Italiako Giroa hasi da!

Bai, atzo hasi zen, baina Tropelean gaurtik aurrera hasiko da puntuak banatzen. Hiru astetan zehar 3733 parte hartzaile izango gara lehian, batzuk Kanariar edo Balear irletako bidaia hori eskuratu nahian eta beste batzuk, nire kasuan bezala, parte hartzen ari garen tropeltxoetan aurrealdean izateko itxaropenean.

Atzoko taldekako erlojupekoan SLIPSTREAM – CHIPOTLE taldeak erakustaldia eman eta Vande Velde amerikarrak maglia arrosa eskuratu zuen. Zabriskie bere taldekideak ere gustura ospatu zuen podiumean xanpaina eskutan dantza eta guzti eginaz, baina gaur zoritxarrez Zabriskiek etxerako bidea hartu behar izan du eta Vandeveldek maglia galdu du. Euskalte-Euskadiri dagokionez, euskal taldea ondo ibili zela esan beharra dugu azken bi taldeen aurretik sailkatuta.

Ricc�k erakustaldi aparta eman du eta garaipena eskuratu. Di Luca bigarren sailkatu da eta etapa guztietan lehiatzeko prest dagoela erakutsi du aurtengo Giroa irabazteko. Bere taldea ere, LPR, ikaragarri.

Beharbada bigarren maila batean geratu da, baina xelebrea suertatu da Roy eta Loosliren arteko haserrea. 10 minututik gora ihes eginda ziren bi txirrindulariak, baina Intergiroko helmuga lehiatzerakoan, ez dakit aurretik zerbait adostu duten ala ez, baina Loosli pasa da lehen postuan eta horrek Royri ez dio batere graziarik egin. Ondorio erreleboak emateari utzi dio muturtuta eta ihesaldia pasio bilakatu da tropelak irentsi dituen arte. Ikustekoa!

Gaurko etapak emozio ugari izan du eta hori gustatu zait. Ez nuen usteko bigarren etapa batean txirrindulariek honelako jokabidea izango zutenik. Horrelakoak badira hurrengo egunetako etapak ikuskizun paregabea izango dugulakoan nago.