Herreroren garaipen ederra!

David HerreroAurreko egunetan erakutsi zuen bai garaipen goseak jota zebilela bizkaitarra; aurreko bi etapatan hirugarren postuan sailkatu eta gero, Vianako helmugan bera izan da lehena gaurkoan. Garaipen handia, batez ere ikusita nortzuri gailendu zaien: Bettini eta Luis Leon Sanchezi hain juxtu.

Gustora azaldu da Karpin-Galiziako txirrindulari euskalduna komunikabideen aurrean. Dagoeneko helburua lortu duela zioen. Izan ere gogoratu beharra dago Karpin-Galizia ez dela ProTourreko taldea eta gonbidapen bati esker dagoela itzulian.

Baina Herrerok guztia eman al du? Ez dakit ba! Ez da ahaztu behar erlojuaren aurkako txirrindulari aparta dela eta beharbada kontuan hartu beharko genukeela larunbateko etapari begira. Egia da Orioko erlojupekoko ibilbidea ez dela bere ezaugarrietarako aproposena, baina ezustekoren bat eman dezakeelakoan nago. Hori bai, ez dut uste itzulia irabazteko bestekoa izango litzatekeenik, baina bai beharbada podiumean sartzeko.

Erakustaldi aparta ematen ari da David, zalantzarik ez. Baina ez al zen ba Euskaltel-Euskaditik alboratua izan maila ematen ez zuelako? Niri behintzat zer pentsatua ematen dit.

Argazkilaria: cyclinginside.com

Jens Voigt: ecce hommo

Bapatean, Abramovich bezalako aberats batek sekulako diru sorta emango balit txirrindulari talde profesional bat sortzeko, ez nuke dudarik izango lehenengo fitxaketa egiteko orduan: Jens Voigt alemaniarra. Gero etorriko ziren punta-puntako esprinterrak, igotzaileak eta etapa ehiztariak, baina lehenengoa bera izango litzateke, nahiz eta 37 urtera bidean dihoan.

Zaila da tropelean horrelako txirrindulari puska bat aurkitzea. Txirrindulari puska, bai, 1,89 metroko gizasemea baita. Baina bizikleta gainean are eta handiago bilakatzen da, bere lorpenak direla medio. Ez da igotzailea, ez dauka abiadura puntarik, erlojupeko luzeak trabatu egiten zaizkio (laburretan ona da), baina hala eta guztiz ere, 1997 urrun batean ZVVZ talde xumean debutatu zuenetik 47 garaipen lortu ditu, Criterium Internazionalean atzo lortutako sailkapen orokorra azkena izanik. Hau guztia gutxi balitz, harrigarriena da profesionaletan emandako 12 urte hauetan, ez duela bat bera ere hutsean igaro. Beti ehizatzen du zerbait.

Izan ere, ehizarako sena dauka Jensek. Nola azal daiteke bestela 4 aldiz lasterketa bera (Criterium Internazionala) edo 3 aldiz etapa bera (Euskal Herriko Itzuliko azken etapako goizeko sektorea zena) irabazi izana? Lasterketaren bati “X” bat egiten badio gorriz gizon honek, izan seguru garaipenetik urruti ez dela ibiliko. Eta hori egiteko gai oso txirrindulari gutxi dira. Paolo Bettini handia eta beste pare bat akaso.

Ez dakit noiz erretiratuko den Jens Voigt, baina egun hori iristen denean, tropelean sekulako hutsa utziko du. A ze txirrindulari puska!!

Munduko Txapelketa… nahasia

Bettini iaz podiumeanMcQuaid, valv., Bettini-Sinkewitz, Zabel, Valverde, Di Luca, Eddy Merckx, UCI, 18, Bugno, Altig, Museeuw, Landis, Pereiro, TAS, Kashechkin, Piti, oil for drugs… Zerrenda luzea da.

Txirrindularitzaz, nik neuk ez dut besterik entzun komunikabideetan egunotan. Izan ere, hasi da Munduko Txapelketa, baina lehia bigarren mailan geratu da beste behin. Eta domekan jokatuko da iraupen proba. Espainiako Itzuliak izandako arrakasta txikiaren ondoren (audientziak, jendea, emozioa…), ematen zuen Munduko Txapelketak nolabaiteko interesa piztuko zuela, baina ez da hala izan. Dopinaz bakarrik hitz egiten da.

Harira, partaidetza iraupen probarako: azkenean, Valverderi utzi egingo diote parte hartzen, baina nik neuk ez dut sartuko faboritoen artean, ez duelako ezer egin azken hilabetean. Ala bai? Auskalo. Bai, ordea, Freire eta Samuel Sanchez. Freirek ez du aurkezpenik behar, eta Samu oso indartsu dago. Gilbert (Belgika), Duque (Kolonbia), Zabel, Burghardt eta Schumacher (Alemania), Rebellin, Cunego, Bettini, Ballan, Pozzato… (Italia), Kirchen eta Schleck anaiak (Luxenburgo), Boogerd eta Dekker (Herbehereak), Popobitx (Ukraina), Cancellara (Suitza)…

Eta, zelan ez, esprinter edo gizon azkar asko: Richeze eta Garrido (Argentina), Haselbacher (Austria), Usau (Bielorrusia), Pagliarini eta Fisher (Brasil), Pütsep eta Tombak (Estonia), Feillu (Frantzia), Hammond eta Cavendish (Erresuma Batua), Kopp, Haussler eta Ciolek (Alemania), Hushovd (Norvegia), Hunter (Hegoafrika), Elmiger (Suitza), Backstedt (Suedia)…

Partaidetza erlojupekorako: faborito nagusia Cancellara suitzarra da, nire ustez. Baina lehia estua izango du: Lang (Alemania), Millar eta Wiggins (Erresuma Batua), Jose Ivan Gutierrez (Espainia), Bodrogi (Hungaria), Zabriskie eta McCartney (AEB), Gusev (Errusia)…

Ibilbidea: %13ko eta %8ko maldak daude zirkuituaren puntu batzuetan, eta bukaera aldapatsua ikusten da profilean, baina hiru kilometrotan 76 metroko desnibela igotzen dute, ezer gutxi. Edozein esprinterrek irabazteko moduko txapelketa, beraz, betiere aurreko maldak ondo igarotzen baditu.

Egin apustu!