Irizar enpresak autobus berriak emango dizkio Euskalteli [inozentada]

Hilabete hasieran Miguel Madariagaren eskutik jakin genuen nola egungo Euskaltel-Euskadi taldeak txirrindulariei ordaindu beharreko soldatak ordaintzeko zailtasunak zituen. Zehazki 857.902€ behar zituen azken bi hilabeteetako soldatak ordaintzeko. Ordainketa hauei aurre egiteko talde berriak – Basque Pro Cycling Team enpresak zuzenduko duen talde berriak – egun talde laranjak dituen ibilgailuak erostea eskatzen zuen Miguel Madariagak. Ibilgailu hauen balioa – lau autobus, kamioi bat eta roulotte bat – 938.000€ ingurukoa litzateke.

Egoera honen aurrean, eta jakinda Euskaltel berriak World Tour lizentzia 2016. urtera bitartean izango duela, Irizar konpainiari ez zaio zuzena iruditu zaharkitutako autobusak taldeak berrerabiltzea. Batez ere honek enpresaren irudian izan dezakeen eraginak arduratzen du enpresa goierritarra. Hori dela eta, egun Euskaltelek dituen 4 autobus horiek jaso eta Irizar i6 azken modeloaren 4 ez, 5 autobus emango lizkioke ordainetan Igor Gonzalez de Galdeanoren Euskaltel berriari. Arduradunen arabera era honetan beraien irudirik onena emango lukete mundu mailan eta bertako proiektu berriari bultzadatxo bat eman.

Ez da, beraz, batere berri txarra hurrengo hiru urteetan talde laranja errepideetan puntako ibilgailuekin ikusiko dugula jakitea. Honek txirrindularien deskantsuan lagunduko duelakoan naiz eta ondorioz garaipen gehiago lortzen lagun dezakeenaren ustea dut.

Argazkia: http://autobusesyautocares.blogspot.com.es

Eguneraketak: inozentada

Atzo inozentaden eguna izan zen eta nik ere nirea egin nahi izan nuen berri honekin. Inork gutxik sinistu zuelakoan nago eta espero dut barretxoren bat edo beste sortaraziko zizuela.