Nire Tourra

Tropela.net elkarteko kideek Tour-ari buruz zerbait idazteko eskatu eta ezpainari heldu diot. Behin izan naiz Frantziako Tour-ean, eta mota ezberdinetako oroitzapenak utzi zizkidan, ezpainekoa barne.

Tourmaleten hasiera2002an joan ginen Jon Gonzalo lankidea eta biok Tour-era, irratiak bidalita. Pirinioetako etapa batera joan, eta zaletuekin egon behar genuen, bertako giroa jasoz.

Hamaikagarren etapa Paun abiatu zen eta La Mongie eski estazioan amaitu, 158 kilometroko ibilbidea zuten txirrindulariek, eta bidean Aubisque igo behar zuten. Lankidea eta biok goizeko 8etarako iritsi ginen Sante Marie de Campan herrira, hortxe hasten dira mendateko lehen maldak. Sekulako jendetza zegoen ordu horretarako herrian, eta kotxea ahal izan genuen moduan aparkatuta, gorako bideari ekin genion, goizeko freskurak lagunduta, nahiz eta garbi zegoen eguraldi beroa izango genuela.

Aldapa hasieratik da gogorra, baina lo egin ondoren, eta ikuskizunaz gozatuz, tipi-tapa arinean joan ginen. Ikuskizuna diot ederra delako hango berezko paisaia, bertako mendiak, eta ederra da ere kirol ikuskizunak sortzen duen joan-etorria, inurritegi baten modukoa: txirrindulariak ez genituen espero arratsaldeko bostak inguru arte, eta jadanik mugimendua itzela zen: jendea gorantz, goian lo egin zuten zikloturistak beherantz gero mendia igotzeko, errepidea margotzen ari zirenak… frantziarrak, holandarrak, belgikarrak, eta euskaldunak asko.

Egin genituen kilometro batzuk gora, ez galdetu zenbat, baina izerditan jartzeko adina bai, nahiz eta egia den ez genuela guk gehiegi behar izerditan hasteko. Bide horretan batzuk eta besteak elkarrizketatu genituen, eta jai giroa nabaritzen zen, jendea pozik. Goiz parte horretan atentzioa gehien eman zidana zikloturistak izan ziren, ESAITek antolaturiko igoeran parte hartzen ari zirenak, hura da hura aldapa igotzea!!

Behin eguerditik aurrera somatzen zen jendea jada lasterketan pentsatzen hasita zegoela, lekua egokia hartu nahian batipat. La Mongie ez da oso ohikoa etapa amaiera moduan Tour-ean, Tourmaleteko bide bera delako ziurrenik, eta zergatik gelditu bide erdian aurrera jarraituz gero Tourmalet baldin badago, ezta? Hori pentsatuko dute antolatzaileek, baina ez urte hartan. Gu joan ginenean, bigarren aldia zuen La Mongiek amaiera moduan, lehenago 1970ean izan zen, Bernard Thevenet gaztearen garaipenarekin orduan.

Goizeko freskura sano hura ahaztua zegoen ordurako, eguzkia bromarik gabe ari zitzaigun berotzen, hura da eman beharra!! eta zuhaitzek eskainitako gerizpe gutxi gure inguruan. Mikrofono, grabagailu etabarra bagenuen, baina eguzkitarako kremarik ez, zertarako, ezta? burugabe galantak gu!!

Arratsaldeko 4ak aldera errepidean behera lehen zaratak entzuten hasi ginen, ba ote datoz txirrindulariak? Nabari zen lehen urtea genuela Tour-ean, lehenik karabana igarotzen dela ez jakitea ere!!

Hura da festa, era guztietako kotxeak, zaharrak eta berriak, publizitatea egiteko imajina ditzakezuen modu guztiak, musika, mozorroak, denak balio du Tour-eko zirko handian. Jendea piztu zuen ikuskizun hark, edo agian txirrindulariak gero eta hurbilago zirela jakiteak.

Eta iritsi ziren. Errepide bazterrean jarrita geunden eta jendearen arteko marmarra hasi zen, “han datoz” esan zuen batek, “denak elkarrekin, tropelean” beste batek. Eta animu oihuak ondoren. Ziztu batean igaro ziren gure aurretik, maldan gora joanagatik ez uste txirrindulariak patxadaz ikusteko modua dagoenik, abiadura ederra eramaten dute horiek!!

Lance Armstrong La Mongien (2002)Lance Amstrong Pirineotako jaun ahaltsua ikusi nuen, Joseba Beloki, patuaren eta amerikar garaitezinaren aurrean belaunikatu nahi ez eta bigarren izatearekin konformatu beharrean borrokan kementsu aritu zena. Rumsas, Heras, Basso, eta gureak: Igor Gonzalez Galdeano, Unai Osa, edo Haimar Zubeldia igaro ziren aurrealdean. Baina dena da Tour-a, baita tropelaren atzealdekoak ere, hura da sofritzea, norberaren eta errepidearen aurka borroka egitea. Errespetuz begiratu nituen txirrindulariak, ez dakit animuak eskertu edo gorrotatu egiten zituzten, ez dakit isiltasuna ez luketen gehiago nahiagoko, auskalo.

Bukaera iluntzean telebistaz ikusi genuen. Amstrong-ek irabazi zuen etapa eta mailot horia jantzi. Bere laugarren tour-a irabazi zuen urte hartan. La Mongien bigarren Joseba Beloki izan zen, eta Heras hirugarren. Txirrindulari guztiak gure aurretik pasa zirenean, zaletu bakoitzak bere bidea hartu zuen, batzuk beherantz, besteak autokarabanak zituzten lekuetara, askok hurrengo etapa igarotzen zen mendiren batera.

Eta urteak igaro diren honetan, oroitzapen polita utzi dit niri egun hark, izan ere, kirola gauza asko dira, negozio hutsa sarritan, jendearen portaerarik makurrena agertzeko aitzakia batzutan, eta ilusioa eta esfortzua beti. Horixe ikusi nuen nik, ilusioa, zaletu haiek sekulako zoriontasuna zuten Pirineotako malda hartan, denentzat zeuden animuak, ez zegoen keinu txarrik inorentzat. Eta esfortzua, txirrindulariena, malda hartan ez baitago ezkutatzerik, bakoitza dena han agertzen da, eta azkenak ere errespetua jasotzen du esfortzuaren trukean. Horra nire oroitzapenak.

Horiek, eta eguzkitako babesik ez erabiltzeagatik etxera ekarri nuen erredura, ezpainean. Orain, kontu handiz zaindu behar izaten dut, eta sarritan lata ederra ematen dit.

Tour-era joan behar baduzue, nire aldetik bi gauza ez ahazteko esango nizueke: eguzkitarako babesa, eta esfortzu handiz barruan duen dena zintzotasunez ematen ari den kirolariarekiko errespetua.