Mobi-Bike eguna: haur minbizidunak laguntzeko eguna bizikletaz Zarautzen

Mobi-bike eguna. AspanogiIgande honetarako Aspanogik (Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartea) Mobi-bike eguna antolatu du. Jai giroan eta bizikleten bueltan egun berezi hau ospatuko da Zarautzen eta ateratzen duten diru guztia elkartearentzako izango da.

Bizikletari lotutako eguna izango da batez ere igandekoa, bizikleta eta etxeko txikienak lotzen dituena: BTT ibilaldia izango da, Zarauzko I. triatloi txikia, bizikletaz aritzeko zirkuitu ezberdinak eta bizikletaz Zarautz inguruetan aritzeko aukera. Arratsalderako Pirritx, Porrotx eta Marimototx-en ekitalddia ere izango da (emankizunerako sarrera ordaindu beharko da).

Ekitaldi honetan Orbea Orca bizikleta bat zozketatuko da. Horretarako euro bateko salneurrian txartelak daude salgai. Tropela Elkartea Mobi-Bike egunari bere atxikimendua adierazten dio eta Tropela.net-eko erabiltzaileen artean bizikleta honen zozketarako 20 txartel zozketatuko ditugu. Txartelak eskuratzeko Twitter bidez zuen mezuak bidali beharko dituzue egun honen inguruko aipamenen bat eginez. Ez ahaztu #tropela eta #mobibike etiketak txertatzea mezuan bestela ez baitzarete zozketan sartuko. Mezuak bidaltzeko epea larunbat eguerdiko 14:00tan amaituko da. Garaileak zein izango diren larunbat arratsaldean emango dugu jakitera Twitter bidez.

Igandean egun polit bat izango denaren esperantzan ondo pasatzera gonbidatzen zaituztegu Zarautzera.

Tropela.net 2010 sari banaketa ekitaldi arrakastatsua

Tropela.net 2010 sariak. Sarituekin argazkia

Arrakastatsutzat jotzen dugu pasa den ostiralean (urriak 8an) izan genuen sari banaketa ekitaldia izan ere jende andana bildu baikinen bertan. Gure kalkuluen arabera 70 lagunetik gora izan ginen bertan eta hori eskertzekoa da. Eskerrik asko etorri zineten guztioi; arratsalde on bat pasa izan zenutelakoan gaude.

Tropela.net 2010 sariak. Amets, Haimar eta ArritxuArritxu Iribarrek gidatu zuen 2010eko sari banaketa ekitaldia. 50 saritik gora genituen banatzeko eta horretarako laguntza ezin bestekoa genuen. Aurtengoan ere Haimar Zubeldia eta Amets Txurrukaren laguntza bikaina izan genuen sari guzti horiek banatzeko. Eta amaitzeko, pintxo eta edariez gozatu aurretik, Agin Rezola eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek zenbait bertso eskaini zizkien bertaratutako guztiei.

Bertsolarien aurretik Egoitz Lizasok Tropela Elkarteko ordezkari gisa amaitu berri den 6. denboraldi honen inguruan azalpenak ematen aritu zen: lehiaketa kopuruen gorakada, urteko sailkapenari emandako garrantzia, parte hartze igoera, euskararen presentzia altua … eta batez ere bai euskal txirrindulariei, bai laguntzaile eta babesleei eta, nola ez, parte hartzen duzuen guztioi eskerrak eman zituen.

Eskerrik asko guzti guztioi zuen laguntza eta babesagatik. Honek guztiak aurrera egiteko indar berritzen gaitu.

Tropela Sariak 2010

Tropela Sariak 2009 ekitaldia

Aurtengo Tropela.net 2010eko Sari Banaketa ekitaldia Zarautzen izango da urriaren 8an. Zehazki, ekitaldia Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan izango da eta ekitaldiari arratsaldeko 18:30tan emango zaio hasiera.

Sari banaketan Paris-Niza, Euskal Herriko Itzuli, Ardenetako Hirukote, Italiako Giro, Dauphine Libere, Frantziako Tour eta Donostiako Klasikoko sailkapen nagusian sarituak izango dira, eta hauez gain Espainiako Vueltan eta Munduko Txapelketan irabazle izango direnak. Beraz, oraindik guztiz erabaki gabe daude sari banaketara etorri behar dutenak. Zehazteko, ondorengo hauek izan behar dute sari banaketa ekitaldian:

1. Paris-Nizako sailkapen orokorreko garailea

2. Euskal Herriko Itzuliko sailkapen orokorreko garailea

3. Ardenetako Hirukoteko sailapen orokorreko garailea

4. Italiako Giroko sailkapen orokorreko lehen 3 postuetan sailkatutakoak

5. Dauphine Libereko sailkapen orokorreko garailea

6. Frantziako Tourreko sailkapen orokorreko lehen 16 postuetan sailkatutakoak

7. Donostiako Klasikoako garailea

8. Espainiako Vueltako lehen 3 postuetan sailkatutakoak

9. Munduko Txapelketako irabazlea

10. Tropela 2010 urteko sailkapeneko lehen 15 sailkatuak (lehiaketa guztiak amaitu eta gero, noski)

Hauei guztiei email bidez bidaliko dizuegu sari banaketa ekitaldirako gonbidapena.

Sari banaketa ekitaldia Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kirol esatariak aurkeztuko du eta berarekin txirrindulari profesionalen bat edo beste izango dugu sariak banatzeko lanetan. Ekitaldia borobiltzeko zizka mizkak eta edariak ere izango dira etorriko zareten guztiontzat.

Sariak gehitzen!!

2010eko sariakOrain arte jokatu diren lehiaketa guztietan sariak banatu ditu eta oraindik beste zenbait ditugu banatzeko, batez ere Urteko Sailkapenekoak.

Azken egun hauetan sari gehiago emateko aukera eskaini zaigu eta guk zuen artean banatu nahi ditugu. Sari berri horiek Vueltan eta Urteko Sailkapenean gehitu ditugu berriki. Era honetan Vueltako lehen hiruek sariak jasoko dituzte eta Urteko Sailkapenari dagokionez, berriz, lehen hamabost erabiltzaileak.

Bizikleta, bizikletarako ekipamenduak, otorduak, otarrak… izango dira banatuko ditugun sariak. Sari hauek guztiak sarien atalean ikus ditzakezue.

Sari banaketa ekitaldia

Sari guztiak sari banaketa ekitaldian banatuko ditugu. Aurtengoan urriaren 8an izango da sari banaketa ekitaldia. Saritu izan zaretenok sariaren bila ekitaldira etortzera gonbidatuak izango zarete.

Aurtengo Tourraren balantzea: Fair Play-az kokoteraino!

Tourreko podiuma 2010Tourraren ajea oraindik pasa gabe dutela, bero-beroan aritu zaizkigu gure solaskideak. Gaurkoan, saio berezia izaki, Iosu Garate (@iosugarate) elkartu zaie Egoitz Lizaso (@elizaso) eta Oihan Odriozolari (@oodriozola). Hiruren artean errepaso bikaina eman diote hiru aste hauetan gertatuko ekintza aipagarrienei eta ahotan izan duten Tour osoan zehar entzun dugun Fair Play edo kiroltasuna. Idatzi gabeko arau horietaz kokoteraino daudela ere komentatu dute eta Tour honetako bi indartsuenen (Contador eta A.Schleck) laguntasuna ez dela oso naturala izan iruditu zaie.

Saioa luze joan da eta bertan, Tour honetan loreak merezi dituztenak zein izan diren (Cavendish, Petacchi, Cancellara, Purito, Hesjedal) eta huts egin dutenak zein izan diren (Armstrong, Basso, Wiggins, Evans, Freire eta euskaldunak oro har) banan-banan aztertu dituzte. Tropelako multzoak ere jorratzeko astia hartu dute eta azkenean umore puntu batez amaiera biribila eman diote saioari. Ea zeuen gustukoa den.

Podcasta entzuteko sakatu hurrengo botoitxoan.

[audio:http://bloga.tropela.eus/wp-content/uploads/2010/07/tropelanet_tourra2010_berezia.mp3|titles=Berezia]

MP3a deskargatu

Aurreko podcastak (Bertan aurkituko dituzu aurreko etapetako podcastak ere):
– Tourreko 20. etapa

Argazkia: ciclismo2005.blogspot.com