Euripean lehena, eta euripean bigarrena

Euria ari zuen goian behean 2003ko Euskal Herriko Itzuliko azken etapan ere. Hondarribiko itsasargira igo ziren ziklistak erlojuz kontrako lehian. Orduko hartan Iban Mayok irabazi zuen. Euskaltel-Euskadiren lehen garaipena izan zen etxeko itzulian, eta asko ginen bizkaitarra Tourrean Armstrong bera kate motzean lotuko zuela pentsatzen genuenok. Gaur, Samuel Sanchezek bigarrena erdietsi du, duela bederatzi urte bezala euripean.

Sailkapen nagusia bakarrik ez; erlojuz kontrako etapan ere gailendu da Sanchez. Lanerditarako lasai egoteko aldea bazuen Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak hasiera batean aurkari arriskutsuenak izan zitezkeenekiko, Rodríguez eta Martinekiko. Ibilbidearen erdian, baina, azkarrena Mollema holandarra izan da. Bigarren zatian, Sanchezek abantaila handitu du kontrarioekiko eta Mollema gainditzeko gauza ere izan da.

Sanchezen atzetik, Rodríguez sailkatu da azken sailkapenean (12 segundora). Eta asturiarrarekin eta kataluniarrarekin batera Mollema bera igo da podiumera (42 segundora). Gaurko erlojupekoaren ibilbideak zeresana eman du; niretzat behintzat, ibilbidea arriskutsuegia izan da, eta are arriskutsuagoa bihurtu da euriaren erruz.

Bi ziklista beterano aritu dira lehian nor baino nor: Sanchez eta Purito Rodriguez. Dena dela, txirrindulari gazte batzuek aipamena merezi dute. Oñatiko etapan hordagoa jo zuen Kiserlovski kroaziarrak, kasu. 25 urte ditu, eta Giroan lehen hamarren artean sailkatutakoa da; ziklista dago, eta gauzak ondo, Astanako taldeburua behar du itzuli handietan, Kreuzigerrekin batera. Poels ere ezagutzen genuen Euskal Herriko Itzulia hasi aurretik, baina 24 urteko holandarra lotsagabe aritu da; lehen etapan esprintean sartu zen eta Ibardinen erasoa jo zuen azken aldapan. Henaok ere dir-dir egin du.  Kolonbiarrak iaz Utah-ko Tourrean, AEBetan, bi etapa irabazi zituen, baina emaitza haiek urrunekoak dira guretzat. Oraingoan, ordea, bertatik bertara ikusi dugu kolonbiar gazteak dohainak badituela. Mollema urtez urte aurrera egiten ari da; iaz, laugarren sailkatu zen Espainiako Vueltan eta gaur World Tourreko itzuli batean podiumera igo da. Gesinkek argi ibili beharko du, bestela Mollemak taldeburu postua ken diezaioke Tourrean…

Zeharka izan bada ere, Euskaltel-Euskadiko manager Miguel Madariaga ere protagonista bilakatu zaigu. Arantzazun izan da goizean, txirrindularitza taldea duela 19 urte aurkeztu zuten leku berean. Taldearekin zer gertatuko den ez du argitu, baina bere hitzak, nire iritziz behintzat, ezkorrak izan dira. Izango dugu denbora, ziur, datozen egunetan horri buruz luze eta zabal hitz egiteko.

Antolakuntzari ere berea. Ibilbide ikusgarria osatu dute, eta Ibardinena azken urteetan ikusitako etapa ikusgarrienetakoa izan da; ez bakarrik azken aldapa, azken 60-70 kilometroek pega-pega eginda izan zituzten zaleak telebistaren aurrean. Erlojuz kontrakoak, ordea, ez du jende asko asebete. Aldapa politak eta ikusgarriak jarri dituzte, bai, baina arestian aipatu bezala jaitsiera bat edo beste sobera zegoen, nire ustez behintzat. Gainerakoan, Euskadi Txirrindularitza Elkartearen zuzendaritzan aldaketa izango da datorren urteari begira; Jaime Ugartek erretiroa hartu eta lema utziko du. Bide batez, antolakuntzari nahi bat: lehenbailehen gure itzuliko webgune ofiziala euskaraz irakurriko ahal dugu!

Eta azkenik, eskerrik asko Tropelak antolatutako lehiaketa honetan parte hartu duzuen guztioi. Batzuk ondo, beste batzuk eskasago, baina denok gozatu dugu txirrindularitzaz elkarrekin, eta euskaraz. Beste behin. Laster arte!

Argazkia: Susanne Goetze /cyclingside.com