Australiatik Argentinara

Greipel, Gerrans, Valverde… Txirrindulari horiek nabarmendu dira, beste batzuen artean, Australiako Tour Down Under lasterketan. Haiek denboraldia abian dela ohartarazi gaituzte egunotan. Aste honetan, San Luiseko Tourraren txanda da, Argentinan -hilaren 23tik 29ra-. Txirrindulari ezagun batzuk bertan zailduko dira, eta itzuli interesgarria ikusteko aukera ere ematen du ibilbide gorabeheratsuak, mendiko etapak ez direlako falta, ezta erlojuz kontrako saiorik ere -15 kilometrokoa-.  Txirrindularitza zaleon urte hasierako gosea apaltzeko aukera polita.
World Tourreko proba ez den arren, ziklista ezagun batzuek parte hartuko dute, hala nola, Contadorrek, Nibalik, Pozzatok, Leipheimerrek, Boonenek, Sellak, Chavanelek, Ardilak, Cardenasek… Rasmussen daniarra ere Argentinan da. 2007ko Tourretik kanporatu zutenetik oso gutxitan ikusi dugu puntako txirrindulariekin, oso talde apaletan ibili baita –Christina Watches taldean dabil, Schumacherrekin batera-.

Euskaltel-Euskadi ez dago Argentinan, baina Euskal Herriko zenbait txirrindularik denboraldiko lehen pedalkadak emango dituzte Argentina aldean. Hala nola, Jonathan Castroviejo getxotarrak;  Movistarreko maillota jantziko du estreinakoz –Arroyo eta Amador ere badaude Movistarreko zerrendan-. Ezin ahaztu Ibon Zugasti lezoarra. 39 urterekin egingo du debuta profesionaletan, kontinental kategoriako Atacama Flowery Desert taldean. Gaztetxo bat bezain urduri dagoela esan berri dio Gara egunkariari Zugastik. Caja Rural taldeak ere motorrak berotuko ditu San Luiseko Tourrean.

Ibilbideak erakargarri dirudi. Maldan gora bukatuko diren bi etapek –hirugarrena eta bosgarrena- eta erlojuz kontrakoak -15 kilometrokoa- lastoa eta garia bereiziko dituzte. Orain artean bost aldiz jokatu dute San Luiseko Itzulia eta Giacinti, Garrido eta Lucero argentinarrek, Nibali italiarrak eta Arrigada txiletarrak irabazi dute itzulia, hurrenez hurren.

Argazkia: tour-sanluis.com