Euskal Herriko Itzulian, Tropelik ba ote?

Euskal Herriko Itzulian 2008 IbilbideaPixkanaka ari da gerturatzen tropeleko txirrindularirik onentsuenak Euskal Herriko errepideetan lanean jarriko dituen Itzulia. Apirilaren 7an emango zaio hasiera probari eta aurtengo Itzuliak, iaz bezala, 6 etapa izango ditu 6 egunetan banatuta.

Legazpin emango zaio hasiera Itzuliari eta larunbatean Orion amaituko da. Orion jokatuko den erlojupeko aldapatsu eta konplikatuak emango digu aurtengo txapelaren irabazlearen izena. Hemengo iruzkinetan aipatu dutenez, erlojupekoak ziklistek Aiara bidean igo beharreko maldak ez dira nolanahikoak. Gainera 20 kilometroko lan batean denbora tarte handiak jan edo kendu daitezkeenez etapa erabakigarria izango dela ez da zalantzarik.

Parte hartzera etorriko diren txirrindularien zerrenda ez dugu ezagutzen baina ziur gaude ziklista asko eta askok oso gustukoa dutela lasterketa hau eta apirilaren 7a iristeko irrikitan daudela. Irrikitan eta desiatzen dauden besteak zaletuak izan ohi dira. Jada mordoxka batek galdetu dute blogean ea lehiaketarik egongo den edota txirrindularien multzoak noiz publikatu behar ditugun.

Zaletu guzti hauek lasaitzeko adierazi nahi genuke Tropelak iaz antolatutako lehiaketa guztiak errepikatzeko asmoa duela eta beraz, Euskal Herriko Itzulian ere jada tradizio bihurtzen ari den txapelketa antolatzeko lanean jo eta su ari dela. Alegia, Euskal Herriko Itzulian Tropelako lehiaketa izango da eta sariekin gainera. Nabarituko zenuten bezala, Tropela.net webgunea diseinu aldetik eraberrituta dator eta Itzulian parte hartuko duten ziklisten zerrenda hein handi batean osatzen dugunean kiniela egiteko epea irekiko dugu. Ea datorren astelehenerako abian jartzen dugun Euskal Herriko Itzulia 2008. Bitartean pazientzia pixka bat eskatzen dizuegu…

6. etapa. Oiartzun – Oiartzun

EH ItzuliaOraindik gaur ikusi dudan erakustaldia gehiegi sinesten ez dudan momentu honetan, azken egunari buruzko informazioarekin natorkizue.

14km-tako erlojupeko batek emango dio amaiera aurtengo Euskal Herriko Itzuliari. Urte askotan gertatu izan den bezala aurtengoak ere baditu bere tranpatxoak. Askotan esaten da irudi batek mila hitz baino gehiago balio izaten duela eta horri kaso eginez hona hemen erlojupekoa pixka bat hobekiago ezagutzeko balioko digun argazki sorta.

www.altimetrias.com web orriko foroan “Louis” erabiltzaileak jarri zituen argazkiak dira berauek. Bere kamerarekin atereak, espero dezagun ez dezala gaizki hartu guk argazki horiek erabili izana gure web orrian. Continue reading “6. etapa. Oiartzun – Oiartzun”

5. etapa. Lekunberri – Oiartzun

EH ItzuliaGaurkoa da eguna!!! Gaur argitu beharko dira Itzuli hau irabazteko dauden galdera asko. Viciosoren atzoko “ahuleziak” bere arerioak animatu egingo zituen eta Itzulia amaitzear dagoen honetan, hauek ezin dute denbora gehiago zain egon.

Azken 70 kilometrotan Agina, Aritxulegi, Jaizkibel eta Erlaitz batzen dituen etapa bat beti izango da erabakigarria eta oraingoan ere ez dut uste salbuespen bat izango denik. Begi denak Saunier Duval taldeari bideratuta dauden arren, Vicioso ez beste denak oso batuta daude sailkapenean eta oraindik “edozeinek” eman dezake ezustekoa. Noiz hasiko dira oilarrak egurra ematen? Noiz eta nor hasiko Saunierren bere indarrak erakusten? Jaizkibel arte itxarongo al dute erasoaldi bortitza jotzeko ala Agina eta Aritxulegitik izango da sarraskia?

Viciosoren taldeak garrantzia handia izan dezake etapa honetan. Ez dut uste Viciosok aurreneko erasoaldiei pertsonalki erantzun beharko liekenik, ez behintzat inguruan baldin baditu Mancebo, Elias, Pimienta eta Sevilla. Ahal den neurrian hauen gertu egon beharko luke eta ez erasoaldi bortitzetara segituan irten. Continue reading “5. etapa. Lekunberri – Oiartzun”

4. etapa. Gasteiz – Lekunberri

EH ItzuliaUy, uy, uy… gori-gorian jarri da aurtengo Itzulia!!! Nork espero zezakeen Gasteizko etapan gertatu den lider aldaketa? Vicioso benetan indartsu dabil eta denboraldi hasieran esan zuen Itzuli hau zuela bere helbururik handiena eta berori lortzeko bidean asko gerturatu da.

Asko dira Saunierrek nolatan utzi dion denbora hartzen galdetzen dutenak. Ez dut uste “utzi” egin diotenik. Gogoratu itzuli txikietan 8 txirrindulariko taldeak izaten direla, horietatik Mayo eta Lobato ez dabiltzala santu-santu eta etapa hasierako kilometroen ondoren atzean geratu direla, lanerako De la Fuente, Piepoli eta Camaño bakarrik geratu zaizkiolarik. Liderren bat ere sakrifikatzea beste aukera bat zen baina Matxinek hori horrela ez izatea erabaki du. Ikusiko dugu estrategia horrek Itzuliaren amaieran balio dion. Continue reading “4. etapa. Gasteiz – Lekunberri”

3. etapa. Karrantza – Gasteiz

EH ItzuliaAurreneko bi egunetan oilarren borroka ikusi ondoren, hirugarrenean beste batzuen txanda izango dela ematen du. Etapa irabazteko borroka gehiago ikusten dun, Itzulia irabazteko baino, ez zait behintzat iruditzen sailkapenean aurrean daudenetako inork etapa hau erabili nahi izango duenik bere indarrak erakusteko.

Etapa hasieran, Escrita, Herbosa eta San Cosme gainak aprobetxatuz, ihesaldiren bat sortuko dela dirudi eta ihesaldi hori nork eta zenbatek osatzen dutenaren arabera helmugara iristeko aukera izango dute edo ez. Ez da esprinter asko tropelean eta gutxi horien taldekideak sartzen badira ihesaldian helmugara iritsi daitezkeela uste dut. Esprinter horien artean bateren bat aipatzekotan, Allan Davis eta Leonardo Duque aipatu behar, eta maila beheragoxean Astarloa edo Vicioso bezalako txirrindulariak. Valverde ez dut aipatzen ez bait dut esprintertzat jotzen, lasai asko irabaz baldin badezake ere biharko etapa.

Ihesaldian Voeckler, Voigt edo Moreni bezalako txirrindulariak ikus ditzakegu, baina lehen esan dugunaren arabera, zenbat eta zein taldetakoak direnen arabera ihesaldiak arrakasta izan dezake, ez baitago esprinta nahiko dutenen talde kopuru handirik.