Bapatean, Abramovich bezalako aberats batek sekulako diru sorta emango balit txirrindulari talde profesional bat sortzeko, ez nuke dudarik izango lehenengo fitxaketa egiteko orduan: Jens Voigt alemaniarra. Gero etorriko ziren punta-puntako esprinterrak, igotzaileak eta etapa ehiztariak, baina lehenengoa bera izango litzateke, nahiz eta 37 urtera bidean dihoan.
Zaila da tropelean horrelako txirrindulari puska bat aurkitzea. Txirrindulari puska, bai, 1,89 metroko gizasemea baita. Baina bizikleta gainean are eta handiago bilakatzen da, bere lorpenak direla medio. Ez da igotzailea, ez dauka abiadura puntarik, erlojupeko luzeak trabatu egiten zaizkio (laburretan ona da), baina hala eta guztiz ere, 1997 urrun batean ZVVZ talde xumean debutatu zuenetik 47 garaipen lortu ditu, Criterium Internazionalean atzo lortutako sailkapen orokorra azkena izanik. Hau guztia gutxi balitz, harrigarriena da profesionaletan emandako 12 urte hauetan, ez duela bat bera ere hutsean igaro. Beti ehizatzen du zerbait.
Izan ere, ehizarako sena dauka Jensek. Nola azal daiteke bestela 4 aldiz lasterketa bera (Criterium Internazionala) edo 3 aldiz etapa bera (Euskal Herriko Itzuliko azken etapako goizeko sektorea zena) irabazi izana? Lasterketaren bati “X” bat egiten badio gorriz gizon honek, izan seguru garaipenetik urruti ez dela ibiliko. Eta hori egiteko gai oso txirrindulari gutxi dira. Paolo Bettini handia eta beste pare bat akaso.
Ez dakit noiz erretiratuko den Jens Voigt, baina egun hori iristen denean, tropelean sekulako hutsa utziko du. A ze txirrindulari puska!!
Euskal Herriko Itzulia hasteko aste bete falta denez gero, ibilibideari gainbegiratu bat ematea komeni da. Hartara gainera, Tropelak antolatutako jokoan parte hartzen dutenek erreferentzia baliagarri bat izango dute txirrindulariak hautatzerako garaian. Baina, gehiago luzatu gabe, has gaitezen etapak banan banan aztertzen:
Hemen dugu falta zitzaigun azkenengo “itzuli handiaren” aurkezpena, Espainiako Vuelta. Jadanik jakinaren gainean izango zarete proba honek ez didala beste lasterketa askok adinako irrikarik sortzen, agian korritzen den garaian korritzen delako, agian partehartzaileen mailagatik… hala ere, batez ere, bere ibilbideak proba ikusgarria izaten laguntzen ez duelako da, nire kasuan behintzat, proba hau ikusi “behar” hori ez izateko arrazoia.
Ikaragarria. Zoragarria. Ikusgarria… Zeuek nahi duzuen adjektiboa ipini larunbatean aurkeztu zen Italiako Giroaren ibilbideari.
Datozen asteotan 2008ko hiru itzuli handien aurkezpenak izango ditugu. Proba hauen emaitzetan garrantzia handia izaten duten ibilbidea aurkezten da bertan, modu batera edo bestera, txirrindulari batzuen mesedetan edo kaltetan bihurtzen delarik ibilbide hori. Egia da askotan txirrindulari onenak irabazten duela azkenean proba baina era berean, argi daukat duen garrantziarik ez zaiola ematen ibilbideari, eta ez naiz ari zaleei begira, profesional beraiei baizik.