iPad 2 zoragarri bat eta iPod Touchak Tropelan!!

2011ko denboraldia hastera doa, Tropelaren 7. denboraldia izango dena hain zuzen ere. Hori dela eta aurtengoan sari bereziak jartzea erabaki dugu jarraitzaile guztiok merezi duzuelakoan baikaude: iPad 2 bat eta bi iPod Touch! Ez dira, noski, sari bakarrak izango eta gehiago biltzen goazen heinean jakin arazten joango gatzaizkizue.

Iaz bezala Urteko Sailkapenari garrantzia eman nahi diogu. Honez gero jakingo duzuen moduan, sailkapen hau denboraldian zehar jokatuko diren lehiaketetan batutako puntuekin osatuko da.

2011ko Urteko Sailkapeneko irabazlearentzat atzo aurkeztu zuten iPad 2 zoragarri bat izango da! Lehia zaila izango da, beraz, hasiera hasieratik lehiaketei ondo ekiteak bere garrantzia izango du. Continue reading “iPad 2 zoragarri bat eta iPod Touchak Tropelan!!”

Urte berri on! 2011ean Tropela gehiago!

Tropela.netUrte berri on guztioi!! 2010a urte oparoa izan da ba Tropelarentzat eta zuei eskerrak eman nahi dizkizuegu horretan lagundu izanagatik.

2010ean 9 lehiaketa antolatu genituen. 2010eko martxoaren 7an ekin genion lehen aldiz Paris-Niza lasterketarekin. Ondoren Euskal Herriko Itzulia, Ardenetako Hirukotea (hau ere berria), Italiako Giroa, Dauphine Libere (hau ere berria), Frantziako Tourra, Donostiako Klasikoa, Espainiako Vuelta eta Munduko Txapelketa izan ziren. Munduko txapelketan ere aldaketan izan genituen eta 2010ean erlojuaren kontrako saioa ere puntuagarria izan zen. Lehiaketa guzti hauekin Urteko Sailkapena osatu genuen.

Lehiaketa guztietan gutxienez 5.000 kiniela izan genituen 2010ean eta errekorra, orain arte izan den bezala, Frantziako Tourrean izan genuen 11.541 kinielarekin. Bataz beste lehiaketa bakoitzean izandako parte hartzaile kopurua 7.000 kinielatakoa izan zen. Urte guztian izandako kiniela kopurua, berriz, 63.102 kiniela izan dira.

Guztion artean sari ugari banatu genituen 2010ean ere: bizikletak, otorduak, maillotak, ekipamenduak,… eta guztia doako parte hartzea izan arren.

Blogari dagokionez, 143 berri idatzi ditugu 2010ean gure blogari taldeari esker eta hainbat iruzkin jaso ditugu. 2010eko berrikuntza Tourrean grabatutako podcast-ak izan ziren; ia 2011ean ere podcast-ekin jarraitzeko aukera izaten dugun.

Sare sozialetan ere aritu gara 2010ean. Facebook-en 1.307 lagun ditugu eta 1.425 lagunek gustuko dute Tropela. Twitterren, berriz, 234 jarraitzaile ditugu.

Google-etik ere datu batzuk atera nahi izan ditugu. 2010ean 982.000 bisitatik gora izan ditugu. Bisitari bakarrak 162.000tik gora izan dira eta 5.000.000tik gora izan dira deskargatutako orrialdeak. Datu bikainak direla iruditzen zaigu euskara hutseko webgunea izanda eta hau guztia zuen fideltasunagatik izan da. Eskerrik asko guztioi!

Dagoeneko 2011erako prestatzen

Sartu berri garen 2011ean berrikuntzak izango direla aurreratu nahi dizuegu. Webgunean bertan aldaketatxo batzuk egingo dira eta laster izango dituzue ikusgai. Sorpresaren bat edo beste ere izango da, beraz, adi izatea gomendatzen dizuegu.

Ia 2011a iazkoa bezain oparoa izaten den! Txirrindularitzaz elkarrekin gozatzeko prest izango gara 2011ean ere! Urte berri on!

“Praktika egokiak gutxitutako hizkuntzen eta IKTetan sustatzeko” biltzarreko aurkezpen bideoa

Dagoeneko jarri dituzte biltzarreko bideoak ikusgai Leizaola Elkargokoek. Hemen gehitzen dizuegu gu izan ginen mahaiko bideoa. Egoitzen parte hartzea 18. minutu inguruan aurkitzen da eta hitz egin zuen guztiaren lehen zatia soilik aurkitzen da.

Bideoan guztia agertzen ez denez, hemen dituzue gure aurkezpena. Biltzarraren inguruko informazio gehiago nahiko bazenute aurreko post batean irakur dezakezue.

Tropela hizkuntza gutxituen inguruko biltzar batean izango da

2010_hizkuntza_gutxituean_biltzarraEuskalduna Jauregian izango den biltzarraren izenburua “Gutxitutako Hizkuntzen erabilera Teknologia Berrietan sustatzeko praktika egokien biltzarra” da. Leizaola Fundazioak antolatzen duen biltzarra azaroaren 18 eta 19an izango da eta Tropela Elkarteak laugarren mahai inguruan hartuko du parte, ostiral goizeko emanaldian.

Tropela Elkartean biltzarrean parte hartzeko gonbidapena gustu handiz jaso genuen. Hizkuntzalari eta soziolinguista garrantzitsuek hartuko dute parte. Horietaz gain Google, Microsoft edo Facebook-eko ordezkariak ere izango dira besteak beste.

Teknologia berrietan euskararen erabilera sustatzeko garatutako egitasmo arrakastatsuenen bi aurkezpen izango dira. Bat ostegun arratsaldeko saioan eta bestea ostiral goizean. Guri, aurrez esan bezala, azaroaren 19an, ostirala, goizeko 11:45etan egokitu zaigu.

Biltzarraren inguruko informazio gehiago nahiko bazenute hemen gehitzen dizuegu esteka bat.