Gaur bezalako egun batean ekin genion Tropela Elkartearen proiektuari orain 15 urte. Dakizuen moduan, hastapenetan tropela.net bezala ezagutarazi genuena urtez urte proiektua garatzen eta handitzen joan da, eta egun tropela.eus da gure zigilua.

Atzera begira jarrita, harro sentitzen gara egindako bideaz. Lan talde bikain bat eta guztiok proiektuari eskaintzeko prest ginen konpromisoak egin zuen errealitate egun Tropela moduan ezagutzen duguna. Euskara, txirrindularitza eta teknologia, horiek dira hasieratik gaur arte proiektuaren pilare nagusiak. Eta agerian geratu da hirurak ere oso sendoak direla, erabiltzaileok eta Tropela ezagutzen duzuen guztiok dagoeneko ondo dakizuen moduan.

Tropela mundura zabaltzen saiatu gara hizkuntza gehiago gehituz, beti ere gurea erdigunean jarriz, nabarmenduz. Gainerako hizkuntza gutxituei ere beraien lekua eman diegu, gutxituak izanik ere, ez baitira horregatik garrantzi gutxiagokoak, eta hori guk ondo dakigu. Eta berriak ere etortzen direnean berdin egingo dugu.

Bidean Itzulia, Klasikoa eta Emakumeen Bira lasterketetan “gure birusa” kutsatzen saiatu gara. Webgune propio bat eman genien, euskararen erabilera normalizatu bat eta berau erdigunean jartzeko lanean aritu ginen Itzulia, Klasikoa eta Bira moduan webgune zein sare sozialetan izen propio bihurtuz. Nola ez, komunikazioan euskara bera ere lehenetsita. Ez genuen behar beste lantzeko aukerarik izan, baina harro beste behin zabaldutako bideak aztarna guztiz ezabatu ez duelako.

Tropelara itzuliz, urtez urte lehiaketa gehiago bildu ditugu, ekitaldi gehiago egin ditugu – Tropela Hondartzan kasu – , baita ekimen gehiago ere – Telegram taldea, kanala, podcastak (jada 392!!), Podcastak.eus proiektua,…-. Baina garrantzitsuena, erabiltzaile zein jarraitzaileok hor izan zarete eta zaudete urteak aurrera joanda ere.

15. denboraldia jarri genuen abian Paris-Nizarekin eta ezinbestean etenda geratu da koronabirusak mundu osoa hankaz gora jarri ostean. Ez dugu ukatuko nolabait 15. urteurren hau gogoangarria izatea nahi genuela, eta hala izango bada ere, zoritxarrez birus batek protagonismo guztia hartu duelako izango da. Akaso geuk ere Olinpiar jokoen modura urtebetez atzeratu beharko dugu gure ospakizuna!!

Zorionez Tropela osatzen dugunok, eta batzuk bagara, bakoitza bere esparru eta ahalmenen mailan lagunduz, osasuntsu gara. Osasuntsu, indartsu, eta batez ere, gogoz. Koronabirusaren krisia pasako da eta ziurtatzen dizuegu Tropelak hor jarraituko duela, lasterketei berriz ekiten dietenerako prest.

Plazer bat da guretzat 15 urte hauek ospatzea egoera berezi honetan bada ere, lasterketarik eskuartean izan gabe, etxean sartuta gaudela. Zuei ere urteurren hau ospatzera gonbidatzen zaituztegu, urtez urte aipatzen dugun moduan, Tropela guztiok egiten dugulako. Zorionak zuei ere eta gutxienez beste 15 urte bete ditzagula!!