Hasi da, bai, 2008ko Euskal Herriko Itzulia. Eta nola hasi ere!!
Contadorrek tropeleko sendoena dela erakutsi digu. Lehenengo egunetik 8 segundu atera ditu faborito guztiak atzean utzita. Pena Egoi Martinez eta Iban Maiozek egindako ahaleginak etapa garaipenik eman ez izana. Behintzat mendiko eta helmuga tarteko mailotak lortu dituzte hurrenez hurren.
Baina ez da hori gaurko berri bakarra. Tropelean, eta tropela.eus webguneaz ari naiz, 3500 baino kiniela gehiago egin dira aurten, iazko 1900 kinielak ia bikoiztuz! Hainbestekoa izan da gorakada, asko konturatuko zineten bezala webgunearen erantzun gaitasuna murriztua suertatu dela. Hori dela eta gure zerbitzariak erantzun mantsoagoa eman du eta denboran nabarmen kosta izan zaio datuak bistaratzea. Dirudienez ez da izan erabiltzaile kantitateagatik, kantitate hori oso denbora gutxian izateagatik baizik. Kontuak kontu, badirudi gauzak hobetu ditugula, baina hala ere hurrengo lehiaketarako era honetako eragozpenik izan ez dadin neurriak hartuko ditugu.
Tropeleko lehiaketari dagokionez, Zeraingo kadentzia izan da etapako garailea, 2008ko gure lehen garailea. 2008ko Euskal Herriko Itzuliko lehiaketarako ez dugu etapako saririk, baina lehiaketa amaieran izango direla aurreratzen dizuet. Oraindik sarien atalean jarri ez baditugu ere, hurrengo egunetan ikusgai izango dira.
Denok hainbeste espero genuen lehen lehiaketa hasi da. Asko gara momentu honen zain izan garenak eta ia gozatzeko aukera izaten dugun. Hasiera interesgarria izan da; horrela jarraituko al du hurrengo egunetan? Ia ba!!
Zorterik onena opa dizuet Tropela zale guztioi! Onenak irabaz dezala!!
Argazkia: diariovasco.com