Asteburuko betekadari ekin aurretik, gogoeta koxkor bat egin nahi dut. Batez ere teknologiaren alorrean berrikuntzak etengabeak dira garai honetan. Horren lekuko txirrindulari zaleak garenoi gure iritziak plazaratzen laguntzen digun Tropela.net webgunea. Estimatzekoa oso. Horretaz gain, nola ez, sare sozialak: Facebook, Twitter… Bada aurrerapen horien garaian, Giroak erakutsi digu zein ikusgarri izan daiteken Plan de Coronesekoa bezalako etapa bat. Txirrindulariak ahalegin betean, hartxintxar gainean! Coppi, Bartali eta sasoi hartako txirrindulari mitikoak bezala aritu ziren Basso, Evans, Garzelli eta gainerakoak. Ni txirrindularia ez naizen aldetik, bada ezin esan hori egokia den edo ez, eta beharbada ziklistaren bat ez da ados egongo nik azaldu nahi dudanarekin, baina nire uste apalean, oso ikusgarria izan zen kronoigoera.
Gainera, astearte izanda ere, jendetza zegoen ibilbidean. Imajinatzen zer izango zen hura igandearekin izan balitz? Ikaragarria, ziurrenik. Parajea harrigarria zen. Bide estua, hartxintxarra, sokak zaleek txirrindulariak jan ez zitzaten, eta teleferikoa! Une batzuetan txirrindulariek hari iskin egin beharko ziotela zirudien! Nire ustez, Giroko antolatzaileek agerian utzi dute, beste behin, maisuak direla ibilbidea antolatzeko orduan.
Egia da, era berean, asteartean euria egin izan balu ziurrenik ezin izango lukete goraino iritsi -2006an bezala- baina zale askok gozatu ederra hartu genuela telebista aurrean. Eta are gozatu ederragoa han zeudenak –ikurrina bat edo beste bistaratu ahal izan genuen-. Pena dut RadioShackeko txirrindularirik ez parte hartu izana. Hornerrek, Lepheimerrek, Klodenek edo Haimarrek distira gehiago emango zioten Giroari. Eta Samuelek, Beñat Intxaustik edo Igor Antonek, beste horrenbeste. Baina horrelakoetan esan ohi den bezala,daudenak daude eta haiekin gozatu ahal izango dugu zale guztiok ostiral, larunbatean eta igandean. Hala izan bedi! Eta noski, Tropela.net-en bidez kontatuko dugu!
Lau urte dira jada Ivan Bassok erakustaldi apartak eskaini zituela 

Web gune honetako zale gazteenek ez dute jakingo ziur asko zer den Folgaria. Zaharragoak direnentzat, agian, ezaguna izango da izena. Mendate baten izena da, eta bertan zerua ukitzetik gertu egon zen Cadel Evans 2001eko Giroan. Baina infernu bilakatu zitzaion igoera. Lehengo larunbatean lokatz artean igotakoarekin ez du zer ikusirik Folgariak. Errepidea dotorea da, batere zulorik gabekoa. Baina Folgariako aldapa amaiezina da. 20 kilometro dira guztira. 2001eko Giroko mendiko azken etapan igo zuten. Italiako itzulia gori-gorian zegoen, eta Cadel Evansek maglia arrosa zeraman soinean. Australiarrak baina, sekulako txakalaldia hartu zuen, Dario Frigorekin batera, eta biak ezinean ibili ziren malda madarikatu hartan. Savoldellik irabazi zuen Giroa.