2008ko “Itzuli Handien” ibilbideak – II – . Italiako Giroa

2008ko Giroko ibilbideaIkaragarria. Zoragarria. Ikusgarria… Zeuek nahi duzuen adjektiboa ipini larunbatean aurkeztu zen Italiako Giroaren ibilbideari.

Ibilbideak ez digu sekulan probaren ikusgarritasuna ziurtatuko, hori bai, lagungarri izaten da, askotan derrigorrezko ere bai, txirrindularien gogoarekin batera, eta begien aurrean dudan ibilbideari begiradatxo bat botatzeak datorren urteko maiatzean lasterketa ikusgarri batean aurrean egon gaitezkeela esaten dit.

Hitz bakar batekin definitu behar banu ibilbide hau, “gogortasuna” aukeratuko nuke. Horrek deskribatzen duela uste dut Manghen, Alpe di Pampeago, Giau, Marmolada, Vivione, Plan de Corones, Gavia, Mortirolo… dituen ibilbidea. Baina ez dira izen handiko mendate hauek bakarrik, aurreneko astean oso etapa urduri eta garrantzitsuak izango direla ematen du, Agrigenton amaitzen dena, Pescocostanzon, Cesenan… etapa zoragarriak ikusteko aukera polita izan dezakegu. Esprinterrentzat oso aukera gutxi, sarritan aurreneko astea baliatzen baldin badute ere, 2.008an garesti izango dira esprintak. Uste dut Bettini, Di Luca edo Pozzato bezalako txirrindulari batzuentzat aproposagoa izango dela aurreneko aste hau.

Aurten bada aurreko urteekin alderatuta Giroan beste aldaketa nagusi bat, erlojupekoei buruzkoa. Espezialitate honetan ihardunaldi bakarreko edizioak ezagutu ditugun arren, aurten 4 izango ditugu, taldekakoa, hasera laua eta amaiera oso arriskutsua duen Urbinokoa, Plan de Coronesera krono-igoera – diferentzia galantak izan daitezke – eta ekitaldiari amaiera emango dion erlojupeko laua. Kilometro dexente erlojupekoan baina inondik ere ez krono-espezialistentzat egokia.

Badira aldatuko nituen pare bat gauzatxo – kronoigoera Marmoladako etaparen aurretik, Mortiroloko etapa Aprican amaitzea… – baina aspaldian gustuen utzi nauen ibilbide baten aurkezpena izan dut hau, beraz laudorioetan geldituko naiz. Norbaitek oso oso nabarmen izan behar du besteen aldean indartsu azkenengo egunetan Giroa erabakita dagoela esateko. Monte Pora eta Tiranon amaitzen diren etapek ez dute, edozein dela liderra eta edozein duen aldea, inor lasaitzeko aukerarik ematen.

Eskalatzaile huts batek itzuli haundi bat irabazteko aukera aproposa izan daiteke, nahiz eta ez diren horrelako asko tropelean. Norbaitentzat aproposa iruditzen baldin bazait ibilbide hau Contadorrentzat da baina ez dakidan arren, nahiko ziur nago begiak Tourrera begira izango dituela eta ez dela Giroan izango. Pena bat.

Jadanik irrikitan nago 2008ko maiatza iristeko. A zer gozatuak hartzeko aukerak izan ditzakegun.