1. etapa. Urretxu – Urretxu

EH ItzuliaHemen dugu hain ikusgarria izaten den Euskal Herriko Itzuliaren beste edizio bat. Aurtengo ibilbideak gogorraren fama hartu baldin badu ere, ezberdintasun batzuk aparte, urtero izaten da ibilbide gogorra, eta ere berean ikusgarria.

Ez da mendi edo etapa erabakigarri konkretu bat izaten, eta aurten ere antzeko zerbait dugu. Beste zenbait itzuli txikitan mendiko etapa bat edo erlojupeko bat izaten da eta proba hantxe erabaki, hemen berriz etapa guztiak izan daitezke erabakigarriak, agian Gasteizko kanpoan utzita.

Itzuliari hasiera emango dion etapa laburra (130km.) baina oso gogorra da, benetan gorabeheratsua. 9 mendate daude bertan eta helmuga Santa Barbara gainean, %8 aldapa duen 2,5kmtako mendatean.

Hurrengo eguneko etapa ere oso antzekotzat jo daiteke, mendi asko eta amaiera hain gogorra ez den aldapan. Beraz, bi etapa hauetan protagonistak errepikatu daitezkeela uste dut eta amaiera moeta hau ikusita denoi Valverde, Samuel Sanchez, Koldo Gil, Di Luca, Cunego, Rebellin, Schumacher edo Viciosoren izenak etortzen zaizkigu. Seguru nago hala ere, aipatutako izenetatik norbait itzulia irabazteko aukerarik gabe geratuko dela. Ikusiko dugu nork amaitzen duen horiz Oiartzunen. Lehiaketari begiratuta, zaleok Contador, Valverde edo Samuel Sanchezen aldeko apostua egin duzuela ematen du. Beti izan dudan ohiturari (edo erruari) jarraituz, gehien aukeratutako Contador ez dut jarri nire kinielan, aldiz, Schumacher alemaniarrarekin konfidantza galanta dut, eta sustu bat baino gehiago emateko kapaz ikusten dut.

Euskal Herriko Itzulia: Zerrendak osatuz

EH ItzuliaOraindik ez dago argi zein txirrindulari izango diren datorren astelehenean Urretxuko irteeran. Ez da lan erraza izaten zerrenda definitiboa lasterketa hasi aurretik jakitea. Hori dela eta, berri hau jartzea erabaki dugu. Honela, denon artean Tropela lehiaketako zerrendatik nork huts egingo duen adierazten joan gaitezke elkarri.

Gogoratu, informazioa eduki ahala zerrendako txirrindulariak gorriz ala berdez koloreztatuko ditugula -grisez daudenetaz ez daukagu informaziorik-. Pixkanaka joango gara koloreztatzen, baina azken egunean beti izaten dira azken uneko aldaketak, beraz, Tropela Elkartetik azken egunean kiniela errepasatzeko aholkatu nahi dizuegu. Hasieratik txirrindulari gutxiagorekin hasi nahi ez baduzue behintzat.

Adibidez, gaur jakin dugu, Juanma Garate irundarrak ez duela parte hartuko. Saihetsen bat hautsita du eta ez du arriskurik hartu nahi. Ea bere lasterketa handirako, Italiako Girorako, sasoian jartzen zaigun.

Beraz, badakizue, lehen eskuko informazioa baduzue, hemen daukazue kontatzeko aukera.

Badator Euskal Herriko Itzulia!

Marchante, iazko garaileaUdaberriarekin batera badator Euskal Herrian jokatu ohi den lasterketarik esanguratsuena (Donostiako Kalsikoarekin batera). Aurten Pazkoa astean jokatuko dute (apirilaren 9tik 14ra) eta iaz bezala 6 etapa izango ditu Itzuliak, Urretxun hasi eta Oiartzunen bukatuz. Iaz 2 sektoreko etapa guztiak debekatu egin zituzten eta ondorioz Itzulia 6 egunera luzatu zen. Azken urteetan erlojupeko batekin amaitzen da Itzulia. Iazkoan gainera erabakigarria gertatu zen, ustekabean Gomez Marchantek erlojupekoa irabazi eta txapela jantzi baitzuen. Aurten ere badirudi azken eguneko erlojupekoak zeresan handia izango duela azken emaitzan. Ikusiko dugu.

Oraindik Euskal Herriko Itzulirako zuen kiniela egin ezin badezakezue ere ohar honen bidez adierazi nahi dugu, lehiaketa izango dela. Continue reading “Badator Euskal Herriko Itzulia!”

Euskal Herriko Itzulia Gomez Marchanterentzat

Inor gutxik espero lezakeen emaitza batekin amaitu da aurtengo Euskal Herriko Itzulia. Gomez Marchanteren garaipena ezustekoen artean sartzeko modukoa dela esan daiteke, nahiz eta 6 egunetan, gizonik indartsuena ez dakit baina indartsuenetako bat dela erakutsi digun. Orain arte ez zuen erlojupekoetan larunbatean erakutsitako mailarik agertu baina beste zenbait txirrindularirekin gertatu izan ohi den bezala, duen gaztetasunak bere akatsak hobetzeko astia ematen dio eta dirudienez aurtengo neguan Estatu Batuetan eginiko froga aerodinamikoek emaitza onak eman dituzte.

Bere atzetik Valverde sailkatu da. Honen kasuan ere pixka bat harrigarria lortutako emaitza. Asko ziren etapa bat edo bi irabazteko gai zela iragartzera ausartzen zirenak, gutxi ordea erlojupekoan eman zuen maila emango zuela aurreratzera ausartu zirenak.

Izan ere, murtziarrak bere txirrindulari urteetan zerbaiten falta erakutsi badu, erlojupeko errendimendua izan da eta honek ere puntu bat bada ere hobera egin duela dirudi. Hori bai, ez gaitezen zenbait kazetarien paperean jarri eta Zallako erlojupeko datuak Tourreko erlojupeko bat izango balitz bezala kontutan hartzen. Euskal Herriko Itzulian ez zegoen apenas erlojupekorik menperatzen zuen txirrindularirik eta nahi edo ez, Gomez Marchante edo Valverdek (izan ere bien kasuan Tourra da aurtengo helburu nagusia) horiekin elkar ikusi beharko dute uztailean, Ullrich, Basso, Landis, Leipheimer edo Vinokourov-en kasu. Momentu hori iristen denean ikusiko dugu benetan aurrerapausorik egin duten edo euren erlojupeko espezialitatean.

Euskaldunak nahi eta uste baino gutxiago agertu zaizkigu. Aitor Osa ondo kokatuta eta batez ere sasoiko zegoela zirudienean etxerako bidea hartzera derrigortu zuen eroriko batek. Vila hor izan dugu baina ez Paris-Nizan izan zuen protagonismo mailarekin, Egoi Martinez ere uste baino gutxiago agertu da, Bruk ez du etapa garaipenean sartzeko aukerarik izan… laburbilduz, nire iritzi apalean behintzat euskaldunengandik gehiago espero nuen.

Ibilbideak beste eztabaida bat merezi du. Jakina da Euskal Herrian ez dela jarraian kilometro lau asko bilatzea lan erraza, beraz beti izango dugu ibilbide gorabeheratsua. Hala ere, nik neurean jarraitzen dut eta ez zait iruditzen aurtengo edizioa orekatua zegoenik. 24km-tako erlojupeko bat orekatzeko aurten izan den mendi kopuru eta gogortasuna handitu beharko litzateke. Datorren urterako Santa Barbara eta Ubal mendatetxoetan etapa amaierak izango direla aipatzen hasi dira eta horrelakoren baten beharra dagoela iruditzen zait azken eguneko erlojupekoa hain erabakigarria ez izateko. Eta hau dena erlojupekoan berez oso ondo ibiltzen ez diren txirrindulari batzuk gailendu direla jakinda aipatzen dut.

 

6. etapa: Zalla – Zalla

Aditua EH ItzuliaIritsi da aurtengo edizioko garailea ezagutzeko ordua! Hasera batetik pentsatze zen moduan azken eguneko erlojupekoa izango da bai irabazlea, bai podioa bereiziko duen etapa.

Aurtengo erlojupekoa gainera azken urteetako luzeena dugu. UCIk egun berean bi sektore egitea debekatu zuenez, erlojupekoarentzat egun oso bat gelditu zen eta horrekin batera bere luzera ere handiagoa izango dugu. Eztabaidatzeko beste gai bat izan daiteke baina ez zait iruditzen 24km-tako erlojupeko bat berdintzeko adinako mendirik izan denik, ez eta erraza izango litzaketenik Euskal Herriko mendateen ezaugarriak ezagututa halako mendi etaparik egiterik. Beti dago Urkiola, San Miguel de Aralar, Arrate edo antzerako mendate batean etapa amaituaz erlojupeko luze bat berdintzeko aukera baina pertsonalki, 24km gehiegizkoa iruditzen zait Euskal Herriko Itzuli batentzat.

Denek bi hautagai bakarrik aipatzen dituzte, Samuel Sanchez eta Alberto Contador. Egia da agian probako bi txirrindularirik onenak bezala agertu direla baina hain dira txikiak denen arteko diferentziak, ezin dudala ulertu zergatik ez diren kontutan hartzen beste zenbait txirrindulari: Evans, Azevedo, Rebellin, Sinkewitz, Vila…

Logikari jarraituz, Liberty taldeko hanka meharren alde egin beharko nuke, askotan erakutsi baitu erlojupekoak menperatzen dituela (gogoratu, urrutira joan gabe iazko garaipena) baina jende gehienaren iritziaren aurka Samuel Sanchez-gatik apustu egingo dut. Ez ditut bere erlojupeko on asko gogoratzen baina probako txirrindularirik sasoikoena dela erakutsi du, maillot horia soinean izango du eta bere bizilekua Enkarterriak izaki, etxean bezala sentiaraziko dute. Hau dena kontutan harturik Euskalteleko asturiarraren aldeko apustua egingo nuke.

Eta sailkapen nagusiarekin batera, www.tropela.eus webguneko porra ere erabakiko da. Hor ere kontuak estu daude eta puntu guztien beharra izango da porrako garaile izateko. Aupa “txarli1”, egin gogor kostako jende horri, jeje.