Klasikoak bai…baina zein klasiko?

Paris-Roubaix

“Klasikoek geroz eta garrantzi handiagoa daukate nazioarteko egutegian”. Halaxe zioen iaz urria aldera Igor Gonzalez de Galdeanok. Hala zioen, paradoxikoki, txirrindularitzaren historian bere izena urrezko letraz idatzirik duen Fiorenzo Magni klasiko gizon handia (ez baitzuen, italiarra izanagatik, alferrik “Flandeseko Lehoia” goitizena jaso), zendu eta egun gutxira. Eta paradoxikoki diot, esaldi harexek berak txirrindularitzarentzat horren zutarri garrantzitsu den bere historiari berari, izan zuri-beltzean nahiz kolorean, nolabaiteko errespetu falta erakusten ziola iruditu zitzaidalako orduko hartan. “Klasikoak klasiko badira, urteetan zehar kirol honetan ukaezinezko garrantzia izan dutelako izango da”, pentsatu izango genuen askok; klasikoak, txirrindularitzaren erromantizismoaren ikur, bi gurpilen gaineko totem askoren jaioleku, eta zalantzarik gabe, txirrindularitza bera bere osotasunean ulertzeko ezinbesteko osagaia.

Kontuak kontu eta usteak uste, zuzendari arabarrak esaldi hari heldu zion 2013 honi begira Euskaltelera ekarritako hainbat gizonen fitxaketa argudiatzeko podcast batean eztabaidatzen genuen moduan. Hau da, bere esanetan taldearen gabeziarik handienetakoa zen klasikoen esparrua (kontu nabaria, bestalde), eta ondorioz oso lagungarri izango omen ziren hainbat gizon fitxatu zituen, zeintzuek urte amaieran horren famatu bilakatu ziren puntuez gain, beste motatako lasterketetan beren esperientzia eskaintzeko parada izango zuten. Euskaltelen aro berriaren harira sortutako eztabaidan aipatutako kontuetako bat izan zen txirrindularion ustezko esperientzia, Galdeanok zionearengandik oso urrun geratzen zena, modu batean edo bestean taldeko gizon berriek horrelakorik nekez erakuts zezaketela ondorioztatu zelarik, euren kirol-ibilbidea ez baitzen klasikoetan horren aberatsa, salbuespenak salbuespen.

Fitxaketa horiek, beraz, egutegi berri baten aldeko apustua ekarriko omen zuten. Euskaltel berri bat ikusiko genuen, alegia. Klasikoetan murgildua (ordurarte derrigorrean lehiatu beharreko klasikorik handienez gain, jakina). Honi ere ordea ustel kiratsa hasieratik zerion. Izan ere, bide berri horri ekiteari buruz aritzean, Galdeanok gizon lehiakor, esperientziadun, eta garaileak bereganatu zituela sinestarazi nahi izan zigun. Honetxek berak erakusten zituen argi ta garbi gasteiztarraren asmoen nondik-norakoak: World Tourrean mantzentzeko puntuez gain, bere kalkulagailuak (edo, agian hobe, bere aholkulariek azpimarratutakoa) gomendatzen zizkion maila apaleko egun bateko lasterketetan puntuak pilatzen ahalegintzea, inondik ere.

Hala ere, urteko zita garrantzitsu horietako irteeretan egotea espero zitekeen sikiera, fitxaketa horiek hein batean justifikatzeko besterik ez bazen ere. Bada, hori ere ez. Gutxi gora behera, eta World Tourraren parte diren lasterketak albo batera utzita, negu-udaberriko klasiko handien kanpaina Het Volk (egun Het Nieuwsblad), Kuurne, Dwars door Vlaanderen, Scheldeprijs eta Fleche Brabançonne-k osatzen dute. Horiei gainera ia klasiko moduan lehiatzen den La Panne gehi lekieke. Horien artean talde laranjaren arrastorik? Ba sprinterrentzat esparru seguru izaten den Scheldeprijs-en baino ez, eta irteeran soilik. Gainerakoetara aurkeztu ere ez, aurreko batean Markel erabiltzaileak Egoitz tropelkidearen artikulu bati erreferentzia eginez gogorarazten zigun moduan, Kuurne-n adibidez gerora beste kontu aski ezagunengatik protagonista bilakatu den Serebryakov bera iaz bostgarren sailkatu bazen ere. Horien ondoan, maila apaleko egun bakarreko proba apal gutxi batzutan (eta mesedez, ez lasterketa hauei klasiko deitu) parte hartzearen hautua egin zuen Galdeanotarren artean gazteenak.

“Gezurrak buztana motz” dio euskal atsotitzak. Eta halaxe gertatu da Euskalteleko zuzendaritzako buruzagiaren kasuan. Taldearen norabidearen aldaketak eragindako soka luzearen aldean bai behintzat. Garai honetarako, eta oraindik apirila hasi besterik egin ez dugun honetan, kontuak eskutik ihes egin diola dirudi. Denboraldi hasterako, filosofian aldaketarik egon ez zela esatetik, euskal zalegoak filosofia aldaketa ulertu zuela esatera pasa zen. Esanguratsua oso. Orain, klasikoen kontu honek bere sinesgarritasuna zalantzan jarri du beste behin, bigarren mailan geratu den zerbait izan bada ere. Argi baitago, guztiaren gainetik, euskal zalegoak oro har erakutsi dion babes falta dela enpresaren buruzagiak kezkatzeko motibo nagusia. Eta jakina, guzti hau gutxi balitz, Serebryakov-en afera, politika berriari ekin zitzaion moduan ekitearen arruskirik bizienak zeintzuk diren azaleratu dituena.

Egia bidelagun ez izateak dakartzan ondorioak dira hauek, dena den. Igor Gonzalez de Galdeanok aro berri hau filosofiaren biratze batean oinarriturik zegoela onartu izan balu, arrazoi komertzialak zirela medio taldearen biziraupena ziurtatze aldera, taldearenganako zaletuen sostengua hein batean galduko zukeen agian, baina modu garbian jokatzeak sinesgarritasunik behintzat ez ziokeen kenduko. Orain, taldearen errendimendua espero zitekeena baino askoz eskasagoa izaten ari delarik, bere ustezko plangintza desegokiari euskal zalegoa hasiberritzat hartzea gehitu behar zaio. Arazo gehitxo ontziaren norabidea egonkortzeko. Datozen hilabeteak ez dira ez lasaiak izango talde laranjaren egoitzan.