Pinottik irabazi du Milango erlojupekoa, eta Hesjedalek etxeratu du maglia arrosa, 16 segundorengatik. Rodríguez eta De Gendt izan ditu kanadiarrak ondoan podiumean. Mikel Nievek hamargarren postuan bukatu du Giroa.
Giau, Manghen, Alpe di Pampeago, Mortirolo eta Stelvio –beste batzuen artean- igo ostean, 16 segundo besterik ez dira izan sailkapen nagusiko lehen bien artean. 200 metro inguru falta zitzaizkionean Rodriguezi jabetu da Hesjedal itzulia berea zela. Ordura arte, denbora erreferentziak bere aldekoak izan arren, ezin lasaiegi arnas hartu, badaezpada ere. Hori da marka. Azken etapan ez da ezusteko handirik izan. Izan ere, Hesjedal Rodríguez baino hobeto moldatzen da erlojuz kontra eta hori baliatu du Giroa eskuratzeko. Continue reading “200 metro, 16 segundo”
Kirol kazetari batek lelo bihurtu zuen honako esaldia duela urte batzuk : “Bizitza zoragarria izan daiteke”. Ezin aproposagoak dira hitzok Giroko gaurko etapa deskribatzeko. Balentria handia egin du Rabottinik. Ehun bat kilometro bakar-bakarrik egin ditu eta azkenean, etapa garaipena lortu du. Faboritoen artean, Rodríguez izan da onena eta maglia arrosa jantzi du berriro. Basso, Scarponi eta Kreuziger orpoz orpo sartu dira -14 segundoren bueltan da hirukotea-. Mikel Nieve eta Beñat Intxausti onenengandik oso hurbil helmugaratu dira. Pozzovivok, Uranek eta Rujanok, ordea, kale egin dute Pian dei Resinellin bukatutako etapan. Euria izan dute bidelagun ziklistek, eta oso ibilbide gorabeheratsua.
Denboraldia apurka-apurka aurrera doa. Paris-Niza, Tirreno Adriatiko, Euskal Herriko Itzulia, udaberriko klasikoak. Giroaren atarian gaude jada. Eta Schlecktarren arrastorik ez dugu. Tourra itsu-itsuan prestatu nahi omen dute eta gainerako lasterketa guztiak bigarren mailakoak omen dira haientzat. Tira, espero dezagun sikiera Suitzako Itzulian haien dohainez gozatzea…
Batez ere Euskal Herriko Itzuliaren harira, han eta hemen entzun dugu Miguel Madariaga Euskaltel Euskadiren managerra. Agur kutsua izan dute bere adierazpenek, inondik ere. Talde laranjaren etorkizuna datozen hilabeteetan argituko da, baina Madariagak argi utzi du bera ez dela bertan ariko.
Euria ari zuen goian behean 2003ko Euskal Herriko Itzuliko azken etapan ere. Hondarribiko itsasargira igo ziren ziklistak erlojuz kontrako lehian. Orduko hartan Iban Mayok irabazi zuen. Euskaltel-Euskadiren lehen garaipena izan zen etxeko itzulian, eta asko ginen bizkaitarra Tourrean Armstrong bera kate motzean lotuko zuela pentsatzen genuenok. Gaur, Samuel Sanchezek bigarrena erdietsi du, duela bederatzi urte bezala euripean.