Pello Ruiz Cabestany ez zen Marino Lejarreja bezain ona mendian gora, eta ezta Julian Gorospe bezain kontrarrelojista ona ere. Baina bera zen txikitan elkarrekin ibiltzen ginen hirukotean, hirugarrenak maiteen zuen ziklista. Egia esan, Pello Ruiz Cabestany ziklista “sinpatikoa” zen.
Gure aitona zenari ere asko gustatzen zitzaion ziklista zen; beti izaten zituen gure aitona zenak gustatzen zitzaizkion deportista nahiz jende ospetsuen bizitza nabarmenduko zuten kontakizun eta istorioak. Nahi al duzue jakin Cabestany-rena zein zen? Ba hauxe: donostiarra izanik (nahiz eta gurasoak eta familia katalanak zituen, baina hori orain ez zaigu inporta), esnea banatzen aritzen zela Donostia inguruko baserrietan, marmitak bizikletatik zintzilik zituela, eta modu horretan trebatu zela bizikleta gainean. Izan ere, badakizue zenbat eta zenbat aldapa igo behar diren Donostia inguruko baserrietara ailegatzeko!
Ez dut nire denboran aitona zenaren mito hura konprobatzeko ahaleginik egin. Nik uste, txikitan gure etxera esnea ekartzen zuen esnezalea izan zuela gogoan istorio hura asmatu zuenean; hura bai, neuk ere gogoan dut nola jaisten zen Aiako baserritik Zarautza, hankak zabal-zabal zituela bizikleta gainean, marmita bana bizikletaren alde bakoitzean zekarrela. Hark bai meritua, gero bueltan aldapa hura bizikleta gainean igoko bazuen!
Seguru gure aitona zenari ere “sinpatikoa” irudituko zitzaiola Pello Ruiz Cabestany. Euskaraz ez zekien baina, aitona holakoetan zorrotza izanagatik, euskaraz hitz batzuk egiten entzun zionetik “horrek euskeraz ere ondo egingo du” eta antzeko komentarioak entzuten genizkion. Kuriosoa da, baina garai hartan euskararen alde egin zen kanpaina hartan akordatzen naiz Maria Luisa Irizar korrikalaria eta Arkonada Realeko portero famatua jarri zituztela kartelean, eta haien ondoan zein eta… Pello Ruiz Cabestany.
Zein jarriko zenukete ba zuek? Marino Lejarreta ziklista ona bai, eta itzultzaile ona ere bai italiarrei elkarrizketa egin behar zitzaienean, baina kamara aurrean hura baino sosoagorik! Julian Gorospe ere ez da sekula puntakoa izan kamara aurrean. Baina Cabestany bai; azkar nabarmendu zen, behin profesional izateari laga zionean, periodikoan artikuluak idazten eta telebistan hitz egiten. Ez zuen Gorospek eta Lejarretak bezala zuzendari bidea hartu, baina beste inor baino gehiago ikusi dugu klase guztietako ekitaldietan: fondoko eskia egiten, “triatloi zurian”, “La selva de los famoS.O.S.” hartan ere bai… liburu bat ere idatzi zuen-eta! Dudarik gabe, Pello Ruiz Cabestany izan da aurreneko “euskal” ziklista mediatikoa, komunikabideak bere interesen arabera ondoen erabiltzen jakin izan duena.
Ah! Ez dut batere idatzi haren ziklista garaiko kontuez, baina inor mindu ez dadin aitortu behar da karrera batzuk irabazi zituela (horien artean, Tourmalet-en bukatu zen Tour-eko etapa bat; han bukatu edo handik aurrena pasa, ez naiz akordatzen… eta Euskal Herriko Itzuli bat ere bai).