2010ari errepasoa (VIII): Ardenetako Hirukoa

Ardenetako Hirukoa Apirileko 8 egunetan goi mailako hiru lasterketa batzeagatik da ezaguna. Tropeleko txirrindulari garrantzitsuenak belgikar eta herbeheretar lurraldeetan izaten diraLiège -Bastogne-Liège monumentua lehiatzen eta hau aprobetxatuz Amstel Gold Race eta Flèche-Wallone lasterketetan ere maila izugarria izaten da.

Normalean itzuli handiak lehiatzen izaten diren txirrindulari gehientsuenak punta-puntan izaten dira lasterketa hauetan, mendatetxoz josiak baitaude ibilbideak. Honek, beti ere, ikusmin puntu berezi bat ematen dio lasterketari.

Aurtengoan hala ere gure artean ikusmin berezi bat piztu da lasterketa hauetan, izan ere, Tropela.net-eko sailkapen nagusirako puntuagarriak izan baitira. Beraz, kinielak tentuz egiteaz gain adi-adi izan zen euskal txirrindularitza zalegoa 8 egun horietan zehar, oraindik eta gehiago, Eyjafjallajokull sumendiak Europa ia guztia kolapsaturik utzi zuela gogoratuaz. Hegazkinen hara norakoak galarazita, txirrindulari garrantzitsu asko ez ziren iritsi harberetako lehen zitara, eta honek kiniela egiterako orduan oraindik buruhauste gehiago ekarri zizkigun…

gilbert3 Lasterketei helduaz, lehena Amstel Gold Race izan zen. Esan bezala, txirrindulari garrantzitsu asko falta ziren, baina nire aburuz aurtengo oilar nagusienetakoa den Gilbert baloiak gailentzea lortu zuen.

Mugimendu askoko lasterketa izan zen, gizonik indartsuenak erasoaldi guztietan sartuta, eta denen gainetik lau-bost lagun, Fromberg eta Keutenberg maldetan batik bat: Gilbert bera, Cunego, Schleck anaiak, Kreuziger eta Kolobnev errusiarra. Rabobank-ek lan handia egin bazuen ere Freireren mesedetan, azken bi kilometrotako aldapak bakoitza bere lekuan utzi zuen. Denboraldi hondarrean Espainiako Itzulian, Australiako Munduko Txapelketan edo eta Lonbardiako Giroan erakutsi duen nagusitasunaz irabazi zuen Gilbert belgikarrak, Gasparotto eta Hesjedalek lagundu ziotelarik podiumean.

Hiru egun geroagoHuyko maldatzarra bi aldiz igotzen duten Flèche-Wallone izan genuen. Oraingoan bai, txirrindulari guztiak bertan izan ziren. Contador, Anton edo eta Valverdek autoz egin behar izan zituzten bi egun horietan Belgikarainoko bidea, baina nekea ez dakit ba asko igarri zuten, batzuk ez behintzat. Aurrekoan izan ez zen lez, oraingoan nahiko lotuta joan zen lasterketa, eta azken malda izango zen erabakigarria.

2010 urteko Euskal Txirrindularitzako momentu garrantzitsuenetako bat izan zen niretzat Huy-ko maldarako sarrera. Euskaltel-Euskadi taldea, tropelari tiraka, Igor Antonen aukerak baliatu nahian udaberriko klasika handi batean, orain arte inoiz ikusi gabekoa. Honelako bukaerak oso ondo etortzen zaizkio galdakarrari, eta halaxe erakutsi zuen. Gaztela-leongo lasterketan bi gizonik indartsuenak izatetik zetozen bera eta Contador, eta laster joan ziren metro batzuekin aurrera. Atzetik hiru gizon oso gertutik: Nibali, Rodríguez eta Evans. Baina Huyko aldapa luzea egiten da, eta honelako lasterketetan esperientzia falta sumatu zitzaien. Azken metrotan Rodríguezek eta Evansek pasatu zituzten, eta azkenean ortzadar maillota soinean zeraman australiarrak sekulako garaipena lortu zuen.


Txirrindularitzaren egun bakarreko lasterketa zaharrena da Liège-Bastogne-Liège. 1892an izan zen lehen edizioa, eta txirrindularitzako 5 monumentuetako bat da. Txirrindulari askorentzat urteko helburu nagusietan izaten da, Frantziako Tourra edo Munduko Txapelketaren pare. 260 Km inguruko ibilbide gorabeheratsua, sorpresarako betarik ez da izaten normalean.

La Roche aux Faucons mendatean Schleck anaiek goitik behera hautsi zuten lasterketa. Gazteenak errepikatu nahi zuen 2009ko garaipena. Gizonik indartsuenak aurreko taldean bildu ziren era honetan: luxenburgotarrekin batera, Contador-Vinokourov, Rodriguez-Kolobnev, Nibali-Kreuziger, Valverde, Evans, Gilbert eta Anton. Berriro ere indartsuenak zirela erakutsiz.

podiolieja2010317Km falta zirela eraso erabakigarria eman zuen Astana taldeko ile horiak. Honekin batera Katusha taldeko errusiarra joan zen, eta atzetik Gilbert, Valverde eta Evans. Aurreko bi lagunak atzeko hirukotearen aurka. Eta askotan gertatzen ohi denez, aurrean lanean gogor eta atzeko hiru oilarrak elkarri mokoka. Halaxe iritsi ziren azkeneraino bi Alexander-ak. 260Km eta gero, 500 bat metro falta zirenean, azken aldapatxoaz baliatuz Vinokourovek bere txirrinduko garapenean pare bat hortz jaitsi eta segundotxo batzuk irabazi zituen. Nahikoak izango zituen. Atzetik Valverde nagusitu zen esprintean Alexander hirukotea osatuz podiumean.