Mauro hazi da

(Post hau positiboa jakin aurretik idatzia izan zen, Giroa amaitu aurretik hain zuzen ere)

Ez da ez unerik egokiena Santambrogiori buruz idazteko gero. Giro bikaina egiten ari zen, etapa garaipen eta guzti, baina Beñat Intxaustik sekula ahaztuko ez duen etapan pott egin du Vini Fantini taldeko liderrak. Hala eta guztiz ere, zuen guztion baimenarekin, txirrindulari hau egiten ari den itzulia letra larriz nabarmendu nahi nuke. Eta bide batez, eta barkatu harrotasun puntua, lau haizetara zabaldu Santambrogioren ‘aurkitzailea’ izan nintzela. Txantxa bat da noski. Kontua da 2011eko Paris Nizako kiniela egiteko ordua iritsi zenean, Santambrogio aukeratu nuela eta lankide ohi batek -Tropelako zale porrokatua eta ni baino dezente finago ibiltzen dena sailkapenetan, dena esan beharra baitago- nire kiniela ikusi eta Santambrogio nor demonio ote zen galdetu zidan, harri eta zur. Horrekin nahikoa ez eta aste hartako arratsalde batean esan zidan Santambrogiok Paris-Nizako etapa irabazi berri zuela. Ni pozarren, eta berak berehala, barre artean, adarra jotzen ari zitzaidala esan zidan.

“Mauro hazi da” irakurtzen jarraitu

#79 Tropela.net podcastak: Dauphiné Kriteriuma 2013. Ibilbidearen eta txirrindularien azterketa

Post honetan Iosu Garatek (@iosugarate), Eneko Garatek (@egarate), Iban Perezek (@piban) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) grabatutako podcasta aurki ditzakezue. Podcast honetan 2013 Dauphiné Kriteriumari errepasoa egiten diote, denboraldiko bosgarren kinielari begira interesgarri izan dakizukeena.

Hona hemen jorratu diren gaiak:

– Ibilbideari errepasoa.
– Multzoei errepasoa.
AG2R taldea ez da lasterketan izango

Emakumeen Bira Tropelan izango da

Lehenik eta behin inkestan parte hartu duzuen guztioi erantzunak bidali izana eskertu nahi dizuegu, eta baita iruzkinak bidali dizkiguzuenoi ere. Zuen iritzia jakin nahi genuen eta eman diguzuen erantzuna –373 erantzun– oso positiboki baloratzen dugu.

Inkestaren postean agertzen genuen moduan, iaz emakumezkoen eliteko lasterketak gehitu genituen Tropelan eta bide horri jarraitu nahi diogu. Buruan genuen denboraldi hasieran Emakumeen Bira gure egutegian gehitzea, baina arrazoi teknikoak tarteko, aurreko astera arte ezin izan genuen ziurtatu. Arazo teknikoak gaindituta, denboraldian murgilduta gaudenez, aldaketa hau gauzatu aurretik zuen iritzia jakin nahi genuen. Emaitzak ikusita -postaren amaieran dituzue ikusgai – konfiantza gehiagorekin ekingo diogu aurrera eta dagoeneko Emakumeen Birako kiniela prestatzen ari gara buru belarri, Dauphiné Kriteriuma ahaztu gabe, noski!

Honenbestez, Tropelaren historian lehen aldiz, emakumeen proba batekin soilik antolatutako lehen lehiaketa izango dugu Tropelan: Emakumeen Bira 2013. Eta ondorioz, Euskal Herrian jokatzen diren eliteko 3 lasterketa izango dira aurtengo denboraldian Tropelan: Euskal Herriko Itzulia (apirilean jokatu zena), Emakumeen Bira eta Donostiako Klasikoa.

Kontuan izan Emakumeen Bira, datorren astean, ekainaren 6 eta 9 bitartean jokatuko dela, eta Dauphiné Kriteriumeko azken lau etapekin batera jokatuko dela.

Zuek eskatu bezala, gure aldetik, bai blogaren bidez eta baita podcasten bidez ere ahalik eta informazio gehien ematen saiatuko gara.

Eskerrik asko zuen babesagatik eta zorterik onena opa dizuegu guztioi. Jarraitu txirrindularitzaz gozatzen!

Birak Tropelan behar luke [Inkesta]

Iaz dagoeneko emakumezkoen lasterketak lehiatu genituen Tropelan. Aurten ere denboraldiari bide beretik ekin diogu eta Ardenetako Hirukotean emakumezkoen Fleche Wallone lasterketa gure lehiaketako parte izan zen.

Ekainaren hasieran jokatuko da emakumeen egutegiko lasterketa garrantzitsuenetako bat: Emakumeen Bira. Begiratzea besterik ez dago azken bi urtetako garaileak zein izan diren horretaz jabetzeko: Arndt (2012) eta Vos (2011).

Lasterketa hau emakumezkoen nazioarteko egutegian duen garrantziagatik eta bertako lasterketa bat delako, gure ustez Tropelaren egutegian gehitu beharrekoa da.

Hala eta guztiz ere, denboraldia abian dugunez, egutegia moldatu aurretik zuen iritzia jakin nahiko genuke behin gurea argi utzita. Horretarako inkesta hau gehitu dugu. Zein da zuen iritzia?