Aia eta Cauberg Huyra bidean

Amstel Gold Race 2015 - Cauberg

Zita oso garrantzitsuak pasa dira urteko lehen zati honetan… eta zita oso garrantzitsuak iristeko datoz oraindik. A ze nolako gozamena hartzen ari garen uneoro txirrindulari zaleok.

Intentsua izaten ari da denboraldia. Lasterketa mediatikoena iritsi arteko denboran, Frantziako Tourra, ezin aspertu. Bide horretara arte ikus ditzakegu telebistaz edo bisitatu gertu ditugulako txirrindularitzan mitikoak diren tokiak, edo mitikoak bilakatzera doazenak. Eta euskaldunok horretan zorte ona dugu. Continue reading “Aia eta Cauberg Huyra bidean”

Aiako malda beldurgarriak

egoi_kohl_orio_5etapa.jpgOriotik ihes eginda pasa baziren ere, Egoi Martinezek eta Kohlek gainean zuten tropela. Pena izan zen, baina garbi zegoen faboritoek denbora ateratzeko baliatu nahi zutela Aiako igoera gogor hura.

Jendez gainezka zen Aiako igoera. Bi metro t’erdiko bide zabalera metro eskasean bihurtu zen zegoen jende andanak estututa. Txirrindulariak hanka lurrean jartzera behartuak izan ziren, motoren bat edo beste kea dariola ibili zen,… eta guzti horri euria eta hotza gehitu behar. Ikaragarria benetan Aiak txirrindulariengan eragin zuen sufrikarioa!!

Hala ere maldan behera zenbaitek galdutako denbora errekuperatzea lortu zuten, Cunego irabazleak kasu. Baina esan bezala, euria gogor hasi zen azken kilometrora sartzerako eta maldan behera zetozen zenbait txirrindularik eroriko izan zuten. Aipagarriena David Herrororena, etapa garaipenaren lehian ari zela erori baitzen. Bera negarrez ikusi genuen helmugaratzen eta ez dakit ba gaur erlojupekoa jokatzeko moduan izango den. Esan bezala irabazle Cunego eta atzetik Contador. Lehen euskaldunak Mikel Astarloza eta Igor Anton izan ziren.

Gaur amaituko da Euskal Herriko Itzulia. Erlojupeko interesgarria izango da zalantzarik gabe arratsaldeko 15:00tik aurrera. Contador Evans eta Herreroren beldur da. Nik Dekker eta Astarloza era kontuak hartuko nituzke. Ikusiko dugu.

Lehiaketari dagokionez bero-bero doa. Gaurko erlojupekoak sailkapenetan eragin handia izango du kontutan izanda bukaeran banatzen diren puntu kantitatea oso kontutan hartzekoak direla. Onenak irabaz dezala!

[gogoratu Italiako Giroa maiatzaren 10ean hasten dela]

Argazkia: Tropela Elkartea

Euskal Herriko Itzulian, Tropelik ba ote?

Euskal Herriko Itzulian 2008 IbilbideaPixkanaka ari da gerturatzen tropeleko txirrindularirik onentsuenak Euskal Herriko errepideetan lanean jarriko dituen Itzulia. Apirilaren 7an emango zaio hasiera probari eta aurtengo Itzuliak, iaz bezala, 6 etapa izango ditu 6 egunetan banatuta.

Legazpin emango zaio hasiera Itzuliari eta larunbatean Orion amaituko da. Orion jokatuko den erlojupeko aldapatsu eta konplikatuak emango digu aurtengo txapelaren irabazlearen izena. Hemengo iruzkinetan aipatu dutenez, erlojupekoak ziklistek Aiara bidean igo beharreko maldak ez dira nolanahikoak. Gainera 20 kilometroko lan batean denbora tarte handiak jan edo kendu daitezkeenez etapa erabakigarria izango dela ez da zalantzarik.

Parte hartzera etorriko diren txirrindularien zerrenda ez dugu ezagutzen baina ziur gaude ziklista asko eta askok oso gustukoa dutela lasterketa hau eta apirilaren 7a iristeko irrikitan daudela. Irrikitan eta desiatzen dauden besteak zaletuak izan ohi dira. Jada mordoxka batek galdetu dute blogean ea lehiaketarik egongo den edota txirrindularien multzoak noiz publikatu behar ditugun.

Zaletu guzti hauek lasaitzeko adierazi nahi genuke Tropelak iaz antolatutako lehiaketa guztiak errepikatzeko asmoa duela eta beraz, Euskal Herriko Itzulian ere jada tradizio bihurtzen ari den txapelketa antolatzeko lanean jo eta su ari dela. Alegia, Euskal Herriko Itzulian Tropelako lehiaketa izango da eta sariekin gainera. Nabarituko zenuten bezala, Tropela.net webgunea diseinu aldetik eraberrituta dator eta Itzulian parte hartuko duten ziklisten zerrenda hein handi batean osatzen dugunean kiniela egiteko epea irekiko dugu. Ea datorren astelehenerako abian jartzen dugun Euskal Herriko Itzulia 2008. Bitartean pazientzia pixka bat eskatzen dizuegu…