Patxi Vilak ustez positibo eman du

Martxoaren 3an egindako sorpresazko azterketa baten ondorio izan da. Ez inongo lasterketatan izan, etxean bertan baizik.

Dirudienez tarte txikia medio izan da, baina konfirmatzen bada Vilak bizikleta uzteko erabakia hartuko duela dirudi 32 urte baititu txirrindulariak.

Ondorio zuzena Giroan parte hartu gabe geratuko dela da. Kontraanalisiak eskatuak omen ditu, baina beti bezala, berandutu egingo dira eta auskalo noiz jakingo ditugun emaitzak.

Romandiako lasterketan ihesaldi bati esker mendiko sailkapenean lider zen, baina etxerako bidea hartu zuen. Hona hemen arrazoia.

Espero dut positibo hau ez konfirmatzea eta nere animoak Patxiri.

2008ko Giroa eztabaidagai

Astebete eskas falta da aurtengo Giroa hasteko. Noski, Tropelean ere Giroaren inguruko lehiaketa izango dugu. Oraindik ezin da kinielarik egin, baina adi ibili laister izango baita posible.

21 etapatako lasterketa izango da, hauetatik lau erlojupekoak izango dira, hiru bakarkakoak eta bat taldekakoa. Lasterketa hasi eta bukatu erlojupekoekin egingo da, Palermon jokatuko dena eta Cesano Maderno – Milan azkena. Mendi etapak astebukaeratan izango dira gure zorionerako. Hauetatik galdu ezin dena Marmoladara egingo den igoera izango da, maiatzaren 25ean jokatuko dena. Nik jada hori gorriz markatua dut egutegian!

Ez dakit zeintzuk izan daitezkeen aurtengorako faborito, baina Ricco, Simoni, Soler, Di Luca eta Cunego aurrealdean ikusiko ditugulakoan nago. Seguraski izen gehiago ere gehitu beharko nituzke, baina oraindik goizo xamar dela deritzot.

Euskaldunei dagokionez Juanma Garate eta Patxi Vila izango dira seguraski gure ordezkaririk nabarmenenak orain arte erakutsi diguten bezala. Gainera atzoko Romandiako etapan Vila sasoiko dagoela erakutsi zuen. Euskaltel-Euskadi taldeari dagokionez, nire iritziz nahiko talde apal xamarrarekin hartuko du parte.

Ia hurrengo egunetaz berri gehiago ditugun eta iritzi osatuagoak emateko gai garen.

Di Luca, errugabe

Hilabete asko pasa ondoren Danilo Di Lucaren auzia bukatu da, eta CONIko (Italiako Batzorde Olinpikoa) epaileak arrazoia txirrindulariari eman dio. Franceso Plotinoren hitzetan, hala deitzen baita epailea, “Zoncolango etaparen ostean Di Lucak� emandako balore arraroak produktu dopanteen erabileraren ondorio izatearen hipotesia ez da beharrezko probabilitate mailara iritsi”.

Orain galdera da, nork konponduko du txirrindulariari egindako kaltea? Ez bakarrik bere izena zikindu eta kolokan jarri izana, baizik eta Liquigas taldetik aldegin behar izana, egutegiko lasterketa garrantzitsu ugaritan parte hartzeko aukera galduaz. Orain LPR taldean ari da, eta Giroa korritzeko aukera izango du, bai, hala bere iazko garaipena defendatuz, baina kaltea egina dago.

Alessandro Petacchiri ere antzerako zeozer gertatu zitzaion orain dela ez asko. Hau ere kanoiaren begian jarri zuten, sekulakoak eta bi esan bere inguruan, eta azkenean epaileak arrazoia txirrindulariari eman zion beste behin.

Gaztelaniazko esaera batek dio: “piensa mal y acertar�s”. Argi dago txirrindularitza munduan oso erabilia dela esaldi hau. Badaezpadan, susmatu. Txirrindularia harrapatzen dutenean, denek autoadjudikatzen dute tantoa, baina hanka sartzen dutenean, denak adarretatik joaten dira. Lotsagarria da.

Tropela Orioko erlojupekoan

Tropela Elkartea Orioko erlojupekoa jarraitzen izan zen. Bertatik David Herrero irteeran izango ez zela jakinarazi genizuen, eta zoritxarrez, gaur esan dutenaren arabera, hilabetez korritu ezinda izango da txirrindulari bizkaitarra. Beraz, ezin izango du Euskal Bizikletan parte hartu hasieran espero zuen bezala. Gure animorik beroenak Davidi!

Orion bizi izan genuena bideo honetan bildu dugu. Espero dugu gustukoa izango duzuela!

Grabaketa eta bideo edizioa: Imanol Agirre

Vuelta al País Vasco

Atzo Orion izan ginen egun pasa beste zaletu asko bezala. Xaloa tabernan bazkaltzeko asmotan geundela herriko Karkara aldizkariari begirada bat eman guztiz identifikatuta sentitu ginen zutabe-artikulu bat topatu genuen Euskal Herriko Itzuliari buruz eta hona ekartzea erabaki genuen. Artikulua Ana G. de Txabarrik idatzia da eta hemen daukazue oso-osorik:

Vuelta al País Vasco

Euskal Herritik pasa behar duenean ahaleginak eta bi egiten dira munduko txirrindulari proba handienak ere aitor eta erakuts dezan euskaldunen herrian gaudela. Izugarrizko garrantzia ematen diogu, gutxi bada ere, Tourrean zerbait euskaraz agertzeari: toki izenak elebitan ikusteari, arrivé-rekin batera helmuga azaltzeari. Txirrindulari saiatuei eta gogorrei animoak emateko ikurrinen koloreekin betetzen ditugu Pirineotako zelaiak: jakin dezatela nolakoa den zaletu euskaldunaren grina.

Hemen dugu gurea, Euskal Herriko izena daraman txirrindulari itzulia, handia izan nahi duena, bertako periodiko batek antolatua, etxeko erakundeek lagundua, herriko jendeak eskuzabal musu-truk bultzatua eta aterako ditugu ikurrinak eta grinak, zaleez gainezka beteko ditugu Aiako eta Orioko zelaiak, baina bideko bazter batean ahaztuta utziko dugu euskararen herrian gaudela: Hitz bat bera ere ez dator euskaraz Organizaciones deportivas El Diario Vascok emandako txosten eta argibide liburuan.

Tori Itzulia!

Nork emango dio buelta horri?

ANA G. DE TXABARRI

[Karkara aldizkariko 239. alea]