Iraganeko mamuak

Contadorren auziak 2007ko Tourra ekarri dit gogora bat-batean. Gogora dezagun zer gertatu zen urte hartako Tourrean. Lurrikara izan zen proba bukatu baino egun batzuk lehenago, Rasmussen liderra kaleratu zutelako; itzulia bukatuta Iban Mayo ere zigortu zuten. Lasterketa benetan ikusgarria ikusiko genuela ematen zuen; faborito argirik ez eta hautagai asko. Ezin ahaztu aurreko urtekoa Pereirok irabazi zuela ustekabean, Landisi, positibo emateagatik, maillot horia kendu baitzioten. Alpeetako lehen etapa handiak, Tignesen bukatu zenak, erakutsi zuen oso Tour interesgarria eta irekia ikusiko genuela; Rasmussenek azken bururaino eraman zuen ihesaldi luzea eta etapa eskuratzeaz gain, maillot horia jantzi zuen. Iban Mayo bigarren sailkatu zen eta Contador gaztea ez zen aparte ibili. Continue reading “Iraganeko mamuak”

#53 Tropela.net podcastak: Contador auziaren epaia

Eneko Garate (@egarate), Axier Sukia (@sukigalp) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) Contador auziaren inguruko epaiaz aritu dira podcast berri honetan. Dakizuen bezala astelehenean egin zen publiko zigorra eta atzo prentsaren aurrean agertu zen Contador Riis aldamenean zuela.

Prozesua denbora luzez luzatu da azken epaia jakin den arte. Alegaziorik ezean, abuztuaren 6an itzul daiteke lehiaketara Contador. Errudun epaitzen bazuten txirrindularitza uzteko aukeraren berri ere eman zuen, baina prentsaren aurrean argi utzi du ez duela utziko.

Gaiak iritzi asko sortu ditu. Justua izan al da epaia? Errugabea al da? Zertan oinarritu dira zigortzeko? Hauek eta galdera gehiago podcastean.

Aurreko podcastak hemen dituzu.

Leipheimer, Duracell taldekoa

Duracell pila etxe ezagunak txirrindularitza taldea osatuko balu, Leipheimerrek tokia izango luke bai ala bai. Kaliforniarrak 38 urte ditu eta sasoi batean jarraitzen duela erakutsi berri du,  Argentinan jokatutako San Luiseko Tourra eskuratuta.
2001ean egin zen ezagun Leipheimer, Espainiako Vuelta hirugarren postuan bukatu baitzuen -1o urte pasatu dira, alajaina!-. Handik hona, oso ibilbide oparoa osatu du; urte batzuetan Armstrong eta Bryuneelen altzoan eta beste urte batzuetan, taldeburu gisa. Emaitza onenak Bruyneelen ondoan lortu ditu.2001ean Us Postalen zebilen. 2007an, Tourreko podiuma zapaldu zuen Contador eta Evansen atzetik Discovery Chanel taldean zebilela –Us Postalen segida- eta urtebete geroago, 2008an, -Bruyneelek gidatutako Astana taldean- Contador irabazlearen atzetik bukatu zuen Espainiako Vuelta; batek baino gehiagok gainsariekin lotzen du Vuelta hura, izan ere, gainsaririk gabe Leipheimerrek Contador garaituko zukeen. Continue reading “Leipheimer, Duracell taldekoa”

Australiatik Argentinara

Greipel, Gerrans, Valverde… Txirrindulari horiek nabarmendu dira, beste batzuen artean, Australiako Tour Down Under lasterketan. Haiek denboraldia abian dela ohartarazi gaituzte egunotan. Aste honetan, San Luiseko Tourraren txanda da, Argentinan -hilaren 23tik 29ra-. Txirrindulari ezagun batzuk bertan zailduko dira, eta itzuli interesgarria ikusteko aukera ere ematen du ibilbide gorabeheratsuak, mendiko etapak ez direlako falta, ezta erlojuz kontrako saiorik ere -15 kilometrokoa-.  Txirrindularitza zaleon urte hasierako gosea apaltzeko aukera polita. Continue reading “Australiatik Argentinara”

Sarea botata, albisteen peskizan

Negu gorria Euskal Herrira iritsi dela-eta, etxean geratzea kalera ateratzea baino aukera hobea da batzuontzat. Hori baliatuta, komunikabideetan arrantzan ibili gara, han eta hemen, batez ere sarean, txirrindularitzarekin lotutako albisteak bilatu nahian. Ea ba…

Apurka apurka taldeak 2012ko plangintza zehazten ari dira. Badira aste batzuk Euskaltelen planaren berri dugula. Okerrik ez bada, Mikel Nieve izango da talde burua Giroan, Sanchez Tourrean eta Igor Anton Vueltan. Beharbada, Andy Schleck -argazkian- duda mudatan ikusteak harritu du bat baino gehiago. Giroari ez dio atea guztiz itxi. Ez da harritzekoa, Tourra ez baita oso egokia berarentzat. Izan ere, erlojuz kontrako kilometro asko izango baititu Frantziako Itzuliak 2012an. Rodriguez kataluniarrak zalantza gutxiago ditu, eta ia ziurtzat jo daiteke Giroa eta Vuelta lehiatuko dituela, aurten bezala. Basso Girora itzuliko da, aurten kale egin eta gero. Italiarra gogotsu dago eta Giroa eta Tourra lehiatu nahi ditu. Hori bai, gauza bat nahia da eta bestea ahalmena; errealistagoa edo egingarriagoa dirudi Giroan goiko postuetan egoteak, Tourrean gandorra erakustea baino. Kreuziger ere Italiara arrimatuko da udaberrian; Tourraren ibilbideak ez du gatibatu, eta txekiarra Giroko podiumera igo nahi duela esan du. Laburbilduz, Mikel Nieve, Rodriguez, Basso eta Kreuziger ziurtzat jo ditzakegu Giroan. Continue reading “Sarea botata, albisteen peskizan”