Pello Ruiz Cabestany

Cabestany Seat taldeanPello Ruiz Cabestany ez zen Marino Lejarreja bezain ona mendian gora, eta ezta Julian Gorospe bezain kontrarrelojista ona ere. Baina bera zen txikitan elkarrekin ibiltzen ginen hirukotean, hirugarrenak maiteen zuen ziklista. Egia esan, Pello Ruiz Cabestany ziklista “sinpatikoa” zen.

Gure aitona zenari ere asko gustatzen zitzaion ziklista zen; beti izaten zituen gure aitona zenak gustatzen zitzaizkion deportista nahiz jende ospetsuen bizitza nabarmenduko zuten kontakizun eta istorioak. Nahi al duzue jakin Cabestany-rena zein zen? Ba hauxe: donostiarra izanik (nahiz eta gurasoak eta familia katalanak zituen, baina hori orain ez zaigu inporta), esnea banatzen aritzen zela Donostia inguruko baserrietan, marmitak bizikletatik zintzilik zituela, eta modu horretan trebatu zela bizikleta gainean. Izan ere, badakizue zenbat eta zenbat aldapa igo behar diren Donostia inguruko baserrietara ailegatzeko!

Ez dut nire denboran aitona zenaren mito hura konprobatzeko ahaleginik egin. Nik uste, txikitan Continue reading “Pello Ruiz Cabestany”

Marino Lejarreta

Marino LejarretaAurrera Marino,
aurrera Marino,
zu zera hobia
beste guztiak baino!
Marino Lejarreta beste guztiak baino hobea zen. Marino zen euskaldunek maiteen zuten ziklista; neuri ere gustatzen zitzaidan, nahiz eta Julian Gorospe nahiago izan.

Marino Lejarreta beste guztiak baino hobea zen. Mendian gora erraz joaten zen; itzuli handietan nabarmentzen zen, eta horri eskerrak, meritu handiko garaipenak lortu zituen. Nire lagunak, Marinozalea bera, Vuelta (a España) irabazi zuen bakarra Marino zela esaten zigun beti (ez Cabestany-k eta ez Gorospek ez baitzuten halakorik lortu). Nik, beti erantzun bera ematen nion, aitonak kontatua, noski: Angel Arroyok irabazi zuela 1982ko Vuelta hura, nahiz eta gero dopina zela-eta, deskalifikatu egin zuten. Continue reading “Marino Lejarreta”

Julian Gorospe

Julian Gorosperen zalea izan naiz beti. Ez dakit zergatik; akaso, nire lagun minek bazutelako bakoitzak bere ziklista: Pello Ruiz Cabestany zen batena, eta Marino Lejarreta bestearena. Nik ere behar nuen bat, nirea bakarrik izango zena. Julian Gorospe planta onekoa zen, kontrarrelojista bikaina, eta hiru-lau egunetako karreretan oso ondo moldatzen zena.

Julian Gorospe euskalduna zen (euskaraz jakin eta hitz egiten zuena, alegia); hori ezinbestekoa zen gure artean, euskaldunak inor baino hobeak baikara, eta gainera, euskarak karrerak irabazten laguntzen baitu. Continue reading “Julian Gorospe”