Argazkia Bernd 📷 Dittrichrena da, Unsplashetik hartua

Adinez handi izatera pasako da gaur Tropela. 2005ean ekin genion ibilbide luze honi eta zorionez, gai ikusten gara aurrera egiteko!

2005 hartan Frantziako Tourra eta Espaniako Vuelta izan genituen, nahiz eta datubasean jada ez ditugun. Hastapen polita izan zen, batez ere Bertatik Bertara saioan azaltzeak eman zigun bultzadari esker. 2.800 erabiltzaile inguru izan genituen lehen lehiaketa hartan, guk pentsatu baino gehiago! Arazo tekniko batzuk ere gainditu behar izan genituen, ez pentsa, hori guztia orduan genuen – eta egun dugun! – lantalde bikainari esker.

Urte hauetan guztietan zuen babesa ezinbestekoa izan zaigu aurrera egiteko. Baita izan ditugu babesle desberdinak urte hauetan guztietan – Eroski Bidaiak, Cafes Baqué, Berria,… -, non guztietan Laboral Kutxa nabarmentzen dugun. Izan ere Laboral Kutxa gurekin dugu 2014tik eta asko eskertzen diogu gugan jarritako konfidantza osoa.

Dakizuen moduan, ibilbidean ere astelehenean abiatuko den Itzuliarekin aritu gara webgune eta sare sozialak kudeatzen. Askotan esan dugun moduan, harro batez ere itzulia izena indartzeko egin genuen lanagatik. Berdin Klasikoarekin edota Birarekin. Esan dezakegu guri eskerrak euskararen presentzia indartzeaz gain, nazioartera ere zabaltzen lagundu geniela ingelera ere komunikazioan txertatuz.

Adierazi bezala, urte asko eta ekintza asko burutu ditugu denbora honetan. Zerrendan ere gehitu beharko genuke Tropela Hondartzan, aspaldiko ohiturak ondar gainera ekarri baikenituen, ondoren pandemiak moztera behartu izan bagaitu ere.

Ez dakigu Euskal Herriko txirrindularitzaren inguruan erreferente garen, baina bai gure lekutxoa lortu dugula. Ea ba munduan ere lekutxoa izatea lortzen dugun, batez ere hizkuntza gutxituei dagokien lekua eskainiz, gure izatearen parte baita.