euskadi Irratian, esatari-lanetan goza dezakegu bere jakinduriaz eta graziaz.

Imajina dezakezue zer izan daitekeen Perurenaren ondoan bazkaltzea eta haren kontuak entzutea? Ba adi, txirrindulari gehiago ere etorriko dira eta. Esate baterako, Euskal Herriak eman duen txirrindularirik handienetakoa: Joane Somarriba, nor bestela! Eta, gainera, Jose Nazabal, Jose Luis Mayoz, Ramontxu González Arrieta, Gorka Izagirre, Jon Ander Insausti, Pello Olaberria… gutxi batzuk baino ez aipatzearren.

15 €-ren truke, ziklismo-giroko tertulia ederrean hitz eta pitz aritzeko aukera izango duzue. Eta seme-alabak ere ekarri nahi badituzue, arazorik ez!

Hori bai: osteguna baino lehen eman behar da izena, 688.635.532 telefonora deituta edo [email protected] helbidera idatzita.

Gainera, bazkariaz gain, txirrindularitzari buruzko liburuak eta ekipazioak erosteko aukera ere egongo da, Tropelak, Libros de Ruta argitaletxeak eta Urtekariak stand bana jarriko baitute euren produktuekin.

Animatu zaitezte! Luzaroan gogoratzeko moduko eguna izango da!

(Jarraitu gaitzazu Twitterren: @gabiriakopa)

2015eko Gabiria Kopako sailkapenak, erabakita

Amaitu da, akabo: aurten ez da lasterketa profesional gehiago jokatuko Euskal Herriko errepideetan. Ondorioz, dagoeneko osatuta daude I. Gabiria Kopako sailkapen guztiak, gizonezkoenak zein emakumezkoenak.

Jakj0wgYNormala den bezala, lasterketarik handienetan ondo arituta lortzen da Kopa irabaztea, eta horixe gertatu da: gizonezkoetan, Euskal Herriko Itzuliko bi etapa eta sailkapen nagusia irabazita, eta Donostiako Klasikoan aurrean sailkatuta, Joaquim Rodríguezek aurrea hartu dio Ion Izagirreri, nahiz eta ormaiztegiarra lider ere jarri zen denboratxo batez, Ordiziako podiuma zapaldu ostean. Azken egunera arte, beraz, emozio puntua izan du gizonezkoen Gabiria Kopak.

Garaipen nagusia kataluniarrarentzat, eta lehen euskaldunaren saria Izagirre anaia gaztearentzat. Eta beste gazte batek, Michal Kwiatkowskik, horixe bera irabazi du hain justu: gazterik onenaren saria.

Hauek izan dira sailkapeneko lehenengo bostak: Continue reading “2015eko Gabiria Kopako sailkapenak, erabakita”

2015eko Gabiria Kopa martxan da

Ezertarako balio ez duten gauzen bildumak egitera ohituta, halako batean, duela urte asko, ezertarako balio ez zuen zerrenda bat egitea bururatu zitzaidan: Euskal Herriko errepideetan jokatzen ziren lasterketa guztien artean, urte hartako txirrindularirik onena nor zen frogatuko zidan zerrenda, alegia. Onena, edo, gutxienez, erregularrena nor izan zen, horixe jakin nahi nuen.

Puntuazio-sistema bat asmatu, eta halaxe ekin nion lasterketa, etapa, sailkapen nagusi eta mendiko sari guztiak puntuatzen, Lizarratik hasi eta Donostiaraino, tartean pasatuz, besteak beste, gaur egun desagertuta dauden Urkiolatik, Laudiotik eta Euskal Bizikletatik ere. Gugan beude; nik, behintzat, ez ditut sekula ahaztuko. Continue reading “2015eko Gabiria Kopa martxan da”