Amildegiaren ertzean

Denbora aurrera dihoa, eta Igor Gonzalez de Galdeanoren gidaritzapean sortuko den Euskaltelen proiektu berriak oraindik galdera ikur eta hodei ilun asko aurkezten ditu etorkizun hurbilean.

Victor Cabedoren zorigaiztoko istripuak une hartan bigarren maila batean utzi bazuen ere, Amets Txurruka eta Ivan Velascoren gainean hartutako erabakiak soka luze xamarra ekarri du (taldean izandako zazpi euskal txirrindulari garrantzitsuren eskutitz irekia, besteak beste), hein handi batean Galdeanok berak txirrindulariei emandako tratuagatik.

World Tour mailari nola edo hala eusteko lehian murgilduta dago zuzendari arabarra, eta oraingoz jakina den bakarra, bide horretan proiektuaren eraberritzea atzerriko txirrindulariak ekartzetik etorriko dela da. Hortik aurrera, ezer gutxi. Halakoetan ohikoa den bezala, zurrumurruak izan badira: Barredo, Schulze, Vrecer…Oraingoz baieztaturiko fitxaketa bakarrak Gari Bravo eta Jon Aberasturirenak dira, eta Jure Kocjan esloveniarra ere datorren urtean laranjaz jantziko dela dirudi. Kirol zuzendaritzari dagokionez, Oscar Guerrero nafarra taldeko kotxeetako batean izango da.

Guzti honen inguruan azal daitekeen lehen galdera honako hau da: nola dago momentuotan World Tour txartela lortzeko lehia? Nik ordea sakonago joko nuke. Une honetan ez dago argi zein talderekin egongo den zehazki lehian txartel hori lortzeko, baina argi dagoena zera da, 2012an World Tour izan direnekin alderatuta, arerio berri bakarra (Europcar eta Cofidis taldeak, dirudien bezala, borroka hortan sartzen ez badira behinik behin) Argos-Shimano dela (zuzenean sar litekeena, horretarako Reinardt Janse Van Rensburg-en fitxaketarekin aukerak ederki sendotu baititu). Hortaz, kasurik okerrenean, hau da, Euskaltel txartelik gabe geratzekotan, talde herbeherearrak hartuko luke bere lekua. Sakonago so egin behar dela nioenean, buruan beste galdera bat darabilkidalako da hain zuzen: zein izan da Argos-Shimanoren egutegia aurten, World Tour lizentziarik ez zuela? Egia argigarria da oso: Paris-Nice, Milano-San Remo, Kataluniako Volta, Harelbeke, Gante-Wevelgem, Flandeseko Tourra, Paris-Roubaix, Amstel Gold Race, Liege-Bastogne-Liege, Dauphiné Liberé, Frantziako Tourra, Poloniako Itzulia, Eneco Tour, Espainiako Itzulia, Vattenfall Cyclassics, Plouay eta Lonbardiako Giroa. Hara hor World Tour izan gabe nola egutegi duin bat (duina baino askoz gehiago esango nuke nik) eduki.

Esan gabe dihoa Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa bermaturik lituzkeela talde laranjak, eta horrenbestez Argos-en zerrendatik Italiako Giroa, Fleche-Wallonne eta Suitzako lasterketa biak sumatzen dira faltan. Giroarena litzateke arazorik handiena; aurten NetApp izan dela egia da, baina Colombia – Coldeportes datorren urterako arerio gogorra izango da, seguru. Dena den, Euskaltelek azken bi urteotan erakutsi izan duen maila bikaina alde izango luke, eta bestela ere, bere garaian ateak itxi izan zizkion lasterketa arrosari, hortaz faktore honen inguruan ez dago etorkizuna baldintzatzen dela esaterik. Bestalde, ez dirudi Fleche-Wallonne-erako arazorik legokeenik, eta Suitzako itzuliei dagokienez, kontuan hartzekoa da bietan aurten bi gonbidapen baino ez direla eman, eta proba horien artean handienak, Suitzako Itzuliak, Team Type 1 eta SpiderTech gonbidatu dituela. Tankera honetako kontinental profesionalak ongi ari dira lanean, baina lasterketa horiekiko benetako interesa azalduz gero (aurten Suitzako Itzulian Mikel Nieve bostgarren izan da, esaterako), Euskaltelen maila nabarmen legoke gainetik, eta ondorioz bertan egoteko aukerek oso handiak dirudite.

Talde kontinental profesionalen artean World Tourreko lasterketetan izateko mehatxurik argienak Cofidis eta Europcar dira alde batetik, eta IAM Cycling talde suitzar sortu berria bestetik. Aurreneko biek euren erara moldatu ohi dute denboraldia, maila gorenetik soilik interesatzen zaizkien lasterketak korrituz, eta gainerako arreta europar kontinental zirkuituari eskainiz. IAM Cycling-ek talde polita osatu du, eta bai Romandian zein Suitzan izango dela segurutzat jo daiteke, baina hortik aurrerakoak ikusteke daude. Talde italiarrak, MTN – Qhubeka hegoafrikar proiektu indarberritua eta Colombia – Coldeportes hurrengo koxka batean azaltzen dira egutegia orotara hartuz gero, bakoitza bere aukera partikularrekin.

Kontuak kontu, argi xamar geratzen da World Tour taldea izatea ez dela ezinbestekoa txirrindularitzaren mailarik goreneko ia lasterketa guztietan izateko. Are gehiago, azkeneko urteotan euskal taldeak horren interes gutxi azaldu izan duen iparraldeko kanpainako klasikoak alboratzeko aukera izango luke, eta bestalde bere izaerarekin gertuagokoak diruditen beste proba batzuetan parte hartu (Trentinoko Giroa datorkit burura adibide argi gisa).

Dena dela, World Tour-eko talde izateko dema honi itsu-itsuan heldu nahi izanda ere, lizentzia eskuratzekotan gonbidapen bidez izango dela jakina den honetan (Galdeanok hasiera batean besterik zioen arren), orain arteko idiosinkrasiak suposatzen zuen abantailak jada ez du bere alde jokatuko, hortaz eztabaidagarria da oso lehia horretan biratze honek onurarik ekarriko duela baieztatzea.

Honek guztiak atzerritarrak fitxatzearen ezinbestekotasuna kanpotik sartutako zerbait dela erakusten du hein batean. Jakina, atzerritarrek kirol maila igoko dute, baldin eta modu egokian fitxatzen bada. Hori lehendik ere bagenekien ordea. Erabaki beharrekoa ez da beraz goi-mailan jarraitzeko biziraupena, azken asteotan sareko bitarteren batean modu interesatuan sinestarazi nahi izan den moduan, bi ereduren arteko hautua egitea baizik: orain artekoari jarraitu, pixkanaka hobetu beharreko gauzak hobetuz, edo aurrerantzean ekingo zaion bideari heltzea, merkatu globalizatu honetan bat gehiago izan, lehiakorragoa agian, baina herriaren atxikimenduak suposatzen duen aktiboari, neurri handi batean behintzat, bizkarra emanda.

Ikusteke dago aurrerantzean zein norabide hartuko duen kontu honek. Amaiera politetan sinisten duenik bada, lasai egon daiteke, orain arte esandakoei erreparatuta: oinarria bertako txirrindulariak izango dira beti, bai kopuruz zein kirol mailari dagokionez, kanpokoak berriz salbuespen (hau bera Galdeanok aipatzen zuen “fitxatu beharreko txirrindulariak fitxatuko dira” baieztapenarekin oso bat ez badator ere), etxeko txirrindularitzak hobera egiten duenean egoera lehengora buelta daiteke, etab.

Baina kasu honetan ere, logikak beste ezer pentsatzera garamatza. Esate baterako, atzerritarrek taldearen bizkarrezur indartsuena osatuko ez dutela esatean. Fitxaketaren batek berebiziko maila erakusten badu, ez al du orduan taldean jarraituko? Eta goi-mailako atzerritarren bat ekartzeko aukera paregabea eskura edukiz gero, ez al dute aukera hori baliatuko? Eta ez hori bakarrik. UCI-k lizentziak banatzeko erabiltzen duen sailkapena azken bi urteetako emaitzetan oinarritzen dela kontuan hartuta (Kocjan-ek adibidez aurten ez du ia punturik pilatu), eta ekarriko dituzten txirrindularietariko batzuk bigarren mailako probatan bere puntuazioa puztu dutela jakinda, ez al zaizkie nolabait automatikoki iraungitze-data jartzen ari hauetako batzuei? Urte amaieran beti kontu berdinarekin ibiltzeko arrisku bizia ikusten zaio estrategia honi, inondik ere.

Zalantza askotan oinarrituriko hasiera ematen du. Hori baino gehiago, gezur bat baino gehiagotan oinarritutakoa. Susmoa baitaukat estrategia honek taldearen izaera errotik aldatzera kondenatu(ko) duela. Hasteko, Velasco eta Txurrukarekin (zeinak azken urteotan euskal txirrindularitzaren balorerik positiboenak azalarazi dituen) agertutako jarrerak bidea zein ez den erakusten du. Aurreko batean Eneko Garate tropelkideak benetan taldearen filosofia zein izan den definitzea planteatzen zuen eztabaida modura. Iritzi ezberdinak egon daitezke, baina zeinek izan behar ez duen behintzat argi ikusi da. Eta hala ere, aurrekariei erreparatuz gero, “zaharrak berri” esaldia da egokienetariko bat: Galdeanorekin Julian Gorospe halamoduz kendu zuten paretik, David Herrero eta Jon Odriozolaren irteerak ere ez ziren modurik onenean heldu…Oraingo honetan taldeekideengan eraginik duen ikusi beharko da gainera, bai epe motzera zein etorkizunean erabakiak (arlo guztietan) hartzeko garaian.

Esan bezala, adi egon beharko dugu hurrengo egunotan izango diren albisteei. Epe motzerako begirada argiagoa izango dugu orduan, Urriaren 20an taldeek euren txirrindularietako hamabost aurkeztu ostean (eta hauen artean, puntu gehien metatu dituzten hamabiak). Luzeago jota, denborak esango digu hemen esandakoek fundamenturik duten ala ez. Oraingoz behintzat, eta panorama zein den ikusirik, nik behintzat diru publikoen laguntzarik gabeko proiektua izan dadila espero dut. Euskaltel enpresa pribatua da (nahiz eta akziodunen parte bat erakunde publikoei dagokiela gogoraraztea ez dagoen soberan), eta ikuspuntu horretatik behintzat legitimoki har ditzake nahi beste erabaki, baina oraingo honetan gizartea osatzen dugun txirrindularitzazaleon babesik izango duenik ez nuke esango, proiektuak Euskadi Fundazioa jada barne hartuko ez duela jakinda batik bat. Guzti hori ere aurki jakingo dugu.