
IBILBIDEA
2. etapa honek oso bestelako ibilbidea du. Atzo esprintean amaitzeko aproposa zen etapa bagenuen ere, gaurkoan klasikomano bezala ezagutzen diren txirrindularientzako egokia den etapa izango da. Yorketik hegoalderantz egin beharko dute Sheffiledera iristeko. Etapa luzea, 201 km, eta gorabeheratsua, bistan den bezala: 9 mendate igo eta jaitsi beharko dituzte, 2. mailako bat, 3. mailako bost eta 4. mailako hiru. Amaieran ez dago aldaparik, beraz, aurreko tropeltxoan iristen den azkarrenak eramango du etapa eta, ez ahaztu, liderraren maillot horia.
Txirrindulariak 12:20etan ekingo diote lehiari eta gaurko etapa osorik ikusteko aukera izango da ETBK eta Teledeporte telebista kateetan eta EITB.eus webgunean streaming bidez.
FABORITOAK
Klasikomanoentzako etapa dela aurreratzen nuen eta zalantzarik gabe hala izango da. Izan ere etapa garaipenaz gain maillot horia dago jokoan gaurkoan. Horien artean faborito nagusia Sagan (CAN, %50,5) da. Atzokoan bigarren izan zen Kittelen (GIA., %33,1) atzetik eta gaur etapa irabazita lider jarriko litzateke. Wolverinek atzaparkada emango duelakoan naiz.
Ez diote, ordea, erraz jarriko gainontzeko arerioek. Horien artean Gerrans (OGE, %25,6), Kwiatkowski (OPQ, %24,9), Thomas (SKY, %6,7), Slagter (GRS, %5,8), Valverde (MOV, %47,5) edo Rui Costa (LAM, %58,9) izan daitezke. Multzo honetan norbait nabarmentzekotan australiarra nabarmenduko nuke. Ez dakit Gerransi atzoko erorikoak zenbat eragingo zion, baina zalantzarik gabe helburua jarrita zuen gaurko etapan.
*** Sagan (CAN, %25,6) / Gerrans (OGE, %25,6)
** Thomas (SKY, %6,7) / Slagter (GRS, %5,8) / Kwiatkowski (OPQ, %24,9)
* Valverde (MOV, %47,5) / Rui Costa (LAM, %58,9)

Carlos Betancur kolonbiarrak irabazi du Paris-Niza, Rui Costa munduko txapeldunaren aurretik. Joan den denboraldian lasterketa askotan ikusi genuen kakalardoa lehen postuetan, baina besoak altxatzerik ez zuen izan. Euskal Herriko Itzulian jo eta ke ibili zen Henao eta Quintana herrikideekin, besteak beste, eta Bizkaiko etapan helmugako marra gainean irabazi zion Henaok. Ardenetako klasikoetan hirugarren sailkatu zen Fleche-Wallonen eta laugarren Liejan. Italiako Giroan, beste horrenbeste. 23 urte izan arren, Nibali marrazoari, Evans eta konpainiari hortzak erakutsi zizkien; beldurrik ez, lotsarik ere ez. Etapa garaipenik ez zuen, ordea, eskuratzerik izan: hiru etapatan, bigarren. Poulidorri maiz gertatzen zitzaion bezala, onenen artean bai, baina ezin garaipena dastatu.
Joaquim Agostinhoren izena ezezaguna izango da guztiz tropelzale gehienentzat, 70eko hamarkadako ziklista baten izen-abizenak dira eta. Portugalek emandako ziklistarik onena inondik ere. Tourrean bost etapa irabazi zituen, tartean L’Alpe d’Huezekoa. 42 urterekin hil zen, Portugalgo Itzulian izandako eroriko baten ondorioz. Rui Costak ez zuen ezagutu, Agostinho hil eta bi urtera jaio baitzen. Dena dela, haren bidetik ari da Movistar taldekoa. Urtez urte, urratsez urrats. Iaz, Tourreko etapa eta aurten, etapa Romandiako sailkapen nagusian hirugarren eta Suitzan etapa eta sailkapen nagusia. Eta 25 urte besterik ez ditu…