Zuekin guztiekin, Daniel Teklehaymanot

Alain Laiseka kazetariak Noticias de Gipuzkoa kazetan kaleratutako erreportajeak jarri gaitu ziklista honen peskizan. Nor da Daniel Teklehaymanot? Bada Afrikako Eritrea herrialdekoa da eta aurten Australiako Green Edge talde indartsuan ariko da. Kate motzean lotu beharrekoa…

Eritrea Afrikako, eta munduko, nazio gazteenetakoa da; 1993an eskuratu zuen burujabetza. Lau milioi biztanle inguru ditu eta atleta handiak eman ditu, Afrikako beste herrialde batzuek bezala. Eta ziklistarik ere eman du. Daniel Teklehaymanot da horren adibide. 1988an jaioa, 2008an egin zuen debuta Amore&Vita taldean, 20 urterekin beraz. Europan baina, ez zuen lasterketarik lehiatu; hortaz, oharkabean pasatu zen. Norbaitek, ordea, begiz jo zuen eta Suitzako Aiglen txirrindulari gazteak trebatzeko dagoen gunera eraman zuen eritrear gaztea.

Azken bi urteetan, gutxika gutxika eta isil-isilik koskak igotzen joan da, eta 2009an Etorkizuneko Tourrean seigarren sailkatu zen. Bada zerbait. Eta Europan lehiatu ez ezik, Afrikara joan-etorriak ere egin ditu bertako karreretan lehiatzeko.

Aurten erronka handia du parez pare. Izan ere, Australiako Green Edge talde sortu berrian ariko baita. Besteak beste, Gerrans, Mcewen eta O’Grady izango ditu taldekide. Haientzat egingo beharko du lan, baina noski, bere burua erakusteari ere ez dio muzin egingo. Eta erne. Teklehaymanot datozen urteetan etorriko zaigunaren aurrerapena baino ez da izango, iturri batzuen arabera.  Afrikako txirrindulariak ez ote diren egunen batean beren herrialdeko atleten maila paregabera hurbilduko  galdetu diogu gure buruari behin baino gehiagotan. Galdera hori erantzuteko goizegi izan daiteke oraindik, baina akaso Teklehaymanotek arrastoan jarriko gaitu. Adi, beraz.