Sarea botata, albisteen peskizan

Negu gorria Euskal Herrira iritsi dela-eta, etxean geratzea kalera ateratzea baino aukera hobea da batzuontzat. Hori baliatuta, komunikabideetan arrantzan ibili gara, han eta hemen, batez ere sarean, txirrindularitzarekin lotutako albisteak bilatu nahian. Ea ba…

Apurka apurka taldeak 2012ko plangintza zehazten ari dira. Badira aste batzuk Euskaltelen planaren berri dugula. Okerrik ez bada, Mikel Nieve izango da talde burua Giroan, Sanchez Tourrean eta Igor Anton Vueltan. Beharbada, Andy Schleck -argazkian- duda mudatan ikusteak harritu du bat baino gehiago. Giroari ez dio atea guztiz itxi. Ez da harritzekoa, Tourra ez baita oso egokia berarentzat. Izan ere, erlojuz kontrako kilometro asko izango baititu Frantziako Itzuliak 2012an. Rodriguez kataluniarrak zalantza gutxiago ditu, eta ia ziurtzat jo daiteke Giroa eta Vuelta lehiatuko dituela, aurten bezala. Basso Girora itzuliko da, aurten kale egin eta gero. Italiarra gogotsu dago eta Giroa eta Tourra lehiatu nahi ditu. Hori bai, gauza bat nahia da eta bestea ahalmena; errealistagoa edo egingarriagoa dirudi Giroan goiko postuetan egoteak, Tourrean gandorra erakustea baino. Kreuziger ere Italiara arrimatuko da udaberrian; Tourraren ibilbideak ez du gatibatu, eta txekiarra Giroko podiumera igo nahi duela esan du. Laburbilduz, Mikel Nieve, Rodriguez, Basso eta Kreuziger ziurtzat jo ditzakegu Giroan.

Batzuk Tourretik ihesi eta beste batzuk Tourra baino ez dute buruan. Menchovek, esate baterako. Errusiarrak Geox utzi eta Katusharekin sinatu du kontratua. Joan den urtean podiuma zapaldu eta gero, 2012an Frantziako Itzulira bueltatuko da; ibilbidea, egia esan, oso aproposa da berarentzat. Baita Nibalirentzat ere. Marrazoak, azken bi urteetan kale egin ostean, Frantziako Itzulia lehiatuko du, ezusteko handirik ezean (Iosu Garate adiskideak gogora ekarri digu Giroa ez duela baztertzen…). Bi estatubatuarren asmoa Tourrean ondo ibiltzea dela jakin dugu Internet bidez: Leipheimer eta Danielson. Leipheimer beteranoa RadioShack utzi eta Omega Pharma Quick Stepera joan da, eta nagusiki hiru lasterketa ditu buruan: etxekoa, Kaliforniako Tourra, Frantziako Tourra eta Londresko Olinpiar Jokoetako erlojupekoa; Londresera joateko, ordea, borroka gogorra izango du estatubatuar ttikiak Zabriskie eta Phinney herrikideekin. Danielson, bere aldetik, aurtengo Tourreko ustekabeetako bat izan zen bederatzigarren sailkatu zelako; 2012an koskaren bat igotzeko gai den frogatu nahi du 33 urteko ziklistak. Mollema holandarrak ere Tourreko erakusleihoan erakutsi nahi du bere burua, baina Vueltari ere ez omen dio muzin egingo; ez ahaztu laugarren bukatu zuela aurten Espainiako Itzulian. Contadorren auziaren erabakiaren zain gauden honetan, espainiarrak jakitera eman duela Girora joateko asmorik ez duela.

Beste zirrikitu batzuk ere urratu ditugu albiste bila. Patxi Vila irundarra Irlandako talde batean ariko da 2012an; De Rosa-Ceramica Flaminiari lekukoa hartu dion Utensilnord-Named-ean, zehazki. Giroan aritzeko gonbidapena. Hori da Vilak Olentzerori eskatuko diona. Tirreno Adriatico eta Milano San Remon ere egon nahi du. Irundik, Kolonbiara. Mauricio Ardilla, kontinental mailako Concel-Colombia taldera joan da, etxera itzuli da. Eta Kolonbiarekin harreman estua izan duen zuzendari bat, Giani Savio kinka larrian dabil. Dopin aferak direla medio Italiako Batzorde Olinpikoak lau urteko zigorra ezar diezaiotela eskatu baitu.

Eta lasterketei buruzko pare bat zertzelada: Romandiako Tourra apirilaren 24tik 29ra jokatuko da; Giroa hasi aurretik jokatzen den lasterketa nagusienetakoa izaten da, Euskal Herriko Itzulia ahaztu gabe noski, eta 2012an, ibilbide gogorra prestatu dute antolatzaileek; horren adierazgarri azken eguneko Crans Montanarainoko krono igoera. Eta Tourra bera ere izan dugu albiste iturri. Ez 2012koa, 2013koa baizik; zurrumurruen arabera, birritan igo lezakete Alpe d’Huez.

Eta bukatzeko, Alberto Garcia Erauzkin Euskalteleko presidente berriaren hitzak txirrindularitza taldeari buruz: “etorkizunean iraunkorra izangoden proiektua bilatu behar da”.

Argazkia: centralsportsnews.com