Marino Lejarreta

Marino LejarretaAurrera Marino,
aurrera Marino,
zu zera hobia
beste guztiak baino!
Marino Lejarreta beste guztiak baino hobea zen. Marino zen euskaldunek maiteen zuten ziklista; neuri ere gustatzen zitzaidan, nahiz eta Julian Gorospe nahiago izan.

Marino Lejarreta beste guztiak baino hobea zen. Mendian gora erraz joaten zen; itzuli handietan nabarmentzen zen, eta horri eskerrak, meritu handiko garaipenak lortu zituen. Nire lagunak, Marinozalea bera, Vuelta (a España) irabazi zuen bakarra Marino zela esaten zigun beti (ez Cabestany-k eta ez Gorospek ez baitzuten halakorik lortu). Nik, beti erantzun bera ematen nion, aitonak kontatua, noski: Angel Arroyok irabazi zuela 1982ko Vuelta hura, nahiz eta gero dopina zela-eta, deskalifikatu egin zuten.

Marino Lejarreta beste guztiak baino hobea zen. Hori da komunikabideek esaten zutena behintzat: umila zela, langilea zela, ez ziola sekula lanari ezetz esaten… Gaurko ziklismoan, pentsaezinak diren jarrerak zituen Marinok: tropelaren atzealdean joatea gustatzen zitzaion, aurrean, ukondoekin lan zikina egitea ez zitzaiolako gustatzen.

ONCEn zebilela, zenbat karrera ez ote zituzten bere taldekideek irabazi bere kontura? Tour-eko sasoia aprobetxatuta, Ordiziako karrera egitera etortzen ziren urtero ONCEkoak. Marinok, taldekideren batekin egiten zuen ihes mendia ailegatu orduko, eta gero, irabazten lagatzen zion lagunari. Niri ere, txikitan, Marinoren jokaerak txunditu egiten ninduen. Katekesian eta etxean behin eta berriro entzuten genituen kontu haiek (umila izateak saria duela bizitza honetan, hurrengoaren zai egon gabe alegia), Marinoren azalean ikusten nituen: beti lanean, inoiz protestarik egin gabe… eta karrerak irabazten!

Baina… (mundu honetan beti dago “baina”ren bat) 1990eko Euskadiko Itzulian gertatu zenak, dena argitu zidan. Marino Lejarreta, aspalditik zebilen Euskadiko Itzulian zeozer irabazteko asmotan (ez baitzuen sekula etaparik irabazi). Esprinean ez zen ondo moldatzen, kontrarrelojean ere ez zen aparta, eta beraz, mendian gora edo, ihes eginda saiatu beharra zeukan. Julian Gorospek Ibardinen irabazitako etaparen biharamunean, Marino Lejarretak alde egin zuen tropeletik, eta bere kurpilean Puertas Mavisa-ko txirrindulari bat itsatsi zitzaion. Puertas Mavisa ere ezer irabazi gabea zen Euskadiko Itzulian (eta beste itzulietan ere, gauza gutxi). Ez dakit zenbat kilometro egin zituzten ihes eginda. Mordoska. Puertas Mavisa-koak ez zion errelebo bakar bat ere eman. Marino, ordea, lan eta lan, zintzo, umil, batere kejatu gabe. Azkeneko esprinean, Puertas Mavisa-koak aurre hartu zion Marinori eta etapa irabazi zuen. Puertas Mavisa-ko zuzendariak, hara zer esan zuen etapa bukatu zenean: “El Puertas Mavisa ya no es un equipo modesto“.

Gaur ez da inor akordatzen ez Puertas Mavisa-rekin, ez zuzendariarekin, eta ezta etapa hura irabazi zuenarekin. Baina umila izate hutsarekin karrerarik ez dela irabazten, ederki ikasi nuen nik.

Bai. Marino Lejarreta, beste guztiak baino hobea zen.