Azken astean Bassoren indarra nabarmen agertu da. Bera izan zen Zoncolan indartsuena eta azkeneko asteetako etapetan sasoi onean dagoela erakutsi digu. Ostiralean Aprican amaitzen zen etapan ere berak eta Liquigasek erakustaldia eman zuten. Lan bikainari esker eta gainontzeko faboritoen ez ulertzearen ondorioz, Vareseko txirrindulariak maillot arrosa janztea lortu zuen.
Atzoko etapan lasterketa kontrolatzea besterik ez zuten egin behar izan txirrindulari berdeek maillot arrosa mantentzeko. Gainera Arroyori denbora tartea atera zion eta gaurko erlojuaren kontrako saiorako Bassok 1:15eko errenta du. Errenta nahikoa 2010eko Giroa berak irabaziko duela esateko.
Irrati eta internet bidez jarraitu
Dakizuen bezala, Tropela Elkartea eta Info7 irratiak elkar lanean 2010eko Giroaren azken hiru etapan jarraitzen ari gara. Gaur izango da azkena. Twitter bidez ere jarraipena egin ahal izango duzue @tropela ren bidez. Iruzkinak ere bidal diezazkiguzue zuen mezuetan #tropela eta #giro hash-ak jarriaz. Hau guztia, arratsaldeko 16:00tatik aurrera.
Argazkia: Stephen Farrand