Euskal Herriko Itzulian, Tropelik ba ote?

Euskal Herriko Itzulian 2008 IbilbideaPixkanaka ari da gerturatzen tropeleko txirrindularirik onentsuenak Euskal Herriko errepideetan lanean jarriko dituen Itzulia. Apirilaren 7an emango zaio hasiera probari eta aurtengo Itzuliak, iaz bezala, 6 etapa izango ditu 6 egunetan banatuta.

Legazpin emango zaio hasiera Itzuliari eta larunbatean Orion amaituko da. Orion jokatuko den erlojupeko aldapatsu eta konplikatuak emango digu aurtengo txapelaren irabazlearen izena. Hemengo iruzkinetan aipatu dutenez, erlojupekoak ziklistek Aiara bidean igo beharreko maldak ez dira nolanahikoak. Gainera 20 kilometroko lan batean denbora tarte handiak jan edo kendu daitezkeenez etapa erabakigarria izango dela ez da zalantzarik.

Parte hartzera etorriko diren txirrindularien zerrenda ez dugu ezagutzen baina ziur gaude ziklista asko eta askok oso gustukoa dutela lasterketa hau eta apirilaren 7a iristeko irrikitan daudela. Irrikitan eta desiatzen dauden besteak zaletuak izan ohi dira. Jada mordoxka batek galdetu dute blogean ea lehiaketarik egongo den edota txirrindularien multzoak noiz publikatu behar ditugun.

Zaletu guzti hauek lasaitzeko adierazi nahi genuke Tropelak iaz antolatutako lehiaketa guztiak errepikatzeko asmoa duela eta beraz, Euskal Herriko Itzulian ere jada tradizio bihurtzen ari den txapelketa antolatzeko lanean jo eta su ari dela. Alegia, Euskal Herriko Itzulian Tropelako lehiaketa izango da eta sariekin gainera. Nabarituko zenuten bezala, Tropela.net webgunea diseinu aldetik eraberrituta dator eta Itzulian parte hartuko duten ziklisten zerrenda hein handi batean osatzen dugunean kiniela egiteko epea irekiko dugu. Ea datorren astelehenerako abian jartzen dugun Euskal Herriko Itzulia 2008. Bitartean pazientzia pixka bat eskatzen dizuegu…