Iraganeko mamuak

Contadorren auziak 2007ko Tourra ekarri dit gogora bat-batean. Gogora dezagun zer gertatu zen urte hartako Tourrean. Lurrikara izan zen proba bukatu baino egun batzuk lehenago, Rasmussen liderra kaleratu zutelako; itzulia bukatuta Iban Mayo ere zigortu zuten. Lasterketa benetan ikusgarria ikusiko genuela ematen zuen; faborito argirik ez eta hautagai asko. Ezin ahaztu aurreko urtekoa Pereirok irabazi zuela ustekabean, Landisi, positibo emateagatik, maillot horia kendu baitzioten. Alpeetako lehen etapa handiak, Tignesen bukatu zenak, erakutsi zuen oso Tour interesgarria eta irekia ikusiko genuela; Rasmussenek azken bururaino eraman zuen ihesaldi luzea eta etapa eskuratzeaz gain, maillot horia jantzi zuen. Iban Mayo bigarren sailkatu zen eta Contador gaztea ez zen aparte ibili.

Pirinioetan, hain zuzen ere Contador izan zen erasokorrena eta etapa bat irabazi. Rasmussenek, baina, menderakaitza zirudien eta Euskal Herria zapaldu zuen etapan garaile atera zen. Hurrengo egunean, baina, Tourretik kanporatu zuen bere taldeak, Rabobankek. Ez zuen positiborik eman, baina nonbait dopin kontrol bati uko egiteko gezurra esan zien bere taldeko zuzendariei Tourra baino lehen, eta albisteak eztanda egin zuen daniarra Tourra irabaztear zela. Ordurako Vinokourov ere lasterketatik kanpo zegoen; odol transfusioa egotzita bota zuten Vinokourov Tourretik.

Contadorrek irabazi zuen Tour hura, haren aroa zabaldu zen. Tourra bukatu eta egun gutxira, ustekabea: Iban Mayori bi urteko zigorra jarri zioten, Tourreko atseden egunean eginiko kontrolak EPO zantzuak agerian utzi izanagatik. Ez genuen berriro ikusiko igotzaile bizkaitarra berriz ere bizikleta gainean. Tour hartan Moreni italiarra eta Sinkewitz alemaniarra ere albiste iturri izan ziren kontu ilunak zirela medio, doping kontuengatik alegia.

Tour hartako zurrubiloak ez zuen Contador harrapatu, baina bost urte geroago ziklista espainiarra zigortu dute 2011ko Tourrean positibo eman izanagatik. Gauzak zer diren. Duela egun gutxi egin zuten bat Contadorrek eta Rasmussenek -argazkia 2007ko Tourrekoa da- Argentinako San Luiseko Tourrean -Contador bigarren sailkatu zen eta 40. postuan bukatu zuen daniar argalak-. Talde apal batean dabil Rasmussen, World Tourretik urrun. Contador, aldiz, onenen pare ikusiko dugu abuztuan gauzak ondo.