Fignon

(1989-09-25)

IDAZLANA: Nire txirrindulari gogokoena.

Laurent FignonNire txirrindulari gogokoena Fignon da. Fignon gustatzen zait betaurrekoak dituelako, nik bezala. Nik betaurreko handiak ditut, Fignonek baino askoz handiagoak, eta futbolean jolasten garenean ez dut atezaina izan nahi, ze behin baloiarekin eman zidaten aurpegian eta muturrez atzera erori nintzen eta betaurrekoen kristala begian sartu zitzaidan ia-ia eta ospitalera eraman behar izan ninduten puntuak ematera. Nire amak esaten du milagroz ez nintzela itsu geratu, bastoiarekin joaten diren horietako bat bezala, eta nik uste dut bastoiarekin joatea eleganteen kontua dela, eta ez zitzaidala axolako bastoiarekin joatea, baina itsua izan gabe, noski, ze, nik txirrindulariak ikusi nahi ditut Tourmalet igotzen.

Fignonek tourra irabazi zuen behin eta aurten ia-ia berriro, baina azken momentuan galdu du, 8 segundorengatik bakarrik, eta irabazi dio Lemondek, amerikanoak, eta azken etapan gainera. Haserrealdi ederra hartu zuen nire aitak, berari ere Fignon gustatzen zaiolako, niri bezala, baina nire aitak ez ditu betaurrekoak, eta esaten du yanki madarikatua!, Lemond telebistan agertzen den bakoitzean. Nik ez nekien zer zen yankia, baina lehengoan Enekori galdetu nion eta esan zidan drogak hartzen dituena dela yankia, eta normala dela tourra Lemondek irabaztea yanki bat delako, alegia, drogadikto bat, eta drogek indarra ematen dutelako. Drogatuz gero berak ere irabaziko zuela tourra eta no te jode, esaten du gero Enekok.

Fignoni gainera suge handi bat atera zioten sabeletik eta horregatik galdu du tourra azken momentuan, hori esaten du nire aitak, baina Enekok esaten du drogengatik dela, amerikanoa yanki bat delako, baina aitak esaten du sabelean sugea zeukalako galdu duela Fignonek tourra, sugeak jaten zuelako Fignonek jaten zuen dena, eta baita edan ere, Fignonek edaten zuen dena. Bi metroko sugea atera diote Fignoni ahotik, eta nik pentsatzen dut nire artean, zenbat jaten duen Fignonek…

Niri Fignon gustatzen zait, betaurrekoak dituelako nik bezala, eta, a bai!, ezetz asmatu nor den munduko txirrindularirik azkarrena: fignooooooooonnnnnnnnnnn!