Leipheimer, Duracell taldekoa

Duracell pila etxe ezagunak txirrindularitza taldea osatuko balu, Leipheimerrek tokia izango luke bai ala bai. Kaliforniarrak 38 urte ditu eta sasoi batean jarraitzen duela erakutsi berri du,  Argentinan jokatutako San Luiseko Tourra eskuratuta.
2001ean egin zen ezagun Leipheimer, Espainiako Vuelta hirugarren postuan bukatu baitzuen -1o urte pasatu dira, alajaina!-. Handik hona, oso ibilbide oparoa osatu du; urte batzuetan Armstrong eta Bryuneelen altzoan eta beste urte batzuetan, taldeburu gisa. Emaitza onenak Bruyneelen ondoan lortu ditu.2001ean Us Postalen zebilen. 2007an, Tourreko podiuma zapaldu zuen Contador eta Evansen atzetik Discovery Chanel taldean zebilela –Us Postalen segida- eta urtebete geroago, 2008an, -Bruyneelek gidatutako Astana taldean- Contador irabazlearen atzetik bukatu zuen Espainiako Vuelta; batek baino gehiagok gainsariekin lotzen du Vuelta hura, izan ere, gainsaririk gabe Leipheimerrek Contador garaituko zukeen.

Taldeburu gisa aritu denean ez du bere burua horrenbeste nabarmendu, ez Rabobanken ezta Gerolsteinerren ere, nahiz eta denboraldi haietan Tourrean lehen hamarren artean amaitu, eta hori bada zerbait, jakina.

Joan den denboraldia oso ona izan zen txirrindulari estatubatuarrarentzat. Astebeteko itzuli garrantzitsuenetako bat irabazi zuen, Suitzakoa, azken erlojupekoan Cunegori aurrea hartuta. Tourrean pott egin zuen, RadioShack osoak bezala, baina denboraldiaren azken txanpan berriz ere burua altxa eta Utah-ko Tourra irabazi zuen. Hobe du hiru asteko itzuliak ahaztu eta itzuli txikietan buru-belarri aritzea. Hori da bere garaipen zerrendak berak erakutsi diona; Dauphine eta Kaliforniako Tourrean ere gailendu da, itzuli txikiak –etapa kopuruari dagokionez- horiek ere. Mota horretako itzuliak lehiatzeko eta irabazteko moduan dago bere nortasun agiriak 38 urte dituela dioen arren. Eta horixe erakutsi berri digu Leipheimerrek San Luiseko Tourrean erlojupekoa eta sailkapen nagusia poltsikoratuta.

2012 hasi berri honetan, taldeburu dugu, Radi Shack Nissan Trek ‘jendetsua’ utzi eta Omega Pharma taldean ari baita. Hiru asteko itzulietarako, Tourrerako bereziki, Velits eta Martin haren aurretik egongo direlakoan nago, baina Tourraren aurretik eta ostean, osasuna lagun, zer esana emango du kaliforniar beteranoak. Tropela.net eko kinieletan pentsatzen hasteko garaia dugu eta tropelaren aitonen artean dagoen Leipheimerrek proba batean baino gehiagotan puntu dezente eman litzake…

Argazkia. Roberto Bettini / cyclingnews.com