Elon Muskek Tropela erosi du [inozentada]

Azken asteetan Musk jaunaren abokatu taldearekin hartu emanetan izan gara akordioaren azken xeheetasunak isten eta gaur jada publiko egin dezakegu akordioa gauzatu dela. Hurrengo egunetan bilduko da Elon Musk bera gurekin erosketa guztiz formalizatzeko. Noiz eta non izango den esan ezin badizuegu ere, jakin bilkura Euskal Herrian bertan izango dela.

Tropela bereganatzearen arrazoia Twitter indarberritzeko estrategiaren barruan kokatzen du Muskek. Gauza jakina da sare soziala bere eskutan hartu duenetik zailtasunak izaten ari dela norabide egokia emateko garaian. Prozesu horretan Tropelak emango dion laguntzan kokatzen du Musk berak eta bere lan taldeak erosketa hau.

Alde batetik, Tropelak txirrindularitzaren komunitateari ematen dion ekarpena nabarmendu dute eta, era berean, Tropelak berak sortu duen komunitate propioa. Prozesu hori bera hartu nahiko lukete eredu Twitterrentzat. Bestetik, euskara eta beste zenbait hizkuntza gutxitu erabili eta uztartzeko Tropelaren gaitasuna balioan jarri dute. Twitterren hizkuntza desberdinak izan arren zerbait falta gehiago falta zaiolea eta Tropelak hori baduela diote. Teknikoki gauzak hobeto egin daitezkeela ere esan digute guk geuk hori badakigun arren, baina, gure harridurarako, txundituta geratu omen ziren Tropelaren atzean elkarte bat zegoela jakin zutenean; gutxienez 120 pertsonatako enpresa bat espero zutela aitortu ziguten.

Gurekin hartuemanetan lehenik email bidez eta ondoren telefono bidez izan zen lehen bideo bilera gauzatu zen arte. Bilera horretan Musk jauna bera izan zen. Gu nahiko urduri ginen, baina esan beharra dugu tentsioak azkar uxatu zirela Musken beraren gertutasun eta umoreari esker. Horren erakusgarri, ez zaigu ahaztuko lehen bideodeian esan ziguna algara artean: “egia esan ez zineten (Tropela) lehen aukera. Nire lan taldeak hobe nuela lasterketa profesional bat erostea esaten zidaten Tropela beharrean, Itzulia eta Klasikoa antolatzen dutenak hain justu, baina webguneko atzera kontagailua ikustea nahikoa izan zitzaidan aukera hori baztertzeko”.

Eta hemendik aurrera zer? Tropelaren dinamikari dagokionez, printzipioz bere horretan jarraituko du. Guk eramango dugu ardura orain arte moduan. Aldatuko den gauza bakarra hurrengo asteetan Los Angeleseko Twitter taldeko jendearekin elkarlanean hasi beharrean izango garela da. Musken eskakizunei jarraiki, Tropelak bere izaera eta dinamika mantenduko du eta gehiago izango da Twitterrekoei kontsultoria moduan gidaritza ematea. Bestaldera era Muskek nahi du Tropelak bere bidea eginez handitzen joatea eta Los Angeleseko baliabideak gure eskura izango ditugu. Guretzat garrantzitsua da oso gure identitatea eta jardueraren esentzia bere horretan uztea, eta, nola ez, Tropelaren zuzendaritzaren egoitza Euskal Herrian mantentzea. Hori horrela izango ez balitz, ez genukeen pausu hau emango.

Garrantzitsua iruditzen zitzaigun berri hau guk geuk lehenik zuenganatzea medioetan azaldu baino lehen. Tropelaren lan taldeko kideok intentziorik onenarekin gauzatu dugu salmenta eta espero dugu erabiltzaile eta jarraitzaile zareten guztiok begionez ikustea. Gu gogotsu baginen dagoeneko 2023ko denboraldirako, orain hare eta gehiago!