Lefevere maisuaren astea

Asko eta asko dira Iparraldeko Kanpainaren astea barrenetik bizitzen dutenak. Frantziako Tourraren aldean, egun bakarreko klasikoen goi mailako aipatutako aste honek garrantzi gehiago du txirrindularitza benetan maite dutenentzat. Baita zenbait talde, txirrindulari edo managerrentzat ere. Patrick Lefevere (Moorslede – Flandes, 1955) egun Quick Step-Innergetic taldeko managerra eredu nabarmena genuke. Azken urteetan epaitua eta gorrotatua izan den beterano belgikarrak, ondo baino hobeto ezagutzen du amaitu berri den astea. Zalantzarik gabe esan daiteke Lefevere polemikoaren denboraldiko lehen helburua Ronde Van Vlaanderen (Flandesko Itzulia) eta Paris-Roubaix klasikoen artean dagoela. Ilusio eta esfortzu gehiena. Izan ere, belgikarrak 20 bat garaipen eskuratu ditu manager gisa aste seinalatuan. Hortaz, artikulu honetan protagonista diferente bat izango dugu hizpide.4 proba handiakTxirrindulari gisa bidea egiteko balio ez zuela ikusita, Lefevere azkarrak bandoz aldatu eta zuzendari zein manager lanetara pasa zen. Honela, 90ko hamarkadan denok ondo ezagutzen dugun Mapei (1993-2002) talde arrakastatsuan erakutsi zuen bere benetako balioa kirol zuzendari bezala. Egun bakarreko lasterketetan ez zegoen talde hura bezalakorik. Musseuw, Bartoli, Ballerini, Bettini, Tafi, Bugno, Peeters, Camenzind, Bortolami, Steels handiak, Vandenbroucke, Merckx, Garzelli eta Freire gazteak (garai hartan) edota gure Abraham Olano aipa genitzake. Itzuli handietan ere zerbait lortu zuten, batez ere Rominger eta Tonkov errusiarrari esker. Lefevere aztiaren urrezko garaia izan zen. Denboraldi bakoitzean 50 garaipenetik gora lortzen zituen taldeak eta urte batean izan ezik, beste guztietan Mapei UCI rankineko lehenengoa izan zen. Nostalgikoentzat, talde honek hainbat abizen izan zituen bere kirol bizitzan: Clas, GB, Bricobi eta QuickStep. “Lefevere maisuaren astea” irakurtzen jarraitu

Tropela Orioko erlojupekoan

Tropela Elkartea Orioko erlojupekoa jarraitzen izan zen. Bertatik David Herrero irteeran izango ez zela jakinarazi genizuen, eta zoritxarrez, gaur esan dutenaren arabera, hilabetez korritu ezinda izango da txirrindulari bizkaitarra. Beraz, ezin izango du Euskal Bizikletan parte hartu hasieran espero zuen bezala. Gure animorik beroenak Davidi!

Orion bizi izan genuena bideo honetan bildu dugu. Espero dugu gustukoa izango duzuela!

Grabaketa eta bideo edizioa: Imanol Agirre

Vuelta al País Vasco

Atzo Orion izan ginen egun pasa beste zaletu asko bezala. Xaloa tabernan bazkaltzeko asmotan geundela herriko Karkara aldizkariari begirada bat eman guztiz identifikatuta sentitu ginen zutabe-artikulu bat topatu genuen Euskal Herriko Itzuliari buruz eta hona ekartzea erabaki genuen. Artikulua Ana G. de Txabarrik idatzia da eta hemen daukazue oso-osorik:

Vuelta al País Vasco

Euskal Herritik pasa behar duenean ahaleginak eta bi egiten dira munduko txirrindulari proba handienak ere aitor eta erakuts dezan euskaldunen herrian gaudela. Izugarrizko garrantzia ematen diogu, gutxi bada ere, Tourrean zerbait euskaraz agertzeari: toki izenak elebitan ikusteari, arrivé-rekin batera helmuga azaltzeari. Txirrindulari saiatuei eta gogorrei animoak emateko ikurrinen koloreekin betetzen ditugu Pirineotako zelaiak: jakin dezatela nolakoa den zaletu euskaldunaren grina.

Hemen dugu gurea, Euskal Herriko izena daraman txirrindulari itzulia, handia izan nahi duena, bertako periodiko batek antolatua, etxeko erakundeek lagundua, herriko jendeak eskuzabal musu-truk bultzatua eta aterako ditugu ikurrinak eta grinak, zaleez gainezka beteko ditugu Aiako eta Orioko zelaiak, baina bideko bazter batean ahaztuta utziko dugu euskararen herrian gaudela: Hitz bat bera ere ez dator euskaraz Organizaciones deportivas El Diario Vascok emandako txosten eta argibide liburuan.

Tori Itzulia!

Nork emango dio buelta horri?

ANA G. DE TXABARRI

[Karkara aldizkariko 239. alea]

Aiako malda beldurgarriak

egoi_kohl_orio_5etapa.jpgOriotik ihes eginda pasa baziren ere, Egoi Martinezek eta Kohlek gainean zuten tropela. Pena izan zen, baina garbi zegoen faboritoek denbora ateratzeko baliatu nahi zutela Aiako igoera gogor hura.

Jendez gainezka zen Aiako igoera. Bi metro t’erdiko bide zabalera metro eskasean bihurtu zen zegoen jende andanak estututa. Txirrindulariak hanka lurrean jartzera behartuak izan ziren, motoren bat edo beste kea dariola ibili zen,… eta guzti horri euria eta hotza gehitu behar. Ikaragarria benetan Aiak txirrindulariengan eragin zuen sufrikarioa!!

Hala ere maldan behera zenbaitek galdutako denbora errekuperatzea lortu zuten, Cunego irabazleak kasu. Baina esan bezala, euria gogor hasi zen azken kilometrora sartzerako eta maldan behera zetozen zenbait txirrindularik eroriko izan zuten. Aipagarriena David Herrororena, etapa garaipenaren lehian ari zela erori baitzen. Bera negarrez ikusi genuen helmugaratzen eta ez dakit ba gaur erlojupekoa jokatzeko moduan izango den. Esan bezala irabazle Cunego eta atzetik Contador. Lehen euskaldunak Mikel Astarloza eta Igor Anton izan ziren.

Gaur amaituko da Euskal Herriko Itzulia. Erlojupeko interesgarria izango da zalantzarik gabe arratsaldeko 15:00tik aurrera. Contador Evans eta Herreroren beldur da. Nik Dekker eta Astarloza era kontuak hartuko nituzke. Ikusiko dugu.

Lehiaketari dagokionez bero-bero doa. Gaurko erlojupekoak sailkapenetan eragin handia izango du kontutan izanda bukaeran banatzen diren puntu kantitatea oso kontutan hartzekoak direla. Onenak irabaz dezala!

[gogoratu Italiako Giroa maiatzaren 10ean hasten dela]

Argazkia: Tropela Elkartea